GAUR8

Berandu izan aurretik

Krisi garaiak bizi dituzte BBC Erresuma Batuko irrati-telebista publikoan. (VV Shots | GETTY IMAGES)

BBC etxean inoiz bizi gabeko krisi garaiak dira. Zuzendari orokorrak eta albisteetako buruak karguak utzi dituzte. Elur bola handituz joan da eta kontrola galdu du. “Panorama” deitzen den dokumental serie entzutetsuan, AEBko Kapitolioko istiluetan Trumpen bideo bat editatu zuten eta engainagarria izan zitekeen moduan gelditu zen. Erakutsi nahi zen mezua aldatu ez bazuen ere, akats handia da.

Azken hilabeteetan lapikoa presiopean zegoen, hainbat erabaki editorialen aurrean, inpartzialtasun helburuak urratu zituztela leporatuz batetik eta okerrak identifikatzeko zuzendaritzak zuen azkartasuna zalantzan jarriz bestetik: BBCren arabierazko sailak Palestinaren aldeko narratiba bat duela esan izan ohi da askotan, eta duela gutxi Gazan grabatutako bi dokumentaletan agidanez bistan gelditu zen hori; transgeneroei buruzko iritzietan objektibotasuna eskatu zaio behin eta berriz; aurkezle baten jarrera desegokiaren aurkako mehatxuen aurrean ez zuen «espero bezain azkar» erreakzionatu. Kontseiluaren eta zuzendaritzaren artean tentsioa handituz zihoala esaten zuten batzuek eta, azkenean, gertatutakoa BBCren aurkako kolpe bat izan dela diote etxe barrutik hainbatek.

Debate politiko bihurtu da orain auzia. Trumpi oraindik plataforma handiagoa emanez. Nigel Faragen substantzia gabeko hitzak puztuz. Eskuindar narrazioa indartuz. “BBC is fake news” goiburua sortuz. Ikus-entzule askok ez du hortik haratago ezer auzitan jartzen. Ez dute ulertzen BBCk egiten duen kazetaritza altxor preziatua dela, eta, desinformazioren garai arriskutsu hauetan, galtzeko arriskua dagoela. Ez dute ulertzen, kazetaritzatik haratago, BBCk gizartean duen indarra zein den. BBC etxeak produzitzen dituen eduki guztietatik, albisteak %30 dira.

Miresten dut zuzendaritzak erantzukizuna hartzeko duen konpromisoa, erakutsitako integritatea eta autokritikarako gaitasuna, haien lanak uzteraino. Hori ez da leku gehienetan gertatzen. Baina BBCren etorkizuna eta finantzaketa gobernuarekin negoziatzeko urtea dator aurretik. Ikus-entzunezkoen sektorean dagoen lanposturik konplexuenetako bat da ziurrenik hura eta lidergo sendoa erakusten duen norbait behar da berriro ere. Ez dago denborarik Trumpen eraso sentsazionalistei erantzuten pasatzeko. Ez dago denborarik, egonkortasun falta honek, ahultasunak neurriz kanpo ateratzeko.

BBC ez da perfektua. Okerrak egin ditu eta egiten jarraituko du. Kapitulu honetan gertatu denetik lezio berri bat ikasiko du zalantzarik gabe. Baina kazetaritza independentea defendatu eta gordetzeko beharra inoiz baino garrantzitsuago da egun. Interes politikoz betetako erretorika batek mehatxatutako aldaketek, telebista publikoaren oinarria kolokan jar dezakete.

BBC etxea ez da luxu bat, gizarte demokratiko bateko zedarria baizik. Inpartzialtasuna ehuneko ehunean beteko ez badu ere, mundu osoan fidagarriena den albiste iturria da. BBC eta kazetaritza independentea babestu behar ditugu. •