2025 URR. 25 - 00:00h Hiriko zuhaitzak Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA Ula Iruretagoiena Busturia Arkitektoa Hiriko zuhaitzek maitale eta aurkakoak dituzte. Azken urtean zenbait zuhaitz mozketak mobilizazio sozialak mugiarazi ditu, eta aldi berean kimaketa lan handiak eskatzen ditu, herritargoak zuhaitzen gehiegizko itzal edo molestia eragile izateagatik. Paraleloan, hirietako plangintzan geroz eta adostasun maila handiagoa dago baieztatzeko hirien bizi-kalitatean eragiteko, zuhaitza, eta zehazki zuhaitz-basoak, funtsezkoak direla. Itzalik hoberena eta freskotasuna lortzeko elementurik eraginkorrena zuhaitza da. Dibertsitatea eta CO2 isurketak orekatzeko eta airearen kalitatea hobetzeko modurik eraginkorrena zuhaitza da. Zuhaitz artean bizitzeak gure gorputzaren arterien tentsioan eragin positiboa duela ere esan dute. Gizakien bizitza hirietan zuhaitzarekin batera elkarbizitzan egon behar litzateke, ez dago dudarik, eta beraz, ikasi beharko dugu zuhaitzak sortzen dituen gatazkak kudeatzen eta zuhaitzak ondo bizitzeko baldintzak sortzen. Zuhaitzen inguruko liburuak inoiz baino kopuru handiagoan argitaratzen dira; denetarikoak daude, zuhaitzen fisionomiaz, zuhaitzen inteligentziaz, komunitatea eratzeko gaitasunaz, zuhaitzen onurez. Arbolazaintzaren goraldian gaude, geroz eta formakuntza zehatzagoa dago, eta jakintza handiagoa. Eta arbolazainek diote zuhaitzen bizi-kalitatea hirietan, oro har, oso prekarioa dela. Kasurik hoberenean, 25 urte irauteko kokapen eta egoera eskaintzen zaie arbolei, 100 urte baino gehiagoko bizi iraupena duten arren. Arbolak, zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta ingurumen onura gehiago eskaintzen dizkigu. Baina horretarako, leku egoki bat eman behar diogu: sustraiak luzatzeko espazioa eskaini zoladura azpietan, elikaduraz beteriko lurra eskaini, gutxi trinkoturik eta oxigenoz betea, draina bermaturik ur pilaketa ekiditeko, eta zenbait kasutan ureztapen laguntza puntuala ziurtatu. Zuhaitz gehiago hirietan landatzearen aldarrikapenarekin, kontuz. Askoz hobea da zuhaitz gutxiago landatzea eta landatzen den bakoitzari leku eta egoera egoki bat ematea, kopuru asko landatzea baino. Landaketa asko egin izan dira, urte gutxian hil egin direnak, diru xahutze handiarekin, propaganda hutsa. Adi, ze hirietako mantentze ardura, oraingo landaketak zaintzeaz gain, azken 30 urteetan landatzen ibili garen zuhaitzen arazo estrukturalak kudeatzea ere izango da. Zuhaitz bakoitzaren landaketak proiektu bat behar du, eta hirietan espazioa; non kokatuko den, zertarako eta nola burutuko den landaketa. Zuhaitz bat landatu aurretik, behatu eta arbola-espeziean pentsatu egin behar da: lekuaren orientazioa, haize nagusiak, eguzki eta bero baldintzak, inguruko eraikinen hurbilpena, zolatutako eremuak, uren bideraketak, lurraren ezaugarriak. Eta zuhaitzari eskatuko diogun giza-funtzioarekin bateragarri egin eta nork zainduko duen jakin. Baso hiritar osasuntsuek plangintza eta mantentze-lanetarako baliabide ekonomikoak behar dituzte. Udal sail guztietan irizpide amankomun bat behar da arbolen inguruan, zuhaitzak gure aliatu egin behar ditugu, gure artean urte asko igarotzeko. •