Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. 2025 URR. 29 - 15:07h Ixidro Gaztañaga boxeolaria ekarri du gogora Monsieur Lecrêpek Monsieur Lecrêpek bere azken lana aurkeztu zuen duela aste batzuk, ‘Venta aundi’ izenekoa. Bertan bada ‘Handsome izzy’ izeneko abestia, Donostiaren turistifikazioa kritikatzen duena. ‘Handsome Izzy’ sortzaile tolosarrak gogora ekarri nahi izan duen Ixidro Gaztañaga boxeolari ibarratarra zen. GAUR8 Naiz Irratiko MusikHaria saioan izan da Monsieur Lecrêpek eta bertan azaldu du nor zen ‘Handsome Izzy’, bere azken laneko abesti bati izena ematen diona. Berez, ‘Beautiful Izzy’ esaten zioten Ixidro Gaztañaga boxeolariari, baina kantuaren neurriak tarteko, moldatu egin du ezizena abeslariak. Ezizenak ezizen, intentzio osoz ekarri nahi izan du gogora Ibarran sortu zen eta Argentinako La Quiacan hil zuten boxeolari sonatua (1905-1944). Paulino Uzcudunen garaian boxeoan aritu zen Gaztañaga. Uzcudunen izena dezente goratu izan da, erregimen frankistaren gertukoa zelako segur aski. Aldiz, Gaztañagaren ibilbidea nahikoa isilean geratu da, ez zelako frankisten oso lagun. Monsieur Lecrêpen hitzetan, ez da kasualitatea Uzcudunen izena egunotaraino iritsi izana eta Gaztañagarena hor nonbait ezkutatuta geratu izana Historiaren zirrikituetan. Ibarran sortu zen Ixidro Gaztañaga eta boxeoaren munduan izar handia izatera iritsi zen. Parisen, Argentinan, Kuban edota AEBetan aritu zen boxeolari eta ‘Beautiful Izzy’ esaten zioten oso elegantea omen zelako ringaren gainean. Gaitasun fisiko nabarmenak zituen arren, bizitzaren plazeretan gozatzea gustatzen zitzaion eta ez zuen asko zaindu bere burua. Gora eta behera marraztu zuen bere kirol ibilbidea, baina ez zen oharkabean pasatzen inoiz. 1944. urteko martxoaren 30an, liskar bat izan zuen beste gizon batekin. Taberna batetik ateratzen ari zela, inolako abixurik eman gabe, hiru tiro jaurti zizkion gizon hark Gaztañagari eta bertan hil zen.