2025 AZA. 18 - 13:00h Asun Casasola Ipuin Lehiaketak ateak ireki dizkie berriz berdintasunaren aldeko istorioei Azaroaren 25ean, indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egunarekin bat eginez zabalduko da Asun Casasola Ipuin Lehiaketara lanak aurkezteko epea. Emakume eta gizonen arteko gizartea irudikatzera deitu dute, eta bereziki gazteak animatu dituzte parte hartzera. Deialdi berriaren aurkezpena, irudian. (Asun Casasola Ipuin Lehiaketa) GAUR8 Azaroaren 25aren atarian, indarkeria matxista desagerrarazteko nazioarteko egunarekin bat eginez Asun Casasola Ipuin Lehiaketaren edizio berri bat jarri dute abian. Izan ere, egun horretan bertan zabalduko dute lanak aurkezteko epea. 2008ko sanferminetan hil zuten Nagore Laffage gazte irundarraren amaren izena du ekimenak, Asun Casasolak aurrera eramandako borroka ikur gisa hartuta. Deialdi literarioak berak gogoratzen duenez, «izugarria» izan zen «ama honek erakutsitako kemena eta borrokarako grina. Eredu horri aitortza egiteko asmoz sortu zen ipuin lehiaketa 2013an. Bi kategoria ditu lehiaketak, helduentzat bat eta 10-16 urte bitarteko gazteentzat beste bat, eta atal bakoitzean euskarazko eta gaztelaniazko lanak onartuko dira. «Edizio honetan, ipuinen gaia librea da, baina lehiaketaren izaera mantentzeko xedearekin, genero indarkeriaren aurkako borroka ikuspuntu positibo batetik islatzen duten idazkiak bilatzen ditugu. Emakume eta gizonen arteko berdintasun gizarte hori irudikatzera gonbidatzen ditugu parte-hartzaileak», azaldu dute antolatzaileek. Bereziki, 16 urte arteko neska-mutilak animatu dituzte beren kontakizunak bidaltzera, eta gonbita luzatu diete ikastetxeei, parte hartzea susta dezaten. «Asun Casasola da, oraindik ere, ekimen honen motorra, eta hari eta berdintasunaren aldeko bere borrokari omenaldia egitea dugu helburu baita ere», adierazi dute. Saria 300 eurokoa izango da 16 urtetik gorakoen kategorian, eta ehun eurokoa 10 eta 16 urte bitarteko parte hartzaileentzat. Horien kasuan, gainera, Katakrak liburu dendak eskainitako liburu paketea gehitzen da sarira. Lanak aurkezteko epea otsailaren 8ra arte egongo da zabalik, asuncasasolaipuina@gmail.com posta elektronikan, eta martxoan iragarriko dituzte irabazleen izenak. Lehiaketan parte hartzeko oinarriak webgunean daude eskuragarri.