2025 ABEN. 09 - 13:56h Munduko ehun arma ekoizle handienen diru sarrerak %5,9 hazi ziren iaz Stockholmeko Sipri erakundearen arabera, munduko ehun arma ekoizle handienen diru sarrerak 679.000 milioi dolarretara iristsi ziren iaz, inoiz erregistratutako zenbakirik handiena. Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen. GAUR8 Stockholmeko Sipri erakundearen arabera, munduko ehun arma ekoizle handienen diru sarrerak %5,9 hazi ziren iaz, 679.000 milioi dolarretara iristeraino, inoiz erregistratutako zenbakirik handiena. Ukrainako gerrak, Gazako genozidioak, tentsio geopolitikoek eta gastu militarren etengabeko igoerak azaltzen dute errekorra, ikerlarien ustez. Armagintzaren ikerketaren alorrean ezinbesteko erreferentzia da Sipri, eta alarma guztiak piztuak ditu. Abenduaren hasieran argitaratutako txostenaren arabera, ehun enpresa handienetatik, 39 estatubatuarrak dira. Eta horietatik, 30ek diru sarrera handiagoak izan zituzten iaz. Horien artean daude Lockheed Martin, Northrop Grumman eta General Dynamics, besteak beste. Europan ez da desberdin gertatzen. 26 dira Top100 horretan dauden enpresak, eta %13 hazi ziren euren diru sarrerak. Europako armagintza enpresak ekoizpen gaitasuna handitzeko inbertitzen ari dira, baina materialen hornikuntza erronka bihur daiteke. Bereziki, mineral kritikoekiko dependentziak zailduko ditu Europako berrarmatze planak. Israelen ere Estatu sionistak Top100ean dituen hiru enpresen diru sarrerak %16 igo ziren 2024an, 16.200 milioi dolarretara iristeraino. Israelen ekintzen aurkako jarrerak ez du eragin handirik izan arma israeldarrekiko interesean; herrialde askok eskaera berriak egin zizkieten enpresa israeldarrei 2024an. Beste hainbeste esan liteke Errusiaren aurkako zigorren inguruan, bertako arma ekoizleek ez baitute eragin handirik sumatu. Eta aurreikuspenak ez dira hobeak. Erakundeak azpimarratu duenez, diru sarreren igoera itzelak eta eskaera berriek enpresa asko produkzio lerroak handitzera, azpiegiturak hedatzera, filial berriak sortzera eta enpresa txikiagoak erostera bultzatu ditu.