2025 AZA. 27 - 17:35h Elkarrizketa Eki Mateorena Zozaia Finalista «Presiorik gabe eta nire buruari gozatzeko baimena emanda noa finalera» Leitza, 2005. Bigarren Nafarroako Txapelketa du aurtengoa, lehen finala. Aparretan dago, finalista berriaren apar gozotan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) Amagoia Mujika Nola zaude? Lainoan edo hankak lurrean? Ez dakit lainoan edo lurrean, baina oso pozik nago. Sekulako ilusioa egin zidan finalera pasatzeak eta poz hori gorpuztu nahian ari naiz. Lehen finala eta finalista berriaren tokitik. Toki ona da. Pentsatzen dut lehen finalak beti ilusio berezia egingo duela. Eta Ekhiñerekin batera pasatzeak are handiagoa ematen dit, harreman berezia dudalako berarekin. Ederra da une hori berarekin partekatzea. Nola begiratzen diozu hitzorduari? Ez diot puntuetatik begiratzen. Gozatu egin nahi dut, esan nahi dudana esaten ahalegindu... Hori da nire helburu nagusia. Nondik iritsi zara bertsogintzara? Leitzako bertso eskolan hasi nintzen eta gero Harituzen, Tolosako bertso eskolan, ibili naiz urte batzuetan. Eta orain, ahal dudan bezala. Donostian ikasten dut eta bertan elkartzen naiz bertsolari batzuekin, Leitzan beste batzuekin... Ez naiz inongoa eta leku guztietakoa naiz aldi berean. Adimen Artifizialeko ikaslea zara. Bai, hirugarren urtean nago. Puri-purian dagoen gaia da eta erabakia horregatik hartu nuen. Orain zerbait interesgarria aurkitu nahian ari naiz. Bertsolaritza eta adimen artifiziala. Oso desberdinak al dira bi munduak? Itxura batean oso mundu kontrajarriak dirudite, bat oso gizatiarra eta literarioa den bitartean, bestea oso zientifikoa delako. Baina konturatzen ari naiz antzekotasun handiak dituztela eta hizkuntza aldetik erronka antzekoak plazaratzen dituztela. Irtenbide bat aurkitzekotan, hortik saiatuko naiz bide bat topatzen nire ikasketei. Adimen artifiziala eta bertsolaritza. Dagoeneko badaude lanketa batzuk eginak eta erronka berriak ere badaude, bertsolaritza ez gelditzeko adimen artifizialaren mundu berri eta supermagiko horretatik at. Hori da interesatzen zaidan alorra eta saiatuko naiz hor muturra sartzen. Nola irudikatzen duzu Nafarroa Arena finalaren egunean? Oraindik ez dut irudikatzen. Anaitasunako plaza errazago irudikatzen dut, baina orain plaza berria izanda, gehiago kostatzen ari zait. Badakit urduritasuna saihetsezina izango dela, baina nire burua gozatzen eta esperientzia izugarri horrekin ahal den gehiena betetzen irudikatu nahi dut. Zerk ematen dizu bertigo gehien? Txapelketa osoan zehar beti izaten da zure buruarekin zalantza; maila emango ote duzun, ideiaz fresko arituko ote zaren... Egia da finalari begira beldur horiek areagotu egiten direla. Baina, aldi berean, finalera presiorik gabe eta nire buruari gozatzeko baimena emanda noa. Nahiko baikor ari naiz irudikatzen finala, baina gero egunean bertan han egon behar da eta bertsotan egin behar da. Zein da gehien gustatzen zaizun ariketa? Eta zein gutxien? Zaila da esatea. Egia da hamarreko txikiko ariketari maitasun berezia diodala. Orokorrean gustatzen zait eta ariketa horretan gustura gelditzen naiz normalean. Gutxien gustatzen zaidana, exijentzia gehien eskatzen didalako seguruen, bakarkako ariketa eta puntu erantzunena izaten da. Gero gozamenerako aukera gehien ematen duten ariketak dira, baina tentsio gehien sortzen didatenak ere badira. Orain arteko txapelketaren bidean, nola sentitu zara? Hasieran kostatu egin zitzaidan nire burua aurkitzea. Lehen fasean egindako saioarekin erdi zelebre geratu nintzen, gorputzaldi arraroarekin. Gero, finalerdian, lortu nuen nire burua gehiago aurkitzea, baina akatsak ere identifikatu nituen. Oso pozik nago finalean kantatuko dudalako, baina sentsazio aldetik badut arantzatxo bat eta saiatu nahi dut finalean hori ateratzen. Pentsatzekoa da zure inguruan ilusioa nagusitu dela. Soinu asko sumatzen duzu? Bai, soinu ona zentzu guztietan. Nire inguruko jendearentzat ilusio berezia izaten ari da eta finalista berriak dakarren euforia hori sentitzen ari naiz. Babes horrekin gozatzen ari naiz, ingurukoen pozarekin ere asko ari naiz pozten. Zein marka egin nahi diozu finalari? Oroitu behar banaute, gozamena transmitituz eta bereziki zerbait esanez izan dadila. Behin finala bukatuta, esan behar nuena esan dudala sentitu nahiko nuke. Zerbait esan duen bertsolari bezala oroitua izan nahi nuke. Ea lortzen dudan finalera iristea gehiegi estutu gabe, baina gehiegi lasaitu gabe, tamainan. Hori da erronka.