GAUR8
Elkarrizketa
Ekhiñe Zapiain Arlegi
Finalista

«Lehen aldia behin bakarrik izanen da eta ahal bezainbat zukutu nahi dut esperientzia»

2002an jaiotako beratarrak 2021ean parte hartu zuen lehenengoz Nafarroako Bertsolari Txapelketan eta hauxe izanen du lehen finala. Azken bi urteotan plazetan izan duen garapena eta eman duen saltotxoa erakustera doa.

(Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Zer moduz zaude?

Urduri, egia erran. Baina kontent, hagitz kontent. Beldur pixka bat nuen, Nafarroa Arenaz nuen irudia Txapelketa Nagusiko finala zelako. Ni entzule bezala egon nintzen eta sekulako plaza zen hura, sekulako dimentsioa zuena. Aurkezpenean pixka bat lasaitu nintzen. Lekua ikusi genuen, oholtza non kokatuko zen erran ziguten, publikoa non... eta ikusi nuen handia izanen dela baina final hura baino ttikiagoa eta hurbilagoa.

Ez duzu inoiz hainbertze jenderen aitzinean kantatu.

Eta horrek hasieran ezinegon bat sortzen zidan. Baina bertze finaletan kantatzeko aukera izan duten finalistek aipatzen zidaten momentu bat ailegatzen dela jendea masa izatera pasatzen dena, ez zarela hainbertze ohartzen zenbat jende dagoen eta ikusten duzun bakarra jende multzo bat dela. Gainera, kontatu zidaten jendeak indarra ematen duela. Saio hagitz beroa da, jendeak aunitz erantzuten du, giroa hagitz bero dago, hagitz goxo, eta orokorrean dena aunitz eskertzen da. Erraten zidaten normala zela bertigoa ematea, baina horrek momentuan bulkada bat emanen didala seguru. Horren zain nago! [irriz].

Kideen laguntza jasotzen ariko zara, ezta?

Bai, bai, eta eskerrak. Aurkezpenean bertze lasaitu bat hori izan zen, zortzi finalistak elkartu ginelako, gainera elkarrekin gelditu ginen bazkaltzera. Mahaiaren bueltan bertze lasaitasun batekin aritu ginen solasean eta hori pila bat eskertzen dut. Denek oroitzen dute beren lehendabiziko aldi hura. Beti da berezia, lehenbizikoa delako. Aldi berean eskertzen dut Eki dagoela nire gisa lehendabiziko aldi baten aitzinean, horrek ere babes bat ematen didalako, ohartzen naizelako ez naizela bakarra egoera horretan.

Finalerako helbururik jarri al diozu zure buruari?

Topikoa da gozatzea erratea, baina hori da nahiko nukeena. Erdi beldur eta ezinegon horiek alde batera uztea. Azken bi urteetan, azkeneko txapelketatik, bai sentitu dut bertsoarekiko kontrola edo soltura hartu dudala; bertze modu batean bizi dut bertsoa, erosoago nago, kontzienteago. Segurtasun bat eman dit horrek nigan. Aurtengo txapelketako helburua bai zen hori islatzea saioetan eta uste dut hein handi batean lortu dudala edo, behintzat, sentitu dut kantari ari nintzela, ari nintzela kantatu nahi nuen hori ongi pentsatzen, ondokoa ere aditzen, erne egoten... Horrek irautea nahiko nuke finalean ere. Lehendabiziko aldia behin bakarrik izanen da, orduan, nahiko nuke ahal bezainbertze zukutu esperientzia hori, kontrol horretatik, zer erran nahi dudan jakinez, bertsoaren puntu bakoitza pentsatzen eta borrokatzen, esaldirik alferrik ez botatzen.

Nola sentitu zinen Agoitzeko finalaurrekoan?

Ongi, egia da irristada batzuk egin nituela. Bat-bateko bertsolaritza badakizu nolakoa den, segundo batean hartzen duzun erabaki ttiki horrek aunitzetan nahi baino gehiago baldintzatzen du. Baina bukatu zenean eta puntuazioa aditu nuenean kristoren poza sentitu nuen ikusi nuelako bigarren postua zuen Saioagandik hagitz hurbil nintzela. Saioa bukatu bezala oroitzen naiz jendea poz horrekin etorri zitzaidala, zoriontzen. Oro har txapelketa honetan babes handi-handia sentitu dut. Publikoan zegoen jende baten aldetik poza sentitu dut. Poz konpartitu bat. Hori izan da txapelketa honetan politena, inguruaren babesa.