GAUR8

Gaur hamar urte sinatu zen Parisko Hitzarmena

Gaur bezalako egun batean, baina 2015ean, NBEren Klima Aldaketari buruzko Konferentzian, Berotze Globala eta berotegi-efektuko gasen isurketa murrizteko adostasuna gauzatu zen. Parisko Hitzarmena deitu zitzaion baina, denok dakigun bezala, hamar urteren buruan, hitzarmen hura paper errea da.

Munduko agintariek ondo ospatu zuten akordioa. (NAZIO BATUAK)

2015eko abenduaren 12an, munduko 196 herrialdek akordio garrantzitsu bat hartu zuten Parisen: berotze globala bi gradu zentigraduren «oso azpitik» mantentzea sinatu zuten, industriaurreko mailekin alderatuta, eta 1,5 gradura mugatzeko lanean jarraituko zutela onartu zuten. 

Parisko Hitzarmena deituko zen hitzarmen hori eta Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Esparrua Hitzarmena (UNFCCC) barruan egokitutako akordioa dela esan daiteke. Horren arabera, 2020. urtetik aurrera karbono dioxido isurketak gutxitu beharko ziren.

Horrekin berotegi-efektua geldiarazi nahi zen, Lurraren tenperatura bi gradu baino gehiago ez igotzea, alegia. Bi gradu horiek mugarri gorri bezala ikusten baitziren planetaren oreka nolabait mantentzeko. Dena dela, gas isuriak murrizteko planak ez ziren lotesleak izan.

Zalantza ugari sortarrazi zituen hitzarmen hark; esaterako, Unai Pascualek hau idatzi zuen GARAn: «Akordioa mirari diplomatiko gisa ikus daiteke, baina baita planetarentzat hondamendi gisa ere».

2020an, Donald Trumpek bertan behera utzi zuen akordioa. Eta aurtengo azaroan ospatu da Brasilen egin den azken konferentzia klimatikoa; bertan, herrialdeek berotegi-efektua saihesteko ezarritako helburuak bete zitzatela ziurtatzea zuten helburu, akordio hori nazio industrializatuenek ez baitute oraindik gauzatu.