GAUR8

Klima aldaketa mehatxu larria bihurtu da errefuxiatu eta desplazatuentzat

UNHCRn txosten baten arabera, gerratik ihes egin duten milioika pertsona harrapatuta geratu dira gero eta arriskutsuagoak diren lurraldeetan, uholdeek, lehorteek eta muturreko beroak munduko gainerako lekuetan baino gogorrago jotzen duten bazterretan.

Gizon bat rohingya etniako errefuxiatuak hartzen dituen Cox's Bazarko (Bangladesh) kanpaleku batean. (Mirja VOGEL | EUROPA PRESS)

COP30 biltzarrak mezu ezagun bezain deseroso batekin ireki zituen ateak Brasilgo Belem hirian: gizarteak hauskorragoak eta desorekatuagoak diren lekuetan, krisi ekologikoaren inpaktuak areagotu egiten dira, eta bertan egiten diote aurre errefuxiatuek eta desplazatuek ziztu bizian estutzen zaien etorkizunari. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren “No Escape II” txostenak, biltzarrarekin batera aurkeztutakoak, ohartarazten du indarkeriatik ihes egin duten milioika pertsona harrapatuta bizi direla klima gero eta muturrekoagoa duten eskualdeetan. Txostenaren lehen orrialdeetan, diagnostikoa laburbiltzen duen esaldi biribil bat agertzen da: «Ez dago ihesbiderik gerratik ihes egin dutenentzat».

Batzar klimatikoetara joaten diren herrialde “garatuak”, hiri babestuen segurtasunetik, eraikin klimatizatuetatik eta funtzionatzen duten alerta-sistemak dituzten lurraldetatik heltzen dira -Valentzian gertatutako zabarkeria salbuespen-. Errefuxiatuentzat, aldiz, errealitatea kontrakoa da: krisi klimatikoa gehien sufritzen duten lurraldeetan bizi dira, erantzuteko gaitasun askoz txikiagoa duten estatuetan.

UNHCRn txostenak desorekaren tamaina erakusten du: lekualdatutako lau pertsonatik hiru -117 milioi inguru guztira-, herrialde bereziki kalteberetan daude, hau da, lehorteak errepikatzen diren lekuetan, uholdeek herrixka osoak suntsitzen dituzten eremuetan, muturreko beroa ohikoa den eskualdeetan, ekosistemak erabat degradatuta dauden tokietan. Lurralde horietan, nahikoa da ekaitz bat edo beroaldi bat komunitateek berreraikitako guztia desegiteko.

Dokumentuak zehatz-mehatz deskribatzen du planetako errefuxiatu esparru handienetako asko baldintza klimatikoak muturrekoak diren lekuetan kokatuta daudela. Kokapen hori ez da kasualitatea, noski. Gobernuek bazterreko lurzatiak laga ohi dituzte kokaleku horiek ezartzeko, hiriguneetatik urrun eta nekazaritzarako balio gutxiko eremuetan. Ondorioz, komunitate osoak lurzoru higatuetan, mendi-mazela ezegonkorretan eta uholde arrisku handiko lautadetan eraikitako kanpalekuetan bizi dira, drainatze sistemarik, itzalik eta oinarrizko azpiegiturarik gabe, urtetik urtera gero eta klima bortitzagoa jasaten duten lekuetan.

KOKAPENAREN KONDENA

Txostenak bereziki argigarria den grafiko bat jasotzen du, errefuxiatu esparruen kokapena osotasun ekologikoaren eta espezieen aberastasunaren adierazleekin gurutzatzen duena. Bada, Afrikako kokaleku horien erdia baino gehiago ekologikoki degradatutako inguruneetan daude; paisaia horiek birsortzeko gaitasuna galdu dute jada, eta ia ez dute biziraupena ahalbidetzeko jarduerarik. Horrelako lekuetan, edozein ekaitz, lehorte edo zikloi hondamendia da oso gutxirekin bizirauten duten komunitateentzat.

Goma kanpoaldean dagoen errefuxiatu esparrua, Ipar Kivu probintzian, Kongoko Errepublika Demokratikoko ekialdean. (Nety ZAIDI / EUROPA PRESS)

Yemenen, esaterako, barne desplazatuen kanpalekuen %30 urpean geratzeko probabilitate handiko lurretan daude. Bangladeshen, muturreko euriek Cox's Bazarko hegalak lokatzezko tranpa bihurtzen dituzte, banbuzko etxebizitzak txikituz. Kenyan eta Etiopian tenperaturak hain altuak dira, beroak ganadua hil eta laboreak suntsitzen dituela; errefuxiatuen artean ere arnas gaixotasunak eta deshidratazioa eguneroko ogia dira.

Hego Sudanen, egoera katastrofikoa da termino humanitarioetan. Herrialdeak uholdeak pairatzen ditu etengabe; ezohiko fenomenoa izan beharrean, kroniko bihurtu dira jada euri jasa bortitzak. 2024an, uholdeek komunitate osoak urpean utzi zituzten, eta lekualdatutako milaka familia berriro mugitzera behartu zituzten. Laboreak hiru aldiz galdu ziren urte berean, eta jende askok asteak eman zituen aire zabalean lo egiten, alde guztietatik urez inguratuta baina edateko iturri bakar bat ere eskura izan gabe.

Eguneroko bizitzak ere ez dio ihes egiten hondamendiaren logikari. Afganistanen, txostenak barne desplazatuen kasua jasotzen du. Inolako baliabiderik gabe, muturreko beroari aurre egiteko ura hozteko buztinezko pitxerrak erosteko dirurik ere ez dute askok. Batzuek aire girotuko aparatuak instalatzen dituzten bitartean, beste batzuek ez dute egunean bi otordu egiteko aukerarik ere. Azken batean, arrakala ekonomikoa arrakala klimatiko bihurtzen da, biziraupena bera arriskuan jartzen duen arrakala.

Muturreko beroa mehatxu isil bihurtu da errefuxiatuen esparruetan. Txostenaren arabera, 2050erako, posible da munduko hamabost eremu beroenek urtean 200 egunetan estres termiko arriskutsua erregistratzea. Europan izugarrizko alerta litzatekeena, lurralde horietan normaltasun bihurtuko da. Eta olanazko babesleku bakar batek ere, aireztapenik eta isolamendurik gabe, ezin du babestu asteak 40-45 gradutik gorako tenperaturatan ematen dituen giza gorputzik.

Etiopiako errefuxiatuak Um Raquba esparruan, Sudanen. (Will CARTER / EUROPA PRESS)

Larriagotze hori, gainera, muturreko gizarte-kalteberatasunekin konbinatzen da. Dokumenturik ezak milioika pertsona uzten ditu laguntza-sistema ofizialetatik kanpo. Askok ez dute alerta goiztiarreko baliabideetan izena ematerik, kredituak eskuratzerik, dirulaguntzak jasotzerik edo askatasunez mugitzerik. Eta larrialdi bat deklaratzen denean, errefuxiatuak izan ohi dira informazio ulergarria jasotzen azkenak: alertak ez dira euren hizkuntzetara itzultzen, ez dira kanal irisgarrien bidez iristen edo beranduegi igortzen dira.

KOLPATUENEN EGOERA

Emakumeak dira, berriz ere, kolpatuenak. Hego Sudanen eta Ugandan, UNHCRn arabera, oinarrizko baliabideak lortzeko presioak biziraupen estrategia arriskutsuak erabiltzera eraman ditu asko, hala nola sexu transakzionala, haurren ezkontzak edo alkohola indarkeria mehatxupean fabrikatu eta saltzea. Eskasia, muturreko beroa eta laguntza-sarerik eza konbinatzeak arriskuak biderkatzen ditu.

Haurrak, berriz, ekaitz perfektu baten aurrean daude. 2016tik 2023ra bitartean, 62 milioi haur desplazatu ziren klimarekin lotutako arrazoiak tarteko, egunean 21.000 baino gehiago. Babes egokirik gabe, adingabeak sistemaren arrakaletan erortzen dira: dokumentaziorik eza, eskolatzeko zailtasuna, gaixotasunak izateko arrisku handiagoa eta uholdeak bezalako inpaktuekiko esposizio zuzena.

Klimaren faktorea oso gutxitan lotzen da nazioarteko gatazka politikoekin, baina txostenak horretan sakontzen du, ingurumen-krisiak tentsio eta gatazka armatuak elikatzen dituela ondorioztatzeko. Sahelen, lurraren degradazioak abeltzainak eta nekazariak gero eta urriagoak diren baliabideengatik lehiatzera bultzatzen ditu. Bide tradizionalak desagertzen ari dira, animaliak hiltzen, gazteak beren bizibideak galtzen, eta, testuinguru horretan, talde armatuek kideak errekrutatzeko lur emankorra aurkitzen dute. Kamerun, Txad eta Nigerren, inkestatuen %57k ezagutzen dute talde armaturen batekin bat egin duen norbait, klimak eragindako egoeraren ondorioz laborantza utzi eta gero.

ZER EGIN?

Halako ekaitz perfektuaren aurrean, nazioarteko finantzaketa lortzea hil edo biziko kontua bihurtzen da. Eta hor agertzen da NBEren txostenaren puntu sumingarrienetako bat: herrialde hauskorrek, karga humanitario handiena jasaten dutenek, urtean 2 dolar eskas jasotzen dituzte pertsonako beharrezko egokitzapen planak egiteko, eta estatu aberatsenek, berriz, 160 dolar baino gehiago.

Eta ez dute gutxiago bakarrik jasotzen; gainera, funts horien % 6 bakarrik iristen da dohaintza moduan. Gainerakoak herrialdeon zorpetzea handitzen duten eta barne-erantzunerako gaitasuna murrizten duten maileguak dira.

Finantza desberdintasunek haur aurpegia ere badute: finantzaketa klimatiko globalaren %2,4 soilik bideratzen da haurtzaroan oinarritutako konponbideetara, nahiz eta adingabeak desplazatutako pertsonen ia erdiak izan. Egungo finantza mekanismoak burokratikoegiak, geldoak eta herrialde egonkorretarako diseinatutakoak dira, eta, ondorioz, huts egiten dute beharrezkoen diren lekuetan.

Sudango gerratik ihes egiten duten pertsonak. (Sally HAYDEN / EUROPA PRESS)

Txostena, ordea, ez da diagnostikoa egitera mugatzen. Konponbide posibleak jartzen ditu mahai gainean. Horietako bat Burundiko “Project Flow” da, ur-sistemak txandakako funts baten eta eguzki iturrien bidez martxan jartzen dituen mekanismoa: hasierako inbertsioa diesela erabiltzeari uztean sortutako aurrezkiekin ordaintzen da, eta, horri esker, etengabe inbertitu daiteke berriro eta teknologia zabaldu. Horrek erakusten du egokitzapenak ez duela garestia izan behar borondate politikoa badago eta errefuxiatuak eta harrera-komunitateak barne hartzen dituen lan esparru bat badago.

UNHCRn ondorioa argia da: ekintza klimatikoak ezin du alde batera utzi kalteberatasun globalaren zatirik handiena ordezkatzen duen kolektiboa.

Errefuxiatuak egokitzapen plan estataletan, finantza mekanismoetan, alertetan eta erabakiguneetan kontuan hartu behar dira. Ez onuradun pasibo gisa, baizik eta beren erresilientziaren eragile nagusi bezala.

Belem, COP30 biltzarraren egoitza, sinbolismoz betetako eszenatoki bihurtu da aurreko asteetan. Edo herrialdeek onartzen dute krisi klimatikoak dagoeneko desplazamendu masiboak sortu dituela, edo mundua larrialdi bikoitz baterantz bideratzen ari dela ohartuko dira tupustean: atzean utzi zuten gerraren eta orain inguratzen dituen klima larrialdiaren artean harrapatuta dauden populazio erraldoiak. Eta, bitartean, UNHCRk gogoratu bezala, «pertsonek ezin dute bizirik iraun dituzten beharren eta eskura dauden baliabideen arteko arrakalan».