GAUR8

Alba Garmendia, Monzonek utopikoei egindako gorazarreaz, NAIZ Irratian

'Etxeko lehioak unibertsora. Utopiak pentsatzeko marko bat' liburua aurkeztera hurbildu zen Alba Garmendia asteartean NAIZ Irratiko estudioetara. Elkarrizketa aski interesgarria egin zion Peli Lekuonak, eta une berezienetako bat Telesforo Monzonen hitz famatuak gogoratu zituztenekoa izan zen.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Iratzar fundazioaren ‘Iparrorratza’ bildumaren barruan argitaratu berri du Alba Garmendia filosofoak 'Etxeko lehioak unibertsora. Utopiak pentsatzeko marko bat' liburua. Bere doktorego tesia oinarri hartuta, utopiaren inguruko ikerketa eta hausnarketak bildu ditu Garmendiak, eta lan horren printza batzuk utzi zituen Haria irratsaioan egindako elkarrizketan.

Azken urteetan distopiek hartu duten protagonismoa, artearen eta politikaren arteko lotura edota utopiaren erabilera eguneroko hizkeran izan dira hizketagai izan dituzten elementuetako batzuk, baina agian elkarrizketako unerik bereziena Telesforo Monzonek bere hitzaldietako batean utopikoei egindako gorazarrea entzutean iritsi da.

«Agian azken urteetan gehiegi geratu gara emozioan eta ez diogu hainbeste erreparatu praktika politikoari. Ez dugu utzi behar utopiak politikaren ordez jardun dezan», adierazi du Garmendiak, Monzonen hitzei inolako baliorik kendu gabe. «Etorkizun desiragarriak irudikatu nahi baditugu, egin dezagun politikatik», gehitu du.

Elkarrizketa osorik esteka honetan ikus daiteke bideoan, eta tesiaren inguruan gehiago jakin nahi duenak Mikel Urdangarinek GAUR8n idatzitako artikulua ere irakur dezake.