GAUR8

Duela bost urte zendu zen Sabina de la Cruz, Blas de Oteroren poesiaren jagolea

Gaur bost urte, covid-19 pandemiaren bete-betean, Sabina de la Cruz olerkaria, irakaslea eta ikertzailea zendu zen Bilbon. 91 urte zituen eta Blas de Otero Fundazioaren buru zen. Maitasun keinu handi baten egile, urte luzeetan bikotearen ondare poetikoa bildu eta zabaldu zuen emakume honek. 

Sabina de la Cruz eta Kepa Junkera, 2011an. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Bost urte bete dira gaur Sabina de la Cruz poeta eta irakasle bizkaitarra zendu zenetik, Bilboko ospitale batean, Covid-19ak jota. 2020ko azaroaren 27a zen.

1929an Sestaon jaio zen Sabina de la Cruz ikerlari, irakasle eta literatur kritikaria. Blas de Otero Fundazioko presidentea zen 1999. urtetik eta bere ondare intelektual eta pertsonala Blas de Otero bilbotar poetari lotuta dago erabat: Euskal Herriko XX. mendeko poeta erdaldunen artean, sona berezia baitu Blas de Oterok (Bilbo, 1916 - Majadahonda, Madril, 1979), bera izan baitzen, Gabriel Celayarekin batera, ‘poesia soziala’ deitutako mugimenduaren ordezkari nagusia, eta gerra ondorengo olerkaririk garrantzitsuenetako bat Estatu espainiarrean.

Baina nor zen Sabina de la Cruz? Sestaon jaio zen 1929an, eta lehen gaztarotik kultur jardueretan parte hartu zuen. Euskal Herriko artista, poeta eta intelektual anitzekin harremanak izan zituen, hala nola Agustin Ibarrola, Vidal de Nicolas, Gabriel Celaya, Angela Figuera edo Gregorio San Juan. Estatu espainiarreko idazle garrantzitsuenekin erlazionatu zen eta Alderdi Komunistako kidea izan zen frankismoaren garai ilunetan, bikotea izango zuen Blas de Oterok legez.

Sabina de la Cruz gogotsu aritu zen olerkigintzan 60ko hamarkadaren erdialdera arte, baina poesia baztertu eta literaturaren ikerketari ekin zion bere bizitza profesionalean. Batez ere Blas de Otero senarraren lana ikertu, bultzatu eta zabaltzea izan zuen xede bere bizitza osoan. 

Filologia Erromanikoan doktorea, Madrilgo Unibertsitate Konplutensean Filologia Erromanikoa, Italiar Dialektologia, Euskal Hizkuntzalaritza eta Espainiar Literatura Garaikideko klaseak eman zituen hiru hamarkadetan. «Madrilgo Unibertsitate Konplutensean euskararik baldin badago, nik horretaz arduratzea erabaki nuelako izan zen. Nik euskara eta gaztelaniaren arteko harremanaz egina nuen tesina, Mitxelenaren babesean osatu nuen. Hala ere, ez nekien euskaraz hitz egiten, beraz hasieran plaza eskaini zidatenean erokeria hutsa iruditu zitzaidan. Ordurako, ikasle dezentek ematen zuten izena ikastaroetan, eta, beraz, onartu egin nuen, hizkuntza menderatzen zuen pertsona bat zegoenean nik utziko nuelaren baldintzarekin. Eta hala izan zen», aipatu zuen 2012an eginiko elkarrizketa batean.

Erretiratu eta Euskal Herrira itzuli zen. Zendu zenean, Jonathan Martinezek gogora ekarri zituen NAIZen Artzentaleseko etxean egiten zituzten solasaldiak,. «Arratsalde luzeak eman genituen han, orain altxortxo bat bezala gordetzen ditudanak gogoan. Frankismo garaian, liburu ‘kaltegabeen’ barnean debekatuak gordetzen zituztela kontatu zidan. Esan zidan ere Blas de Oterok Beatlesen erritmoan idazten zuela Majadahondako bere etxean».