2025 AZA. 11 - 11:27h Arrantzako hondakinak ongarri biologiko bihurtzeko proiektu bat koordinatu du Neikerrek Arrantzako azpiproduktuekin ongarri biologikoak egiteko proiektu europarra koordinatu du Neikerrek. Gogoratu dute Europan erabiltzen diren ongarrien erdia baino gehiago inportatuak direla, nekazaritzaren kostuak garestituz. Gainera, ingurumen inpaktua murrizten du. Arrantzako hondakinak ongarri biologiko bilakatzeko proiektu europarra koordinatu du Neikerrek. (Neiker) GAUR8 Lakuako Gobernuko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko Neiker zentro teknologikoak Europar Batasunaren (EB) Horizon 2020 programak finantzatutako SEA2LAND proiektua koordinatu du, arrantzako azpiproduktuak ongarri biologiko bihurtzeko helburuarekin.Neikerrek jakinarazi duenez, erabiltzen dituen ongarrien erdiak baino gehiago inportatzen ditu Europak urtero, asko Errusiatik eta Marokotik, nekazaritza sektorearen kostuak garestituz.Gainera, nazioarteko tentsio egoeren aurreko Europaren zaurgarritasuna areagotzen du, bai eta nekazaritzako ekoizpena baliabide fosiletara eta mineraletara lotu ere, hau da, energia kontsumo handiarekin eta ingurumen inpaktu nabarmenarekin erauzten diren baliabideetara.Bada, egoerari aurre egiteko asmoz koordinatu du Neiker zentroak SEA2LAND proiektu europarra. Helburua izan da arrantza eta akuilkultura industriaren hondakinak oinarri biologikoko ongarri bihurtzea –Europar Batasunean 5,2 milioi tona hondakin sortzen dira urtean–, egun erabiltzen diren pestizida sintetikoak partzialki edo erabat ordezkatzeko.Oinarri biologikoko ongarriak gai dira ongarri mineralak ordezkatzeko, bide batez inportatuko intsumoekiko mendekotasuna murriztuz, funtsezkoa dena ezegonkortasun geoestrategikoko garaietan.Neikerreko Baliabide Naturalen Kontserbazioko saileko ikertzailea Mirian Pinto doktoreak adierazi duenez, «estrategia honek ez ditu soilik azpiproduktu hauek dituzten funtsezko nutrienteak baliatzen, adibidez nitrogenoa, fosforoa edo potasioa, baizik eta hondakinen kudeaketa txarraren ingurumen inpaktua murriztu eta ekonomia zirkularra ere sustatzen du».«Era berean, aintzat hartu behar da fosforoa dela nekazaritzan kritiko bilakatuko den hurrengo elementua, funtsezkoa baita laboreen garapenean», gaineratu du.Gainera, «gaur egun, erabiltzen ditugun hondakinetako asko alferrik galtzen dira, zuzenean itsasora bota edo zabortegietara eramada. SEA2LAND ekimenari esker, hondakinak alferrik ez galtzea lortzeaz gain, ustez inolako baliorik ez zuen zerbaiti balioa ematea lortu dugu».Kontserba lantegien gatzunakEuskal Autonomia Erkidegoan (EAE) abian jarritako egitasmoetan, Neiker atunarekin lan egiten duten kontserba enpresetako gatzunen balorizazioan zentratu da. Gatzunak hondakin bereziki konplexuak dira gazitasun maila altua dutelako.Bada, hondakinok ongarri biologiko bilakatzeko, biorremediatze prozesu bat jarri da abian mikroalgak erabilita, uretan dauden nutrienteak atxiki eta nekazaritzarako konposatu baliagarri bilakatzen baitituzte.SEA2LAND proiektuari esker lortutako ongarri biologikoak lurzoruen osasunarentzat onuragarriak dira, lurzoruen funtzio metabolikoak estimulatu eta lurzoruetako mikrobioen jarduera areagotzen baitute.Abian jarritako ikerketa lerroa Europako beste zenbait eskualdetan garatutako beste teknologia batzuekin osatu da, adibidez bokashi edo konpostaje aurreratua bezalako energia kontsumo baxuko metodo sinpleak, hidrolisi entzimatikoa bezalako beste prozesu askoz sofistikatuagoak, edo mikroalgen ekoizpena, hondakin-uretatik abiatuta ongarri likido biologikoak sortzea ahalbidetzen duena helburu bikoitz batekin: efluentea leheneratzea eta ongarri berria sortzea.Entseguak brokoliarekinLortutako produktuen eraginkortasuna ebaluatzeko asmoz, Neiker zentro teknologikoak landa entseguak egin ditu Derioko instalazioetan, adibidez brokoliarekin. Lortutako ongarriek lurzoruaren emankortasunean eta osasunean zer eragin zuten aztertzea izan da helburua.Bada, Mirian Pintok nabarmendu duenez, «emaitzek erakusten dute SEA2LAND proiektuaren eskutik lortutako ongarri biologikoak onuragarriak direla lurzoruaren osasunarentzat. Izan ere, lurzoruen funtzio metabolikoak estimulatzen dituzte, mikrobioen jarduera areagotuz eta bide batez lurzoruen emankortasuna eta laboreen erresilientzia sustatuz».Gainera, azpiproduktuetan oinarritutako ongarri berriotako batzuek europar araudia betetzen dute, nekazaritza ekologikorako ere baliagarriak izanik, seguruak eta nekazaritza sistema ezberdinetan aplikatzeko modukoak direla bermatzen duena.Egindako probak oinarri hartuta, kalkulatu da Europa mailan urtean 1,8 milioi tona nitrogeno errekuperatzeko modua egongo litzatekeela prozesuok martxan jarriz gero; gainera, inportatutako ongarriekiko mendekotasuna murriztuz eta nekazaritza jasangarriago baterantz pausoak emanez egingo litzateke. Ongarri biologikoak aplikatzeko gomendioakEra berean, proiektuak arreta berezia jartzen du jakintza nekazaritza eta arrantza bezalako sektoreetara transferitzean. Helburu horrekin, jardunaldi teknikoak antolatu dira, bai eta txosten zehatzak argitaratu ere ongarri biologikoak landetan aplikatzeko gomendio praktikoekin. Helburua da nekazaritza sektoreak ongarriak laboreetan era seguruan eta eraginkorrean erabili ahal izatea.SEA2LAND ekimena 11 herrialdetako 26 bazkidek osatutako partzuergo batek burutu du. Bazkideen artean, Azti bezalako ikerketa zentroak, Barna moduko arrantza sektoreko enpresak eta nekazarien erakundeak daude.Era berean, ekimenak bat egiten du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Ekonomia Zirkularraren 2030erako Estrategiarekin, helburu duena material zirkularren erabilera tasa areagotzea eta produktibitate materiala sustatzea. Europako Bioekonomiako Estrategiaren helburuekin ere bat egiten du, nekazaritza sektorearen jasangarritasuna eta autonomia indartuz.