GAUR8

Oscar Wilde bakarrik eta ahanztuta zendu zen Parisen orain 125 urte

Gaur 125 urte bete dira Oscar Wilde idazle irlandarra hil zela. Literatura modernoaren aitzindarietakoa, aditu askoren ustez, ingeles literaturako idazle onenetakoa izan zen. Parisen pobre hil zen Wilde, baina, 125 urte buruan, Dublinen eta Enniskillenen ekitaldi ugarik gogorarazi dute bere ondarea.

Oscar Wilderen irudi ikoikoa. (Napoleon Sarony | WIKIMEDIA COMMONS)

1900eko azaroaren 30ean hil zen Parisen Oscar Wilde, munduko literaturaren egile handienetako bat. Sebastian Melmoth bihurtuta –inork jakin ez zezan nor zen hartu zuen izena–, Parisen eman zituen azken urteak, pobre, gaixo eta alkoholismoren menpe. Hil baino lehentxeago katolikoa egin zen.

Pariseko Pére Lachaise hilerrian dago lurperatuta, XIX. eta XX. mendeetako beste artista eta pentsalari ospetsuenetako batzuekin batera. Hil eta bederatzi urtera, Vyvyan semeak hara eraman baitzituen bere gorpuzkiak. 

Eta bakarrik eta ahaztuta hil zen arren, homosexualitateagatik ezarritako zigorraren ondorioz bizitza erabat aldrebestu zitzaiolako, denbora igaro ahala, Wilderen ondare literarioak merezi zuen tokia lortu zuen. Gaur egun bere lanek liburutegi guztietan, liburu-dendetan eta gizartean oihartzuna izaten jarraitzen dute, egileari dagokion lekura eta ospera itzulita. Horren adibide, 2025ean Irlandan bere omenez antolatutako ekitaldi anitzak. 

Arlo asko jorratu arren (poesia, antzerkigintza, saiakera, ipuingintza, kazetaritza...), nobela bakarra idatzi zuen irlandarrak: ‘The Picture of Dorian Gray’ (1891), agian bere lanik ikonikoena. 

Oscar Wilde goi mailako familia batean jaio zen, Dublinen, 1854an. Oxfordeko Magdalen College-n lizentziatu zen, 1878an, nota onenarekin, eta Londresko giro intelektual eta sozialean murgildu zen. Han ezagutu zuen bere emaztea izango zena, Constance Lloyd, eta eroso bizi ziren emaztearen doteari esker. Bi seme-alaba izan zituzten.

Wildek, baina, ez zuen bere homosexualitatea ezkutatu eta maitale zuen Alfred Douglasen aitak sodomia leporatu zion. Epaiketa oso sonatua izan zen 1895eko gizarte puritanoan: prentsa eta iritzi publikoa kontra izan zituen, eta bi urteko kondena ezarri zioten Wilderi. Isolatuta eman zituen kartzelako bi urteak eta, ateratzean, Estatu frantsesera erbesteratu behar izan zuen, Londresen inork ez zuelako berarekin harremanik izan nahi.