GAUR8

Migrazio politika gogortu du Keir Starmerrek, eskuin muturra baretzeko

Keir Starmerrek migrazioaren kontrola egin du bere kontakizun politikoaren ardatz. Eskuin muturra geldiarazteko ahaleginean, asilo gutxiago, kontrol gehiago eta mugen itxieraren aldeko ezkerra defendatu ditu Erresuma Batuko lehen ministroak, laboristen tradizioarekiko haustura bultzatuz.

Keir Starmer lehen ministro britainiarra Downing Streeteko 10. zenbakian. (Tayfun SALCI | EUROPA PRESS)

Britainia Handian, batzuek eta besteek indarrak neurtzeko tiratzen duten soka bihurtu da immigrazioa. Giza eskubideen defentsarekin lotutako biografia batekin Downing Streetera iritsi zen Keir Starmer abokatuak «ordenaren aldeko» politikak martxan jarri ditu. Baina Jeremy Corbyn aurreko laborismoarekin apurtu zuen lehen ministroaren neurriak ez dira immigrazio irregularrari aurre egitera bideratu soilik; Starmerrek aurre egin nahi die «ekonomiarako ona den legezko immigrazioa» besarkatzen duten diskurtsoei, ezkerrarekiko distantziak markatzeko erabili duen esaldi bat, baina aldi berean oihartzun kontinentalak dituen norabide-aldaketa bat gauzatzen duena.

Londresen egindako buruzagi politiko aurrerakoien goi-bileran, Starmerrek defendatu zuen eskuineko populismoa geldiarazteko «murrizketa gehiago aplikatu» behar direla eta immigrazioa berez motor ekonomiko gisa saltzeari utzi behar zaiola. Dardoa, kontrastez, bere politika-eremura bideratu zuen. Izan ere, bere migrazio-politikak mende erdiko gobernu laboristaren aldaketa gogorrena bultzatu du. Eta ez du urtebete ere behar izan: 2024ko azaroan hauteskundeak irabazi zituenetik, laboristen buruzagiak lanerako eta asilorako sarbidea murriztu, nortasun digitaleko sistema bultzatu eta nazioarteko giza eskubideak berrinterpretatzeko atea ireki du, hori dena deportazioak errazteko.

Ez dira neurri isolatuak, Reform UK-ren eskuin muturra eta gizarte zibilaren protesta are erradikalagoak geldiaraztea bilatzen duen arkitektura politikoaren zati bat baizik. Baina eskuinaren errezetak errepikatzean, ezkerra eskubideen defentsatik zigorraren kudeaketa teknokratikora mugitzen ari al da? Ultrak geldiarazteko ahalegin horretan, ez ote die bidea erraztu hurrengo hauteskundeak aiherkundez espero dituztenei?

NEURRIEN ERRADIOGRAFIA

Polemikaren ostean barkamena eskatu zuen arren, Starmerrek bere agintaldiaren hasieran esandakoek argi uzten dute bere migrazio-politikaren norabidea. Orduan, Erresuma Batua «kanpotarren uharte» bihurtzeko arriskua zuela ohartu zen. Hitz horien ondoren, irletako auzitegiek Giza Eskubideen Europako Konbentzioa eta asiloaren arloko Genevako itunak nola aplikatzen dituzten berrikusteko promesa etorri zen.

Kudeaketa burokratikoaren itxura duen hori sakoneko operazio politikoa da. GEEHren 3. eta 8. artikuluen interpretazio judiziala mugatu nahi du Gobernuak, hots, tratu ankerretatik babesten eta familian bizitzeko eskubidea bermatzen duten artikuluena, deportazioetan ezkutu gisa balio ez dezaten. Epaileek «egungo errealitateen arabera» aplikatu beharko dituzte konbentzioak; hizkuntza horrek, praktikan, herrialde batek babesa bilatzen duenarekin egin dezakeenaren mugak birdefinitzen ditu.

Aldi berean, Gobernu britainiarrak migrazio-politika murriztaileagoa eta selektiboagoa definitzen duen erreforma-sorta bat bultzatu du. Zaintza-sektorean atzerriko kontratazio berriei ateak itxi zaizkie eta laneko bisak lortzeko lanbide-kualifikazioaren eskakizunak gogortu egin dira.

Unibertsitateek, bestalde, gero eta murrizketa handiagoak dituzte nazioarteko ikasleentzat eta haien familientzat. Neurri batzuk oraindik proposamen fasean dauden arren, Londresek proposatu du jada bost urtetik hamar urtera luzatzea egoitza iraunkorrerako sarbidea eta baldintza gogorragoak ezartzea: integrazioa erakustea, ingelesa menderatzea, buruaskitasun ekonomikoa eta gizalegezko jokabide ona. Mezua, Shabana Mahmood Barne ministroak hainbatetan errepikatu duena, argia da: «Geratzeko eskubidea irabazi egin behar da».

Gainera, ultraeskuinaren presioaren ondorioz, Starmerren Gobernuak ustezko sexu-erasotzaileen izena eta etnia argitaratuko dituela iragarri du, baita nortasun digitaleko sistema bat ezarri ere, egoiliarren migrazio-estatusa egiaztatzeko. Oraindik erabat indarrean ez badago ere, aurreikusten da derrigorrezkoa izango dela lan egiteko eskubidea egiaztatzeko, eta beste eremu batzuetara zabal daiteke, hala nola etxebizitzarako edo zerbitzu publikoetarako sarbidera.

Nigel Farage, Reform UKko burua, Westminsterren egindako prentsaurreko batean. (Thomas KRYCH / EUROPA PRESS)

Downing Streetek enplegu irregularra gelditzeko martxan jarritako neurriek eskubide zibilen aldeko erakundeen kritikak eragin ditu. Liberty bezalako taldeek ohartarazi dute migrazio-kontrolaren digitalizazioak ez dituela zifrak murriztuko, baina herrialde barruko muga ikusezinak zabal ditzakeela, eta ateak ireki diskriminazio administratiborako modu berriei.

Politika horren ikurra Estatu frantsesarekin sinatutako "One in, one out" akordioa izan da. Itunak ezartzen du kanala pateraz zeharkatzen duen pertsona bakoitzeko beste bat itzuli egingo dela Emmanuel Macronek gobernatzen duen lurraldera, eta, horren truke, Londresek legez onartuko duela Estatu frantsesaren lurretan prozesatutako asilo-eskatzaileen kopuru baliokidea, baina onartzeko irizpide «seguruagoak» dituztenak.

Ispilu joko hau ordenaren sentsazioa transmititzeko diseinatuta dago, baina praktikan pitzaduraz beteta dago: auzitegiek deportazio batzuk geldiarazi dituzte oinarrizko eskubideak urratzeagatik, itzulketak oso txikiak dira eta GKEek ituna bertan behera uzteko eskatu dute, «bermerik gabeko itzulketa espresak legitimatzeagatik».

ATZEAN DAGOENA

Starmerrek gehiengo historikoa lortu zuen iazko hauteskundeetan 360 diputaturekin, baina bere lidergoa ahulduz joan da Nigel Farage aurretik jartzen duten inkesten aurrean. Bere alderdia, Reform UK, testigantzazko aktorea izatetik inkesten buru izatera igaro da, %34ko babesarekin, laborismoaren %22ren eta kontserbadoreen %14ren aurrean. Baina daturik kezkagarriena Starmerrentzat beste bat da: britainiarren %13 bakarrik dago pozik bere kudeaketarekin, 1977tik lehen ministro batek izan duen kopururik txikiena.

Eta kaleak ere bere kontra daude. Palestinaren aldeko protesten aurkako erabateko errepresioaren ondoren, udak goi-tentsioko eszenak utzi zituen asiloa eskatzen duten hotelen aurrean. Auzo-piketeak ultraeskuineko taldeek berehala kooptatu zituzten, zigorgabetasun osoz. Klimaxa irailaren 13an iritsi zen, Londresen eskuin erradikalak azken urteotan egin duen mobilizazio handienetako bat egin zuenean: 100.000 pertsona baino gehiago bildu ziren "Unite the Kingdom" lelopean, Tommy Robinsonen gidaritzapean. Ingalaterrako eta Erresuma Batuko banderak, MAGA txapelak eta “Send them home” lelodun pankartak nagusi izan ziren martxa horretan.

Poliza matropolitarrak 26 agente zauritu eta 25 atxilotu baieztatu zituen baimendutako ibilbidetik kanpo izandako talketan. Bitartean, arrazakeriaren aurkako kontramartxak 5.000 lagun baino ez zituen bildu. Egun horretan zabaldu zen mezua izan zen immigrazioaren aurkako erretorika ekosistema digitaletik ateratzeko, kaleko muskulu bihurtzeko eta edozein gobernuri agenda ezartzeko gai dela.

Faragek berak Gobernuaren mugimendu bakoitza munizio bihurtu du bere establishment-aren aurkako gurutzadarako, eta Starmerri leporatu dio «kargurako duin ez izatea» eta «britainiar zintzoak iraintzea». Farageri buruz galdetu ziotenean, lehen ministroak zuzeneko gaitzespena saihestu zuen: «Ez dut uste arrazista denik, ezta Reformen boto-emaileak ere». Pozik ez dauden hautesleak berreskuratzeko ahaleginean, immigrazioaren aurkako diskurtsoa atsegin dutenak ez deabrutzea erabaki du. Bere estrategia ideiak kritikatzea da, ez ideiak defendatzen dituztenak. Baina eskuina hizkuntza bera erabiliz neutralizatzen saiatzea akats historikoa da, eta, azken batean, eskuin muturra indartzen baino ez du laguntzen.

Ezkerrean, Sarah Owen diputatuak edo Diane Abbott beteranoak Starmerri «eskuinaren diskurtsoa onartzea» eta beldurra elikatzea leporatzen diote. Hala ere, Erresuma Batuko -eta munduko- ezkerraren zati batek ikuspegi utilitarista batetik begiratu dio immigrazioari, haren legitimitatea sortzen duen etekin ekonomikoaren mende egongo balitz bezala. Diskurtso ofizialetan “migrazio kualifikatua” edo “BPGari egindako ekarpen garbia” aipatzen dira. Erretorika horrek pertsonak kontabilitate-aldagai bihurtzen ditu, eta, funtsean, aurre egin nahi dion esparru mental bera partekatzen du: immigrazioa, bere erabilgarritasunaren arabera kudeatu beharreko arazo gisa.

Hizkuntza teknokratiko horren azpian uko sakonago bat dago, enpatia argudio nahikoa ez dela onartzearena. Horrela, eskuinak migratzaile baten balioa bere mehatxuaren arabera neurtzen duen bitartean, ezkerrak bere produktibitatearen arabera neurtzen du. Biek ala biek giza existentzia kostuen eta onuren ekuazio batera murrizten dute.

STARMERRETIK HARATAGO

Inkesten arabera, migrazioa boto-emaileen kezka nagusien artean dago Europa osoan. Eztabaida kontrolera eta murriztera bideratu da, baita historikoki irekiera moderatua defendatzen zuten alderdien artean ere. Danimarka bihurtu da kasu paradigmatikoa. «Kontinente Zaharreko migrazio-politika murriztaileetan herrialde aitzindaria da», laburbildu zuen Marie Sandbergek, Kopenhageko Unibertsitateko Migrazioari buruzko Ikasketa Aurreratuen Zentroko (AMIS) zuzendariak. Haien diagnostikoa asilo-eskatzaileei nahiz herrialde nordikoan lan bila dabiltzan etorkin ekonomikoei aplikatzen zaie.

Aldaketa hori 2015ean hasi zen, sozialdemokratek, Mette Frederiksen buru zutela, beren tradizio irekitzailea haustea eta «gizarte-kohesioan» eta ongizate-estatuaren defentsan oinarritutako diskurtsoa hartzea erabaki zutenean. Harrezkero, gutxieneko historikoetara murriztu da asilo-eskaeren kopurua, eta mendebaldetik kanpoko egoiliarrentzako baldintzak gogortu egin dira. Gobernuak «gizarte paraleloak» bezalako legeak bultzatu ditu, migratzaileen kontzentrazio handia duten auzoak zigortzea eta laguntza publikoak mugatzea ahalbidetzen duena, eta argi eta garbi defendatu du migratzaileak kanporatzea EBtik kanpoko herrialdeetan dauden zentroetara.

Tommy Robinson buru duen “Unite the Kingdom” manifestazioko irudia, Londresko iparraldean 100.000 pertsona baino gehiago bildu zituena. (Lucy NORTH / EUROPA PRESS )

Kostu politikoa ordaindu beharrean, Frederiksenek boterean sendotzea eta eskuin muturra ahultzea lortu du, politika ekonomikoa aldatu gabe. Danimarka da gaur egun sozialdemokraten estrategiek gehien aipatzen duten eredua, ultraeskuina geldiaraztea posible dela uste baitute, bere erretorikaren zati bat bere gain hartuta. Frederiksenen beraren hitzetan, «ezin da muga ahulak dituen ongizate-estatu indartsu bat eduki».

Hala ere, ikuspegi horrek kritika zorrotzak jaso ditu herrialde barruan zein kanpoan. Human Rights Watch gobernuz kanpoko erakundeak «kohesio sozialaren izenean giza eskubideak higatzea» leporatu dio Danimarkako Gobernuari, eta Iheslarientzako NBEren Goi Mandatariak ohartarazi du asilo-eskatzaileen kanporatzeak Danimarkak bere gain hartutako nazioarteko betebeharrak urratzen dituela. Kopenhageko Unibertsitateko Martin Lemberg-Pedersen ikertzailearentzat, politika horren arrakasta «salbuespena arau bihurtzean» oinarritzen da, hau da, legedia urratsez urrats gogortzean, duela hamarkadak pentsaezinak ziren neurriak normalizatu arte.

Diskurtso ofizialak azpimarratzen du murrizketek Eskandinaviako ereduaren oparotasuna babesten dutela, baina emaitza gero eta giro etsaiagoa izan da migratzaileentzat. “Ghetto” gisa seinalatutako auzoetan ugaritu egin dira polizia-kontrolak, nahitaezko alokairuak eta eskola-segregazioa. Aldi berean, Danimarkako prentsak maiz errepikatzen du migrazioa eta mehatxu kulturala lotzen dituen kontakizun bat, integrazioa homogeneotasunaren bidez bakarrik posible delako ideia sendotuz. Egun, «eredu daniarra eta britaniarra» Europan zehar hedatzen ari da.