2025 AZA. 29 - 00:00h DATABASA: Erresistentzia digital feministak Mijo Lizarzaburu EHUko ikerlaria eta militante transfeminista Kapitalismo digitalean bizi gara, Interneta, unibertsitate askotako ikertzaileen lan eta finantzaketa publikoz sortu zen arren, gaur egun (90eko hamarkadan egindako erreforma neoliberalen ondorioz) Musk, Bezos edo Zuckerberg bezalako teknofaraoi gutxi batzuen esku pribatuetan geratu da. Horiek dira erabiltzen ditugun aplikazioen jabeak, bertara igortzen ditugun datuenak. Baina arazoa benetan larriagoa da, kontua ez baita soilik nor den sortzen ditugun datuen jabe, baizik eta nola lortu duten gure bizi esperientziak datuetara erreduzitzea, teknologiaren bidez populazioa metadatura mugatzea. Hori da kapitalismo digitalaren oinarri nagusia: eguneroko bizitza merkaturatu daitekeen lehengai bihurtzeko gaitasuna. Sare sozialetarako sortzen ditugun eduki digitalek edo partekatzen ditugunek lan indar ez ordaindu bihurtzen gaituzte, produktua gu gara bi zentzutan, alde batetik, gu garelako informazioa sortzen dutenak besteek kontsumi dezaten (sortzaileen gehiengoak ezer kobratzen ez duen bitartean), eta, bestetik, eduki digital horiek kontsumitzean sortzen ditugun datuak direlako merkantzia lehena. Batek esan dezake hori nolabaiteko borondatezko autoesplotazio forma bat dela, inork ez zaituela behartzen zure datuak partekatzera eta zu zarela erabakitzen duena Instagram kontu bat egitea, zure argazkiak igotzea edo cookie-ak onartzea. Egia da inor ez dagoela behartua Instagram kontu bat izatera edo argazkiak igotzera, baina behartua ez egoteak ez du zertan askatasuna inplikatu. Nerabe bati sare sozialak alboratzeko eskatzea bere lagunekin harremanetan egoteko duen bide nagusietako bati uko egiteko eskatzea da; inor ez da aske presio sozial eta kulturalaren barruan. Cookie-ak onartzeko askatasunarekin ere berdina gertatzen da; askatasun eta adostasun itxura duten cookie politikak onartzeko eskatzen digute, badakitelako ia inork irakurtzen ez dituen kontratu luze eta teknologikoki konplexuak direla onartzen ditugunak. Gainera, onartu ezean webgunearen funtzio erabilgarrienak desgaitzen dituzte; beraz, edo onartu edo ezer, oso aske. Baina teknokapitalistentzat ez da nahikoa “borondatez” partekatzen ditugun datuak merkantilizatzea, datu gehiago produzitu nahi dituzte, eta horretarako bidea martxan dago dagoeneko smart produktu etiketapean. Smart produktuak egunero erabiltzen ditugun gailu digitalak dira, lehen modu mekanikoan edo elektrikoan funtzionatzen zutenak, xurgagailuak, termostatoak, hozkailuak , kafe-makinak. “Gailu adimendunek” datuak ematera behartzen gaituzte funtzio esentzialetara iristeko (kafea egin, lurra erraztu), eta, erabiltzaileak datuak partekatzeari uko egiten badio, ez dute funtzionatzen. Horrela, eguneroko bizitza erreproduzitzeko beharrezkoak zaizkigun gailuak tresna menderatzaile bihurtzen dira: funtzionatzen dute soilik erabiltzaileak datuen etengabeko erauzketa onartzen badu. Horri esker, bizitzako espazio intimoenak merkatuaren esku geratzen dira. Horren guztiaren emaitza esperientzia pertsonala sistematikoki merkantilizatzen duen gailu ezberdinez osatutako jazarpen sare digitala da. Ez dira produktu adimendunak, datuak jasotzeko artefaktuak baizik; hemendik aurrera dena bihurtzen da bigilantzia gailu, kalean dauden milaka kameretatik hasi eta zure komunean dagoen hortzeko eskuila elektrikoraino. Beharrezkoa da feminista, antirrazista eta antikapitalistok horren guztiaren inguruan hausnartzea, alternatibak pentsatu eta merkantilizaziotik kanpo subiranotasun digitala ekarriko duten transformaziorako prozesuak aktibatzea. Horretarako bilduko gara azaroaren 26tik 29ra Feministaldiaren DATABASA edizioan, teknodominazioari aurre egiteko ezinbestekoa delako erresistentzia digital feminista. •