2025 AZA. 19 - 13:10h Klima aldaketaren eraginei buruzko hausnarketa 25ean, Bidebarrieta Kulturgunean Klima aldaketaren eraginak hizpide izango dituzte hilaren 25ean Bidebarrieta Kulturgunean. Guilem Chuste eta Maite Erauskin ikertzaileak gonbidatu dituzte krisi klimatikoak Kantauri itsasoan dituen ondorioetan eta COP30 konferentzian zentratuko den hitzaldira. Kantauri Itsasoan ikusitako ondorioak aletuko dituzte ikertzaileek. (Juan Carlos RUIZ | FOKU) GAUR8 Bilboko Udaleko Bidebarrieta Kulturguneak gaurkotasunarekin lotutako gaien inguruko topaketen atal berri bat hartuko du azaroaren 25ean, klima aldaketaren erronkak ardatz hartuta.Mikel Reparazek gidatuko du ‘Kantauri itsasoa krisi klimatikoaren aurrean, begirada zientifikoa COP30en ondorioei’ izeneko jardunaldia. Guilem Chustek eta Maite Erauskinek hartuko dute parte, klima aldaketaren arduradunak eta AZTIko itsas ekosistemen ikertzaileak, hurrenez hurren.Sarrera librea da lekua bete arte. 19.00etan hasiko den jardunaldia streaming bidez jarraitu ahal izango da.Bilboko Udaletik adierazi dutenez, krisi klimatikoa «informazio agendan bigarren maila batean» dagoela dirudien arren, hilabete honetan COP30 Klima Aldaketari buruzko Nazio Batuen Konferentzia egiten da, urtero antolatzen dena eta 2025ean Brasilgo Belem hiria hartzen duena.Goi bileran, «mundu osoko lehen mailako zientzialari, aditu eta ordezkari politikoek bat egingo dute, planeta murgilduta dagoen klima aldaketa arintzeko edo horretara hobeto egokitzeko neurriak adosteko», azaldu du Udalak. Erronkak, ikuspegi zientifikotikBidebarrieta Kulturgunean egingo den topaketa honetan klima aldaketak planteatzen dituen erronkak azalduko dira ikuspegi zientifiko batetik, hurbilagoko eremu batean zentratuz, Kantauri itsasoan. AZTI zentro zientifiko eta teknologikoko bi hizlariek gai hauei buruz hitz egingo dute: ekosistemen tropikalizazioa, itsas biodibertsitatean tenperatura igotzeak dituen ondorioak, arrantza stocken aldaketak, itsas mailaren edo gero eta ohikoagoak diren denboraleen igoera eta muturreko fenomeno meteorologikoak.Guilem Chust klima-aldaketaren arduraduna da AZTI Itsas eta Elikagaien Ikerketa Zentroan. Doktorea Paul Sabatier Unibertsitatean (Toulouse) eta Bartzelonako Unibertsitateko Ekologia Departamentuan, doktoratu ondoko egonaldia egin zuen Evolution et Diversite Biologique-n (CNRS/UPS, Estatu frantsesa) 2002 eta 2004 artean. AZTIn sartu zenetik, ozeano eta kosta ekologiako proiektuetan parte hartu du.Maite Erauskin AZTIko itsas ekosistemen ikertzailea da. Vigoko Unibertsitatean Itsas Zientzietan lizentziaduna, Itsas Ekologiako Masterra egin zuen Ensenadako Ikerketa Zientifikoko eta Goi Hezkuntzako Zentroan, eta, ondoren, Itsas eta Ingurumen Baliabideetako Doktoretza egin zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. ‘Berex audiovisuales’ eta ‘Asociación GAEA Elkartea’ irabazi-asmorik gabeko erakundeen sortzaileetako bat da.Mikel Reparaz Nazioarteko Informazio zuzendaria da ETBn, eta Informazio Zientzietan lizentziaduna Nafarroako Unibertsitatean (UNAV). ‘Euskaldunon Egunkaria’ eta ‘Diario de Noticias’ egunkarietan hasi zuen bere ibilbide profesionala, eta urte batzuk geroago Bruselara joan zen korrespontsal gisa.Halaber, ordezkari berezi gisa lan egin du hainbat herrialdetan, besteak beste, informazio politikoaren eta gatazka belikoen berri emateko. Reparaz bost urtez egon da EITBrentzat lanean Estatu Batuetan. ‘Las grietas de America. Bajo la piel de un pais dividido’ saiakerarekin Euskadi Literatura Saria jaso zuen 2021ean.