2025 ABEN. 13 - 00:00h Ukrainako amildegia Isidro Esnaola Iritzi saileko erredaktorea, ekonomian espezializatua / Redactor de Opinión, especializado en economía Azken hilabeteetan Ukrainako Gobernua eta bere aliatu europarrak gerra geldiarazteko Trumpen ekimena higatzen aritu dira. Antzeko zerbait gertatu zen 2022an, Turkiako negoziazioen amaieran. Garai hartan Boris Johnsonek konbentzitu zituen ukrainarrak borrokan jarrai zezaten. Oraingoan, badirudi hori egiteko interesa dutenak Emmanuel Macron, Friedrich Merz eta Keir Starmer direla. Jarrera legitimoa da, noski, baina posizio politiko horrek hainbat galdera planteatzen ditu. Lehena: gerraren luzapenarekin zer lortu nahi dute Kieveko buruzagiek? Eta bigarrena: helburu horiek lortzeko, zer egiteko gai dira? Honezkero gauza bat argi dago: Ukraina gerra galtzen ari da. Eztabaida daiteke errusiar aurrerapena azkarra ala motela den, baina joera agerikoa da. Kievek, gainera, zailtasunak ditu soldaduak errekrutatzeko, eta Ukrainako iritzi publikoan negoziazioaren aukera gailentzen ari da. Agian, ukrainar ahuldadearen daturik garrantzitsuena da, aurreko urteetan ez bezala, aurten Ukrainako Armadak ez duela erasorik egin. Nonbait erreserbak agortzen ari dira. Estatubatuarrek gerra bukatzea edo alde egitea nahi duten testuinguruan, Oleksander Sirski Ukrainako Armadako buruak duela egun batzuk esan zuen prest daudela borrokan jarraitzeko AEBn laguntzarik gabe, Europar Batasunaren babesarekin bakarrik. Elkarrizketan aditzera ematen zuen une honetan gutxiagotasun-egoeran daudela, baina etorkizunean etsaia ahulduko dutela. Badirudi Ukrainako zuzendaritzak itxaropen guztiak eustean jartzen dituela, lurraldea ahalik eta astiroen galtzen jarraitzean, azkenean nekatu eta Errusiak bere helburuen zati bati uko egingo diolakoan. Finantzetan bezala, galerak diluitzen dabiltza: azken prezioa hain baxua ez izateko adina luzatzen gerra. Bide horren amaiera, baina, Ukrainaren erabateko amiltzea izan daiteke. Hala ere, eskeman beste aldagai bat ere sar daiteke: Europa. Jeneral batzuek Errusiaren aurkako eraso prebentiboez hitz egiten dute jada, euren ustez defentsa-izaera izango luketenak. Trumpen Administrazioak aditzera eman duenez, bestalde, 2027tik aurrera Europak bere gain hartuko du NATOren zuzendaritza. Hori Washingtonek Europari muzin egiten diola esateko modu dotorea da. Beraz, Europaren esku hartzea gelditzen zaio soilik Ukrainako Gobernuari. Militarren artean ez ezik, Europako politikarien artean ere beligerantzia hazten ari da. Merz, Starmer eta Macron gero eta prestago daude tropak bidaltzeko jada sakonki inplikatuta dauden gerra batera. Baliteke Zelenskiri agindu izana Ukrainako Armadak errusiar hartza nekatzen duenean, eurak sartuko direla piztia errematatzera. Halere, adituek dioten moduan, Europa ez dago prestatuta gerrarako, ezta gutxiagorik ere. Energia-urritasunak alde batera utzita, Europak ez du irismen luzeko misilen eta droneen industriarik; armategi txikiak ditu eta ukrainarren esku egongo da Europako armadak modernizatzeko eta trebatzeko. Egoera benetan larria da, Europako egungo agintariak kontinentea amaiera oso txarra izan dezakeen gerra batekin lotzen ari baitira. Gainera, inolako eztabaidarik gabe egiten ari dira. Balioen eta giza eskubideen diskurtsoa desagertu egin da, agerian utziz Europar Batasuna menderatze-proiektu bat besterik ez dela. Eta Ukrainako gerrarekin denbora galtzen duten bitartean, munduak aurrera jarraitzen du. Joan den urtean Mario Draghik argi esan zien Europako buruzagiei: «Mesedez, egin zerbait, aukeratu zer, baina ezin duzue denbora gehiago eman guztiari ezetz esaten». Ukraina Europar Batasunaren proiektuaren hilobi bihurtzeko bidean da. •