2025 AZA. 15 - 00:00h Jone Forcada, askatasunaren bidea azken arnasa arte urratu duen emakumea Jone Forcada Adarraga joan den urriaren 17an pausatu zen Donostian, etxean, etxekoek inguratuta. Eutanasia aktiboaren bidetik, berak erabaki zuen noiz hartu atseden. Askatasuna izan da Forcadaren bizitza gidatu duen printzipioa, azken muturreraino eraman duena. Irudian, Jone Forcada bost bilobekin hil bezperan. Agur eder bat egin zioten etxekoek. (ALVAREZ FORCADA SENDIA) Amagoia Mujika Pasa den urriaren 17an pausatu zen Jone Forcada Adarraga (Donostia, 1933-2025). Bere seme Joseba Alvarezek horrela eman zuen amaren heriotzaren berri X sarean: «Ama hil zaigu. Borrokakide eta bidelaguna. Lasai joan da, familiaren babesean. Eutanasiaren bidetik joan zaigu, berak nahi izan zuen moduan. Lurrak goxo har zaitzala ama». Eutanasia aktiboaren bidetik joan zen Forcada, berak erabaki bezala. Eutanasia aktiboaren kasuan, “heriotza eragiten duten ekintzak” daude tartean. Horiek gabe heriotza ez litzateke gertatuko, ez une horretan behintzat. Eutanasia pasiboak, aldiz, pertsona bat bizirik mantentzen duten edo mantendu dezaketen neurriak kentzeari edo ez aplikatzeari egiten dio erreferentzia. Ama zendu eta aste batzuetara, dolu lasai samarrean topatu ditugu Maddi eta Joseba Alvarez Forcada anai-arrebak. «Ni ondo nago amak aspalditik hitz egin digulako heriotza duinaz; hamarkadak dira. Gure familian asko hitz egin da heriotzaz, ez da tabu bat. Eta neurri batean horri esker denok nahiko lasai gaude. Badaude une gogorragoak, baina ondo gaude», hasi da kontatzen Maddi. «Gauzak joan diren moduan, ama agurtzeko aukera izan dugu. Ez da bat-batean harrapatu gaituen zerbait izan. Amak ez zeukan gaixotasun terminalik, egoeraz kontziente zen eta aukera izan dugu bere agurra berarekin batera prestatzeko. Normalean egin ezin diren zenbait gauza egin ahal izan ditugu. Hori da parte gozoa. Parte gaziagoa da etxe honetara etorri eta hutsune handia sumatzen dela. Hortxe aulki horretan esertzen zen amonatxo bat falta da eta zulo handia nabaritzen da. Pertsona bat eta berak erradiatzen zuen guztia falta da. Toki guztietan ama ikusten dut. Gazi-gozoa da dolua; gozoa bukaera duina izan delako eta gazia ama falta zaigulako», gaineratu du Josebak. Hogei urte baino gehiago dira Jone Forcadak eta bere alaba Maddik Aurretiazko Borondateen Dokumentua egina zutela eta Heriotza Duinaren aldeko Elkarteko (DMD) kide direla. «Ama eta nire artean bereziki, asko hitz egin dugu nola bukatu nahi dugun eta zer ez dugun nahi. Nik ere osasun arazoak izan ditut eta heriotzarekiko beste perspektiba bat daukat. Lasaitasunez hitz egin dugu amak eta biok heriotzari buruz. Azken urtean amak gainbehera handia izan zuen. Ahizpa hil zitzaion -hau ere eutanasia bitartez, baina beste egoera batean- eta horrek zer pentsatu asko eman zion. Izebak gainbehera handia izan zuen, erdi deskonektatuta ikusten zuen, elkarrizketak ezin jarraitu eta hori gure amarentzat azkena zen. Hori ez zuen nahi beretzat». «Aita duela 14 urte hil zen eta geroztik ama bakarrik bizi izan da. Joan den urtera arte, 91 urte bete arte, erabat autonomoa izan da eta oso ondo moldatu da. Azken urtean asko makaldu da. Aitaren heriotzaren ondorioz, asko hitz egin genuen gaiari buruz. Prozesu luzea izan zen aitarena eta zer pentsatua eman zigun. Seme-alaba guztiak gara DMD elkarteko kideak eta datu garrantzitsua da inguruko guztiok -seme-alabak, bilobak, lehengusuak, amaren anaia...- inolako zalantzarik ez dugula eutanasiaren printzipioarekin orokorrean, ezta amaren kasu zehatzean ere. Biloba gazteenak 26 urte ditu eta zaharrenak 35, guztira bost biloba zituen amak. Berak elkartu zituen hemen bere etxean eta azaldu zien bere nahia. Beraiek ere parte hartu dute bukaera honetan. Familian heriotzari buruz aurretik plano teorikoan asko hitz egin izan dugu eta amaren erabakiaren inguruan adostasun erabatekoa izan dugu guztiok. Horrek ere laguntzen du prozesuan», zehaztu du Josebak. Ahizpa zena errealitatetik deskonektatzen ikusteak zer pentsa ematen omen zion Forcadari. «Ez zion beldurrik ematen egoerak, baina garbi zuen gizatasuna galtzen zela eta horrela bizitzea ez zela bizitzea», esan du Maddik. «Amak bere buruari sufrimendua saihestu dio. Ez zuen amaierako prozesu luze eta gogor batean sartu nahi. Baina, era berean, guri ere zama kendu digu. Berak burua oso ondo zeukan, prozesu zorrotza pasatu du eutanasiara arte. Baina kontziente zen ez bazuen berak erabakitzen orain, hemendik hilabete batzuetara guk erabaki beharko genuela eta zama hori kendu nahi zigun», azaldu du Josebak. Hain juxtu, Maddi eta Joseba seme-alabak izendatu zituen bere ordezkari berak buru gaitasunak galduz gero. «Bera ez zegoen prest berari zegokion erabaki bat gure bizkar uzteko. Oso ausarta izan da ama», azaldu du Josebak. Behean, ezkerrean, Jone Forcada Hendaiako lehen ikastolako haurrez inguratuta. ALVAREZ FORCADA SENDIA BIZITZA ETA HERIOTZA DUINA Forcadaren bizitzaren amaiera ezin da ulertu bere izateko eta bizitzeko modutik aparte. Konbikzio sendoak zituen emakumea zen eta bizitza eta heriotza duinaren defendatzaile sutsua. Mundura eta errealitatera konektatuta zegoen. «Donostian, bere esparruan, gertatzen diren borroka sozial guztietan parte hartzen zuen. Pentsionisten borrokan ere aktiboki parte hartzen zuen», esan du Maddik. «Amaren ardatza, motibazioa, indarra, justizia sozialaren aldeko borrokak ziren; euskara, pentsionistak, Palestina, turistifikazioa... Auzoko gazteek zerbait antolatzen zutenean, beti joaten zen ama. Bukaeran esaten zidan zeukan adinarekin lotsa pixka bat ematen ziola. Ez ez zuelako motibaziorik topatzen, bere adinagatik lekuz kanpo sentitzen zelako baizik», jarraitu du. Bere bizitza borroka etengabe bat izan da. 1950. urteko San Sebastian bezperan ezagutu zuen Jose Luis Alvarez “Txillardegi”, gerora bidelagun izan zuena bizitza osoan. Plaza Berrian erromeria batean egin zuten topo. Batek zein besteak urrats oso garrantzitsuak eman zituzten beren bizitza osoan euskararen alde eta euskara erabakigarria izan zen ezagutu ziren egunetik bertatik. 1950eko urtarrilaren 19 hartan, Txillardegi Forcadarengana gerturatu zen euskaraz ari zelako. «Amak kontatzen zuenez, aita bere kuadrillarekin zegoen eta ama berearekin. Amak eta bere lagunek euskaraz egiten zuten. Amaren aita euskaldun berria zen. Aitona Tuterako eskuineko familia batekoa zen. Errenteriara etorri zen lanera eta euskaraz ikasi zuen. Gero Donostiara etorri ziren bizitzera. Aita Antiguakoa zen eta txikitatik sartu zitzaion euskararen harra. Ez da kasualitatea ama eta aita egun hartan erromeria hartan elkartu izana. Biek bilatzen zuten garai hartan Donostian zegoen giro euskaldun bakarra eta bertan elkartu ziren. Amak esaten du aitaren kuadrillak atentzioa eman ziela euskaraz ari zirelako eta aitak gauza bera, amaren kuadrilla euskaraz ari zelako hurbildu zirela. Euskara faktore determinantea izan zen zeuden tokian elkartzeko eta elkarri arreta jartzeko», kontatu du Josebak. Forcadak irakasle ikasketak egin zituen eta ikastolen sorreran parte hartu zuen. Elbira Zipitriarekin aritu zen andereño. «Ama hasieran Elbira Zipitriarekin hasi zen irakasle. Aitarekin hitz egina zuen hezkuntzaren mundua ere landu behar zela herria eraikitzeko. Amak esaten zuen Elbira oso emakume gogorra eta hotza zela. Ama irakasle bezala gozoagoa zen, hurbila zen ikasleekin. Pedagogia aldetik ere bazituzten desberdintasunak». 1959. urtean jaio ziren bikotearen lehen bi semeak, bikiak. Alaba 11 hilabetera jaio zen. Garai hartan Txillardegik eta beste hainbat kidek Euskadi Ta Askatasuna erakundea sortu zuten. 1961ean erbesteratu egin behar izan zuten; Txillardegi lehendabizi eta, hilabete batzuetara, Forcada hiru haur txikiekin. Hamasei urte eman zituzten erbestean; Parisen, Belgikan, Bordelen... 1970. urtearen bueltan Hendaiara gerturatu zen familia. Ipar Euskal Herriko bigarren ikastolaren sorreran parte hartu zuen bertan Jone Forcadak. «Bizitza oso konplikatua izan du amak. Gure kasuan errepresioa sekulakoa izan zen; bota egin gintuzten, ezkutatu egin behar izan genuen, etxebizitzak aldatu etengabe. Errepresioa etengabekoa izan zen, hori izan da guk bizi genuena», gogoratu da Maddi. «Sasi-ezkutuko bizitza alegal horretan, ama zen parte legala. Aurpegia ematen zuena, burokrazia guztia egiten zuena, paperak egiten zituena... Aitak ezin zituen gauza horiek egin, ezkutuan zegoen, eta amak egiten zituen guztiak», esan du Josebak. «Eta garai hartan seme-alaben ardura zutenak ere emakumeak ziren. Ama zen gure kargu egiten zena. Horrez gain, bere lana zeukan. Ekonomikoki ere eusten zuen familia, aitak ezin zuelako lanik egin. Gure amaren bizimodua multimilitantzia gehi familia zen». Forcada eta Alvarez Txillardegi Pasaian. Bizitza osoa elkarren ondoan eman zuten. ALVAREZ FORCADA SENDIA SEME-ALABAK BANANDU BEHARRA «Guk 9 urte genituen eta amaren gurasoengana bidali gintuzten Donostiara. Parisa joan ginen hasieran eta Paristik, Belgikara. Eta han beste gerra batzuetatik erbesteratutakoak ezagutu zituzten gurasoek. Giro horretan ezagutu zuten errefuxiatuen mundua eta nahiko garbi ikusi zuten seme-alabak han sustraituz gero, zailagoa izango zela Euskal Herrira seme-alabekin bueltatzea. Eta gurasoek oso garbi zeukaten noizbait Euskal Herrira bueltatuko zirela, hori zen haien ametsa. Hori ekiditeko anai zaharrenak, bikiak, Donostiara bidali gintuzten aitona-amonengana. Jon eta biok Donostian egon ginen 1972ra arte, orduan Hendaiara joan ginen gurasoekin berriz. 9 eta 13 urte bitartean Donostian egon ginen eta gurasoak oso gutxitan ikusten genituen, Gabonetan eta. Ama etortzen zen, baina aita askotan Iparraldean geratzen zen. Esaten ziguten norbaitek galdetuz gero, ez genuela esan behar gure aita zenik, amaren lagun bat zela baizik. Gutxitan elkartzen ginen denok, Gabonetan eta. Niretzat oso bereziak dira Gabonak eta uste dut horregatik dela», kontatu du Josebak. «Ni gogoratzen naiz Donostiara etortzen ginenean erabat hiri arrotza iruditzen zitzaidala. Ez nuen inor ezagutzen. Ama etortzen zen semeak ikustera, gurasoak ikustera... eta aita Iparraldean geratzen zen. Nire anaia zaharrenek Donostian jende asko ezagutzen dute, baina nik ez. Umetan eta gaztetan ez nintzen Donostian sustraitu eta igartzen dut hori», jarraitu du Maddik. Bizitokiz, etxez eta eskolaz aldatzea konstante bat izan zen Alvarez Forcadatarrentzat. «Lagunekin konfiantza egiten hasten ginenean, agurtu egin behar izaten genituen. Nik garai haiek denak borratuta dauzkat memoriatik eta hori bera sintoma bat dela uste dut. Ez naiz sentipenez gogoratzen. Deserrotze hori nigan marka bat da, baina orain konturatu naiz horrekin. Motxiladun umeak bere ingurunean daude, baina aita edo ama falta zaie. Gu ama eta aitarekin ginen, baina erabat gure ingurunetik kanpo, deserrotuta. Uste dut gu ere motxiladun umeak izan ginela», esan du Maddik. «Kontua nahiko esajeratua da, egia esan. Belgikan eman genuen denbora dezente eta bost urtean hiru etxe ezagutu genituen. Hori zen erritmo lasaia, pentsa. Etxe aldaketak egiten erabat ohituta geunden. Lasaitasuna hori zen: bost urtetan hiru etxe izatea», Josebak. Hartara, joan-etorri eta lekualdatze konstante horretan, Hendaiara iristea barealdi baten modukoa izan zen familiarentzat. «Guk esaten genuen aitarentzat Hendaia izan zela azken-aurreko geltokia. Donostia, azkena. Hendaian bost urte eman genituen. Guretzat errotzea izan zen hori», azaldu du Josebak. Maddik antzeko sentitzen du. «Hendaian bost urte ematea guretzat sekulakoa izan zen. Lagunak egitea, proiektuak martxan, militantzia... hori bizi izan genuen lehen aldia izan zen. Ez genuen Donostiara bueltatu nahi». Jone Forcada Txillardegiren omenezko jardunaldi batzuetan 2019an. Jagoba MANTEROLA | FOKU DONOSTIARA BUELTA Franco hil ondoren bueltatu zen familia osoa Donostiara. Jone Forcada Añorgako ijito-eskolan hasi zen irakasle. «Amak beti lan egin izan du. Aitak ezin zuen lanik egin ingeniari bezala, modu irregularrean zegoelako. Eta amak beti lana egin behar izan du familia aurrera ateratzeko. Hendaiara iritsi ginenean aitak lana lortu zuen ingeniari bezala eta pixka bat hobetzen hasi zen egoera», gogoratu da Maddi. «Eskola publikoa zen Añorgakoa eta ijitoak joaten ziren bertara. Ama askotan asaldatuta etortzen zen; emaztea ‘maite zuelako’ jipoitzen zuen senarra; haurrei eskolan ematen zieten janaria kentzen zien aita... Amak kezka handia zeukan haur horien egoera hobetzeko eta garbi zeukan haiei ere euskara eman behar zitzaiela. Apustu sozialaz gain, hizkuntzaren erronka ere ikusten zuen. Berak aukeratu zuen hor klaseak ematea», esan du Josebak. Donostian urte batzuk eman eta gero, Amasara joan ziren bizitzera senar-emazteak. «Hendaiatik Donostiara etorri ginenean, hiritik alde egiteko beharra sentitu zuten. Gurasoen ametsa zen baserri batean bizitzea, zakurrak izatea, pianoa jotzea... Amasan topatu zuten baserri txiki bat, Joxe Azurmendiren senideren batena. Donostia utzi eta Amasara joan ziren bizitzera. Beraien ametsa zen eta urte asko bizi izan ziren lasaitasunez bertan». Forcada Asteasuko eskolan hasi zen irakasle. «Eta orduan amaren kezka bihurtu zen Asteasuko haur euskaldun elebakarrak erdaraz ikasi behar zutela. Herri handiagoetan edo hirietan nabarmentzen omen zen gaztelaniaz ez zekitela ondo eta oso gaizki pasatzen zuten haur horiek. Orduan amaren kezka zen ume euskaldunei oinarrizko gaztelania erakustea, haur euskaldunek ez sentitzeko gizartearen gaitzespen hori, ez bizitzeko euskara lotsatik», kontatu du Maddik. Zahartzen ari zirela ikusita, Amasatik Donostiara buelta egitea erabaki zuten. Baserria saldu eta Parte Zaharrera etorri ziren bizitzera. «Amasako baserria saltzeko baldintza bat jarri zuten gurasoek: erosleak euskaraz jakin behar zuen. Etorri zitzaizkien eskaintza batzuk, baina, erdaldunak zirenez, ez zieten saldu baserria. Azkenean agertu zen euskaldun bat eta hari saldu zioten». Amasako Bidarte baserrian utzi zuten isats-pianoa, Txillardegiren liburutegiaren parte handi bat, zakurrak... Isats-pianoak Bidarte baserrian jarraitzen omen du. Bai Txillardegik eta bai Forcadak solfeo ikasketak zituzten eta biek jotzen zuten pianoa. «Pianoa gure haurtzaroaren parte da zalantzarik gabe. Donostiako etxean ez zen kabitzen, baina paretako piano txikiago bat jarri zuten eta biek jotzen zuten. Aitak oso-oso ondo jotzen zuen pianoa eta ordu asko ematen zituen jotzen. Uste dut ideiak ordenatzen laguntzen ziola eta bere kezka asko pianoan botatzen zituela. Jotzen zuen piezaren arabera, bagenekien aitak ze umore zeukan», gogoratu da Maddi. Aitak eta amak, biek omen zuten jenio bizia. «Oso estilo desberdina zuten, baina buruan zerbait sartzen bazitzaien, zaila zen hortik ateratzea. Aita errazago irekitzen zen, besteen iritziak entzuten zituen eta bazeukan gizon jakintsuaren zera hori. Baina jenio bizia zeukan, albistegiak eta entzuten sutan jartzen zen. Amak ez zuen haserre iskanbilatsurik, baina bereari tinko eusten zion. Ideiak oso garbi zeuzkaten biek eta uste dut horretan parte handia zuela beren bizitzan pasa zituztenak. Gozoa zen ama, baina zorrotza. Eta zerbait egitea erabakitzen zuenean, bai ala bai egingo zuen», gaineratu du. Izaera horretatik ulertu behar da Jone Forcadaren azken erabakia ere. Forcada hil baino aste batzuk lehenago. ALVAREZ FORCADA SENDIA AMAIERA ERABAKIA «Denbora luzea zeraman horrela ez zuela bizi nahi esaten, azken urtean batez ere. Pasa den San Fermin egunean 92 urte bete zituen eta abuztuaren 20an esan zigun eutanasiaren protokoloa martxan jarri nahi zuela. Aurretik askotan hitz egin genuen horri buruz eta hor berak erabaki bat hartu zuen. Seguru ote zegoen galdetu genion eta baietz», esan du Josebak. «Uda hasieran pentsatzen ari zen, baina uda asko gustatzen zitzaion; eguraldi ona, argitsua... Egun batean erdi brometan erdi serio esan zuen: udazkenean. Udara gozo pasatuko dut eta udazkenean egingo dugu», jarraitu du alabak. Eta martxan jarri zuten prozesua. Lehendabizi, familia medikuari jakinarazi. «Hasierako une haietan esan ziguten lau bat hilabete iraungo zuela prozesuak. Eta buruan daukat nire lehen gogoeta izan zela ‘lau hilabete? Orduan ama Gabonetan ez da egongo’. Gero, amaren tokian jarrita, konturatu nintzen ez zela denbora gutxi, behin erabakia hartuta lau hilabete asko zela. Lau anai-arrebak elkartu eta erabaki genuen gure betebeharra zela amaren nahia muturreraino eramatea eta laguntzea». Familia medikuarekin lehen eskaera ofiziala egin ostean, bigarrenez ere egin behar da, tartean gutxienez hamabost egun daudela. Horrela ziurtatu nahi izaten da erabakia konbentzituta eta seguru hartu duela eskatzaileak. Maddik abiatu du azalpena. «Bitartean medikua amarekin egotera etortzen zen etxera eta galdera mordoa egiten zizkion; seguru ote zegoen, garbi ote zeukan, norbaitek presionatzen ote zuen... Familia medikuak bitan eskaera onartu ondoren, eutanasia eskaera hori pasatzen zaio beste mediku bati, beste anbulatorio batekoa. Ama ezagutzen ez duen mediku bat izan behar du. Aietetik etorri ziren etxera eta ordubete luze eman zuten amarekin hizketan; zergatik, seguru ote zegoen, bere bizitza errepasatu zuten, bere arrazoiak... Nahiko gauza polita izan zen, egia esan, amari lagundu zion bere erabakia berresten. Familia medikuarekin oso hurbileko harremana zeukan amak, oso sintonia ona zuten. Ezagutzen ez zituen Aieteko mediku eta erizain horiek etorri zirenean, momentu ederra sortu zen. Emakumeak ziren denak eta euskaldunak. Hori oso garrantzitsua zen amarentzat. Ama oso pozik geratu zen elkarrizketa horrekin. Bere bizitza errepasatu eta ase geratu zen. Amaieran amak esan zuen, ‘agian gehiago ere egin nezake’». Gehiago herriaren eta hizkuntzaren alde, noski. Bi txosten horiek aldekoak edo kontrakoak izan daitezke; edo bat aldekoa eta bestea kontrakoa. «Ama ez zegoen gaixotasun terminal batekin eta erabat ezinduta, baina sufritzen ari zen bere gainbehera ikusita eta bazekien zer zetorkion. Gu konturatu gara azken urte hauetan aldaketa bat eman dela eta ulertzen da sufrimendua badela eutanasiarako arrazoi bat. Amaren kasuan bi txostenak aldekoak izan ziren eta Ospitalean dagoen Garantia Batzordera iritsi ziren. Batzuetan berriz elkarrizketaren bat egiten dute. Gure kasuan, batzorde horrek ere baiezkoa eman zuen eta eutanasia aktiborako baimena eman ziguten. Amak bide hori nahi zuen eta guk bere nahia bete genuen», azaldu du Josebak. Batzorde horren baimenak bi hilabeterako balio du. Hortaz, eguna aukeratu behar da. «Mahaian eseri ginen amarekin eta egoera aztertu genuen. Justu anaiari ebakuntza bat egin behar zioten belaunean eta baldintzetako bat zen lau seme-alabak amarekin etxean egotea hiltzen zen egunean. Beraz, lehen baldintza zen anaiak posible izatea. Eta bigarren baldintza, medikuak eta erizainek posible izatea», segitu du. Urriaren 17a aukeratu zuen Jone Forcadak. «Berezia izan da denbora izan dugulako amaren agurra prestatzeko». Aste batzuk lehenago, bost bilobak joan zitzaizkion bisitan abisatu gabe. Eta amonak sekulako hitzaldia eman zien bizitzari eta heriotzari buruz, bizitza duinari eta heriotza duinari buruz noski. Bezperan, urriaren 16an, agurra egin zioten etxean senideek, hamabost bat lagun Forcadaren inguruan. «Amak esan zigun ez ginela asko konplikatuko. Txokolatea eta txurroak jango genituela. Eta halaxe egin genuen. Urteak ziren etxean ez genuela txokolatea eta txurrorik jaten. Eta halaxe elkartu ginen denak amaren inguruan. Kantatu egin genuen, irrintziak bota, barre eta negar egin genuen. Agur eder bat egin genuen», kontatu du Josebak. «Unerik gogorrena bilobak joan zirenean izan zen, amonaz agurtu zirenean. Negar asko izan ziren orduan, baina agurra ederra izan zen», esan du Maddik. Azken bi hilabeteetan askotan esaten omen zuen ea zergatik erabaki behar zuen Estatuak berak noiz hil behar zuen, ez ote zuen berak eskubidea noiz hil erabakitzeko, legea ez zegoela ondo egina. Eutanasiaren Legearen barruan, ahal zuen neurrian Jone Forcadak erabaki zuen noiz amaitu. Eta Forcadaren lasaitasun eta pozerako, azken unera arte ondoan izan dituen osasun langileek euskaraz egin zioten. «Hori garrantzitsua zen amarentzat», nabarmendu du Josebak. Itzali zenean bere ondoan zeuden seme-alabek oso garbi daukate. «Amak heriotza duina izan du». Forcadak bizitza osoan utzitako lezioak asko, askotarikoak eta borraezinak dira, baina azkenengo hilabeteetan eman diena ez dute inoiz ahaztuko. «Heriotza duinaren gaiarekin, amak erakutsi digu hitzetatik ekintzetara pasatzea zer den. Jende askok esaten du gaizki bizi baino, nahiago duela hil, baina gero gehienek bizitzari gogor eusten diogu. Amak erakutsi digu amaiera hau duintasun izugarriarekin eramaten. Beregatik egin du, baina baita guregatik ere. Hurrengo hilabeteetan zetorkigun egoeraren zama hori kendu nahi izan digu», nabarmendu du Josebak. Bere bizitza osoan zehar bultzatu dituen borroken zerrendan oso presente zeukan Jone Forcadak heriotza duinarena. Eta horixe bere azkenengo ekarpena. «Amarentzako askatasuna dena izan da. Eta orain amak ez zeukan askatasunik. Egoera mentalak eta fisikoak bere askatasuna jan egin dute, preso zegoen bere gorputzaren barruan. Bere bizitza guztian hain barneratuak zituen printzipioak eraman ditu azken unera arte. Makal egonda ere, bere bidea askatasunarena izan da. Barruan zeukana ez zen folklore bat, muturrera eraman duen erabaki bat baizik. Niretzako ama oso-oso ausarta izan da. Oso kontziente zen egiten ari zenaz, azken unera arte», iritzi dio Maddik. Hil bezperan, txokolatea txurroekin jan bitartean Jone Forcadak topa egin zuen: «Gora bizitza! Gora maitasuna! Gora askatasuna!».