2025 AZA. 10 - 00:00h Mende bat bete da Jon Mirande idazlea jaio zenetik Gaur ehun urte bete dira Jon Mirande (Paris, 1925eko azaroaren 10a - 1972ko abenduaren 28a) jaio zenetik. Ezohiko figura euskal letretan, poliglota, antisemita, berritzailea eta enfant terrible-a, bere izena polemikari lotuta egon da betidanik, tabua izatera iritsi arte. ‘Mirande, film bat egiteko zirriborroa’ filmaren irudia. (GASTIBELTZA FILMAK ) Amaia Ereñaga Jon Mirande Ayphasorho idazlea Parisen jaio zen 1925eko azaroaren 10ean, gaur ehun urte. Gurasoak Zuberoakoak zituen –aita, Garindainekoa; ama, Sohütakoa– eta bikotea Estatu frantseseko hiriburura lan bila joandakoa zen. Aita hotel bateko atezaina izan zen, eta ama etxe zerbitzaria. Boulevard Davouteko 30 metro karratu baino gehiago ez zen apartamentutxo batean bizi izan zen Jon 1967 arte, gurasoekin eta arreba Marierekin. Batxilergoa Arangon lizeoan egin ondoren, eta Bigarren Mundu Gerra oraindik amaitu gabe zegoelarik, 1944an Finantza Ministerioan lortu zuen lanpostua. 19 urte baino ez zituen. Ez zuen karrerarik egin nahi izan administrazioan, ez zen oposizioetara aurkeztu eta beti mantendu zen lanpostu arrunt horretan. Lurdes Otaegik egindako biografiaren arabera, II. Mundu Gerraren zurrunbiloan, nazi bretoiak ezagutu zituen eta handik bereganatu zituen nazionalsozialismoaren. Giro horretan, bere euskal nortasunaz ohartu zen eta hizkuntza zeltikoekiko interesa piztu zitzaion. Geroxeago, Europako antzinako hizkuntza guztiak ikasteko asmoa hartu omen zuen. Txomin Peillenek dionez, harreman estuak izan zituen Andima Ibiñagabeitia idazle bizkaitarrarekin, zeinaren eraginpean Edgar Allan Poe, Nietzsche, García Lorca eta beste hainbat autoreren lanak itzultzen hasi zen, eta bere lanak Jokin Zaitegik Guatemalan zuzentzen zuen ‘Euzko Gogoa’ aldizkarian argitaratu ziren.‘Eusko Deya’ eta ‘Gernika’ aldizkarietan argitaratu zituen zenbait artikuluk sekulako eskandalua eragin zuten garaiko euskal nazionalisten lerroetan. Enfant terrible-aren trazak zituen gazte haren ideia paganozale, nazi, antijudutarrak, antikristauak eta askatasun sexualaren alde egiten zituen aldarrikapenak ez zetozen bat garaiko giro euskaldunarekin. 1956ko Arantzazuko Biltzarrean parte hartu zuen Koldo Mitxelenak deituta, euskara batua sortzerakoan, eta mahairatu ziren joera ezberdinen artean Mirandek oinarritzat lapurtera klasikoa hartzearen aldeko jarrera hartu zuen, Luis Villasantek eginiko proposamenarekin bat eginez.Garaiko euskal aldizkarietan eman zituen ezagutzera bere artikulu eta poemak, baina 1962-63 bitartean aldizkarihorietan argitaratzeko zailtasunak areagotu zitzaizkionean, Txomin Peillenekin batera ‘Igela’ aldizkaria atera zuen, ‘«euskaldun heterodoxoen errebista’ izendatu zuena. Sei ale baino ez zituzten atera.1959an amaitu zuen ‘Haur besoetakoa’ eleberria, Nabokoven ‘Lolita’ liburuarekin konparatua izan dena batzuetan. Baina ez zuen editorerik aurkitu ez bere poemetarako ez bere nobelarako, harik eta 1970ean Gabriel Arestik Lur argitaletxean bere ardurapean atera zuen arte. Urteetan zekarren alkoholzaletasun arazoari, 1958an bere amaren heriotzak erakarri zion depresioa gaineratu zitzaion. Psikiatrek ‘psikastenia’ izena eman zioten bere gaitzari. Krisiak eta eroaldiak izan zituen, baina, halere, 1962an zenbait lagunek, Mitxelena, Villasante, Arrue, Irigarai eta F. Krutwig-ek, Euskaltzaindian euskaltzain oso izendatzeko hautagaitzat proposatu zuten. 1972ko abenduaren 28an hilik aurkitu zuen lagun batek apartamentuan, bi botila whisky eta lau tubo barbituriko hutsen ondoan.Gerraosteko euskal poeta onenetako eta modernotzat jotzen da gaur egun. Bere figura berrikusten ari da azken hamarkadeetan; horren adibidea, 2023an Josu Martinezek estreinatu zuen dokumentala: «XX. mendearen erdialdean Jon Mirandek bere prosarekin erakutsi zuen euskara gai zela literatura jasoa eta unibertsala sortzeko. Denek aitortzen dute bere garrantzia. Baina gai tabua izaten jarraitzen du. Arrazista omen zen Miranderena. Pedofiloa. Nazi. Misoginoa. Ezmorala. Hari buruz hitz egiten den bakoitzean, polemika biziak sortzen dira. Ez dakigu zer egin berarekin. Agian, interesgarriena, berari hitza ematea litzateke», zinemagilearen hitzetan. 2023an ere Deabruaren Eskola kolektiboak jatorriz bretoieraz idatzi zituen testuak errekuperatzeko egindako lana, horiek gero aurrenekoz euskarara ekartzeko. Hamabi testu bildu zituzten; gutunak, artikuluak eta poemak, eta figura ezezagunari, maiz ez-ulertuari, argitasuna ematera datoz.Aurten, Joserra Senperenak eta Jurgi Ekizak beren ‘Udazkeneko artsalde baten oroipena’ olerkia kantu egiteko batu dira.