GAUR8

110 urte bete dira Mercedes Lorenzo ‘Arrikibarko zoroa’ jaio zenetik

Lugon, 1915eko abenduaren 15ean, jaio zen Mercedes Lorenzo, zorigaiztoko bizia izan zuen bilbotar maitagarria. ‘Arrikibarko zoroa’ deitzen zioten auzokideek, maitasunagatik zoratu egin omen zelako. Mocedadesek kanta ospetsu baten protagonista bihurtu zuen.

Ane Pikazak Mercedes Lorenzoren omenez egin zuen murala. (ALONDEGIA)

Bilboko Arrikibarreko plazaren trazadura erromantikoa Phillippe Starkek berritutako Alondegi berrirako sarbidea da. «Plazak urte askotan janzkera bereziz eta txapel bitxiz hornitutako emakumearen bisita jaso zuen. Betiere aulki berean esertzen zen, txoriei jana ematen zien eta Penelope modernoaren antzera etengabe galtzerdiak egiten zituen», irakur daiteke Bilboko udalaren web orrialdean.

Emakume hori Mercedes Lorenzo Sauto zen. Lugon jaio zen 1915eko abenduaren 15ean. Bilbon bere entzutea zabalduaz joan zen eta jendeak maitasunez zoratu zela adieraziz, ‘Arrikibarko zoroa’. Buruko apaingarri koloretsu eta deigarrioi erreparatuta, ‘Kapeladun zoroa’ deitzen zionik ere bazen.

Aurpegi gozo eta irribarretsuko emakume ezohikoa, denboraren poderioz gero eta narrasago, gero eta desorekatuago ikusten zuten egunero bere talaiaren ondotik pasatzen zirenek.

Dirudienez, plazatik hurbil zegoen Alonso ultramarinoen jabea haserrearazi nahi zuen, bere emaztegaia izan ostean, beste emakume batekin ezkondu zelako.

Bere istorioa ‘La llamaban loca’ abestirako erabili zuen Mocedadesek, Bilboko taldeak, letra eta musika José Luis Peralesek egin ondoren. 1996. urtean hil zen Arrasateko Aita Menni ospitalean eta Derioko kanposantuan izan zen hilobiratua.

2019 urte amaieran, Arrikibar plazara zabaltzen den Azkuna Zentro kulturaleko fatxada apaintzeko, Ane Pikaza ilustratzaile bilbotarrak ‘Atentamente mía’ izenburupean Mercedes Lorenzoren omenez egindako hiru mural jarri zituzten.