GAUR8

Mugiment Mahaia aurkeztu du Lakuak, ariketa fisikoa eta ongizate integrala sustatzeko foroa

Ariketa fisikoa eta ongizatea sustatzea helburu duen Mugiment Mahaia izeneko foroa aurkeztu du Lakuako Gobernuak Zornotzan. Sektore ezberdinetako eragileen parte hartzea izango du eta 2025-2030 Mugiment Ekintza Planaren konpromisoak betetzen direla bermatu beharko ditu.

Mugiment Mahaiaren aurkezpena, Zornotzan. (IREKIA)

Ibone Bengoetxea Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak Mugiment Mahaia aurkeztu du asteazken honetan Zornotzako Zelaieta zentroan, ariketa fisikoa eta ongizate integrala sustatzeko foro bat.

Aurkezpenean ehun bat pertsona izan dira, aurrerantzean Mugiment Mahaia osatuko dutenak, euskal erakundeetako ordezkariak, Ariketa Fisikoaren sektoreko eragileak eta berrikuntza gisa eta mahaiaren zeharkako izaera dela eta, euskal gizartearen ongizatearekin inplikatuta eta konprometituta dauden hainbat sektoretako eragileak.

Sailburuak zehaztu duenez, Lakuako Gobernuaren ekintza ardatz nagusietako bat da «pertsonak beren politiken erdigunean jartzea», eta, horretarako, legegintzaldi honetan hartutako konpromiso nagusietako bat da «euskal gizartea ongizatean modu integral batean hazteko ekintzak abian jartzea».

«Argi dugu ongizate integralak barne hartzen dituela pertsonen osasun fisikoa eta emozionala, eta datozen urteetarako gure agenda gidatu behar du. Gure helburua benetako gizarte aldaketa sortzea da, ekintza aukerak eskainiz, sinergiak sortuz eta inplikatutako eragile guztiekin modu koordinatuan lan eginez. Hori da Mugiment programaren espiritua, eta gaur, esparru horren barruan, Mugiment Mahaia sortu da», adierazi du.

Ildo horretan, Bengoetxeak azpimarratu du Mugiment «koordinazio eta aholkularitza foro bat» izango dela, «2025-2030 Mugiment Ekintza Planean jasotako konpromiso zehatz eta neurgarriak eztabaidatu, lehenetsi eta betetzen direla bermatzeko».

Plan horren oinarriak Gobernu Kontseiluan eta Gasteizko Legebiltzarrean partekatu dira, eta orain Mahaiari aurkeztuko zaizkio ekarpenak jasotzeko.

Mahaiaren funtzionamendua bi formatutan egingo da nagusiki: banakako bilerak eragile bakoitzarekin eta bilerak gaikako taldeen arabera. Mahaia urtean bitan bilduko da, gutxienez, osorik, urteko ebaluazio- eta jarraipen-txostenekin bat etorriz.

Jarraipen interaktiboa egiteko aplikazioa

Ariketa Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Gorka Iturriagak Mugiment 2025-2030 Ekintza Planaren oinarriak aurkeztu ditu, eta ekimenarekin lotutako aplikazio informatikoaren berri eman du. Aplikazio horrek Planean inplikatutako eragile guztiek hartzen dituzten konpromisoen jarraipen interaktiboa egiteko balioko du.

Helburua da erakunde eta eragile bakoitza planera batzen joatea, aplikazioan bere konpromisoak atxikiz, eta, horrela, konpromiso bakoitzaren betetze-mailaren jarraipen pertsonalizatua egin ahal izatea.

«Gaur hemen biltzen garen eragile eta erakunde guztien artean, gure jakintza, baliabideak eta, batez ere, auzolana pertsonen ongizateari emateko aukera dugu. Tresna berri horri esker, erakunde guztietako ekimen eta konpromiso guztiak bilduko ditugu, eta, horrela, herrialde begirada bat lortuko dugu», azpimarratu du Gorka Iturriagak.

Datozen hilabeteetan, Lakuako Gobernua banan-banan bilduko da Mugiment Mahaiak baieztatzen duen eragile eta erakunde bakoitzarekin, Planari egindako ekarpenak jasotzeko eta plataformari konpromisoak eta ekimenak igotzeko laguntza teknikoa eskaintzeko.

Mahaia 2026ko lehen hiruhilekoan bilduko da berriro, Eusko Jaurlaritzak urteko txosteneko datuak parteka ditzan.