2025 ABEN. 14 - 05:00h Duela bost urte, Gitanjali Rao zientzialari nerabea ‘Time’ aldizkariaren azalean atera zen Gaur bezalako egun batean, 2020. urtean, ‘Time’ aldizkariko azalean 15 urteko zientzialari eta asmatzaile baten argazkia ikus zitekeen. Gitanjali Rao zen, aldizkariak ‘Kid of the year’ hautatu zuelako. ‘Time’-eko azala. (WIKIPEDIA COMMONS) «Nik egin badezaket, zuk egin dezakezu, eta edozeinek egin dezake», esan zion 2020ko abenduaren 14an Gitanjali Rao nerabeak Angelina Jolieri. Bien arteko solasaldia azalera eraman zuen ‘Time’ aldizkariak, Gitanjali Rao zientzialari gaztetxoa ‘Urteko Neskatila’ izendatu baitzuen hedabide estatubatuarrak. Gitanjali Raok 15 urte baino ez zituen orduan eta ordurako beruna uretan detektatzeko gailu azkar eta merke bat eta ziberjazarpena identifikatzeko aplikazio mugikor bat sortuak zituen. 2005eko azaroaren 19an jaio zen Lone Tree-n, Coloradon. Bere gurasoak, Ram Raok eta Bharathi Raok, biak ingeniariak, zientzia eta teknologiarekiko jakin-mina piztu zioten txikitatik. Raok 10 urte zituenean, jakin zuen Flint-eko (Michigan) egoiliarrak arazo larri baten aurka borrokatzen ari zirela: ur edangarrian berun maila arriskutsuak zeuden. Berun-maila altuen eraginpean egoteak nerbio-sistemari eta garunari erasotzen die, konbultsioak, koma eta heriotza eragin arte. 100.000 lagun inguru berunezko maila altuen eraginpean egon ziren bi urtez baino gehiagoz egunero erabiltzen eta hartzen zuten uraren erruz. 2017ko udan, 3M enpresako zientzialariek aholkatuta, sortu zuen Raok Tethys sentsorea (uraren jainkosa greziarraren omenez); hau da, berunaren aurrean erreakzionatzen duten ikatzezko nanohodien sentsorea. Gailuak uretan dagoen metal horren kantitatea neurtzeko aukera ematen du, eta informazio hori telefono mugikorreko aplikazio batera bidaltzen du, ura kutsatuta dagoen ala ez berehala jakiteko. Sariez gain, hainbat hedabidetan agertu da Rao bere asmakizunengatik. Azken urteetan, hiru aldiz hartu du parte TEDx konferentzian hizlari gisa. Gainera, zientzialari gaztea Genius Gitanjali bezala ere agertu zen ‘Marvel’s Hero Project’ izeneko online seriean. Web orrialdea du.