GAUR8

Bortxaketak eta jipoiak salatu dituzte berriki aske gelditu diren gazatarrek

Biluztasuna, jipoiak, bortxaketak -zakilarekin, txakurrekin, botilekin, makilekin-. Palestinako Giza Eskubideen Erakundeak (PCHR) Israelek Gazan atxilotu eta berriki aske utzi dituen gazatarren testigantzak aditzera eman ditu.

Israelgo Ofer kartzela militarra, Jerusalemetik gertu. (EUROPA PRESS)

Israelek berriki aske utzi dituen palestinar atxilotuen testigantzak lazgarriak dira. Tortura fisiko eta psikologiko latzak deskribatu dituzte, tartean, bortxaketak -penetrazio analak, horretarako txakurrak, botilak eta makilak erabilita; sarpen baginala-, derrigortutako biluztasuna, irainak, grabaketak, jipoiak...

«Bildu ditugun lekukotasunek Israelgo Okupazio Indarrek (IOF, ingelesezko siglak) atxilotu palestinarren kontra sexu tortura modu sistematikoan erabiltzen dutela erakusten dute. Presoen duintasuna eta nortasuna suntsitzea dute helburu. Ez dira testigantza eta ekintza isolatuak. Genozidioaren testuinguruan Israel aplikatzen ari den politika sistematikoa da. Milaka palestinar giltzaperatuta daude Israelgo espetxeetan edo atxiloketa gune militarretan. Israelek ez du baimentzen nazioarteko behatzaileek edota Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak presoen egoera gainbegiratzea. Palestinako Giza Eskubideen Erakundeko abokatuek eta ikerlariek lekukotasun lazgarriak dokumentatu dituzte. «Azken bi urte hauetan, Israelgo Okupazio Indarrek milaka zibil atxilotu dituzte Gazako Zerrendan oinarri legalik gabe, soilik zigor kolektibo gisa eta palestinarrak umiliatzeko eta ahalik eta min fisiko eta psikologiko handiena eragiteko asmoarekin», nabarmendu du PCHRk aditzera eman duen txostenean.

N.A. 42 urteko emakume palestinarra da. 2024ko azaroan atxilotu zuten Gazako iparraldeko checkpoint batean. Lau aldiz bortxatu zuten, biluzik zegoela argazkiak atera zizkioten, jipoitu eta elektrodoak jarri zizkioten irain lizunen artean.

Honako hau da PCHRko abokatuari kontatu ziona: «Egunsentian soldaduen garrasiak entzun nituen, goiz horretan otoitz egitea debekatuta zegoela oihukatzen. Nire atxiloketaren laugarren eguna zela uste dut. Soldaduek ezagutzen ez nuen gela batera eraman ninduten, begiak estalita. Arropa kentzeko agindu zidaten. Metalezko mahai batean jarri ninduten, bularraldea eta burua metalaren kontra estutuz. Eskuak ohera lotu eta hankak modu bortitzean separatu zizkidaten. Zakil bat nabaritu zuen nire ipurtzulotik sartzen. Garrasika hasi nintzen, bizkarrean eta buruan jotzen hasi zitzaizkidan. Nire ipurtzulo barruan nola eiakulatzen zuen sentitu nuen. Garrasi egiten jarraitzen nuen, eta haiek ni jipoitzen. Kamera baten zarata entzun nezakeen; pentsatzen dut grabatzen ari zirela. Bortxaketak hamar minutu iraun zituen».

Ordubetez posizio berean egon ostean, «biluzik, eskuak metalezko eskuburdinekin ohera lotuta, aurpegia ohearen kontra eta oinak lurrean, berriro bortxatu ninduten, baina baginatik. Hainbat soldadu zeuden gelan. Barre egiten entzuten nituen eta kamera baten klikak ere entzuten nituen, argazkiak egiten egongo balira bezala. Bortxaketa oso azkarra izan zen eta ez zen eiakulaziorik egon. Ezin dut deskribatu zer sentitu nuen. Hiltzea desiratu nuen une oro. Logela berean utzi ninduten arroparik gabe ordu luzez. Soldaduak kanpoan barrezka eta hebreeraz hitz egiten entzun nitzakeen. Baginatik bortxatu ninduten berriz ere. Kontra egiten saiatzen nintzen bakoitzean buruan eta bizkarrean jipoitzen ninduten. Ordubetetik gora pasatu ostean, aurpegia estalita zuen soldatu bat sartu zen. Begietako benda kendu zidan; berak ere aurpegia bistan utzi zuen. Errusiarra zela esan zidan, zakila atera eta masturbatzeko esan zidan. Uko egin nion. Aurpegian jo eta bortxatu egin ninduen. Hiru egun pasa nituen gela horretan. Lehenengoan bi aldiz bortxatu ninduten; bigarrenean, beste bi, eta, hirugarrenean, biluzik utzi ninduten atetik begiratu eta grabatzen zuten bitartean. Soldadu batek nire argazkiak sareetan zabalduko zituztela esan zidan. Hilekoa jaisten hasi zitzaidan, orduan arropa janzteko esan eta beste gela batera eraman ninduten».

ENTRENATUTAKO TXAKURRAK

Al Shifa ospitalean atxilotu zuten A.A. 35 urteko gizonezkoa, 2024ko azaroan. 19 hilabetez egon zen preso Sde Teiman gune militarrean. «Erabat biluzik geunden. Txakurrekin sartu ziren soldaduak, gure gainean pixa egin zuten. Horietako txakur batek bortxatu ninduen. Horretarako entrenatuta zegoen; txakurraren zakila ipurtzuloan sartzen nabaritu nuen. Bitartean soldaduek jo egiten ninduten eta aurpegira gas-negargilea botatzen zidaten. Txakurraren erasoak hiru minutu iraun zituen gutxi gorabehera, baina tortura saioa hiru orduz luzatu zen. Jipoien ondorioz, guztiok zauriak genituen. Umiliazio izugarria sentitu nuen; psikologikoki apurtu nintzen. Kontrola galdu nuen. Sekula ez nuen pentsatu horrelakorik pairatuko nuenik. Mediku batek anestesiarik gabe zazpi puntu eman zizkidan. Ubeldurak nituen eta gorputz-adarretan hausturak, baita saihets batean ere».

Pasa den urriaren 14an, Israelek aske utzi zituen presoei harrera egin zieten Naser ospitalean, Khan Yunisen, Gazako hegoaldean. (XINHUA / EUROPA PRESS)

Kamal Adwan ospitalean desplazatuta zegoela antzeman zuten T.Q. 41 urteko gizonezko palestinarra, 2023ko abenduan. 22 hilabetez torturatu zuten, tartean sexu tortura sufritu zuen. Emaztea bere aurrean bortxatzearekin ere mehatxatu zuten.

«Soldadu batek bortizki bortxatu ninduen egurrezko makila bat ipurditik sartuz. Minutu bat pasatakoan atera egin zuen, baina ondoren berriro sartu zuen indar gehiagorekin. Oso ozen oihu egin nuen. Ahoa irekiarazi eta makila sartu zidan, hura miazkatzeko aginduz. Estutasunak hartuta, konortea galdu nuen. Emakume militar bat sartu zen eta gu gehiago ez jipoitzeko agindu zien. Eskuak askatu zizkidan eta peto txuri bat eman zidan janzteko. Baso bat ur eman zidan edateko. Ipurdian odola sumatzen nuen eta komunera joatea eskatu nion. Begietako benda kendu eta zapi batzuk eman zizkidan. Garbitzerakoan papera odoleztatuta zegoela ikusi nuen. Odola egiteari utzi nionean, petoa jantzi nuen. Komunetik atera bezain laster, begiak estali zizkidaten eta plastikozko lokarri batzuekin eskuak sorbaldaren atzean lotu».

Gaza Humanitarian Foundation erakundearen «laguntza» banaketa gune batetik gertu atxilotu zuten M.A. 18 urteko gazatarra. «Ni eta beste sei atxilotu belauniko jarri gintuzten. Botila bat sartu zidaten ipurtzulotik lau aldiz. Saio bakoitzean, hamar aldiz sartu eta atera zuten. Bi alditan niri soilik sartu zidaten, baina, beste bietan, beste preso batzuekin batera bortxatu ninduten; batean beste sei presorekin nengoen, eta, bestean, hamabirekin. Botila sartzen zidaten bitartean, besteei nola egiten zieten ikus nezakeen. Gure atzean txakur bat zegoen; gu bortxatzeko prest zutela zirudien. Gure duintasuna suntsitu dute. Hau gertatu aurretik nire ikasketekin jarraitu nahi nuen, baina orain esperantza oro galdu dut».

Nazioarteko legedia urratzeaz gain, atxilotuek deskribatutako torturak «genozidio ekintza gisa» sailka daitezkeela ohartarazi du PCHRk: «Gizatalde jakin bateko kideei min fisiko eta psikologiko handia eragiteko helburua dute ekintzok, baita pertsonoi bizitza osorako ondorioak eragitea ere».

Nazio Batuei, bereziki torturaren eta genozidioaren aurkako kontalari eta adituei, eta giza eskubideen aldeko erakundeei hots egin die PCHRk berehalako neurriak har ditzaten atxilotu palestinarren kontrako tortura sistematikoak ekiditeko eta «Israelek modu arbitrarioan atxilotu dituen palestinarrak askatzeko». Milaka preso hiltzeko arriskuan daudela ohartarazi du, azaroaren 3an, Knesseteko Segurtasun Nazionaleko Batzordeak heriotza zigorra ezartzea baimentzen duen lege zirriborroa onartu baitzuen. Desagertuta dauden atxilotuekin zer gertatu den jakitea eta Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeak atxilotuak mugarik eta baldintzarik gabe bisitatu ahal izatea exijitu du PCHRk.