GAUR8
Elkarrizketa
Aitziber GUTIERREZ
ENVISER ENPRESAKO LANGILEA ETA LAB SINDIKATUKO ORDEZKARIA

«Pertsonalki, greba oso gogorra izan da, baina merezi izan du»

Sei hilabete baino gehiago greban egon ostean, urrian lortu zuten enpresarekin akordioa Enviserreko langileek. Aitziber Gutierrez langile batzordeko kideak kontatu digu nola bizi izan duten egoera.

Aitziber Gutierrez, Gasteizen ateratako argazkietan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Aitziber Gutierrezek 39 urte ditu eta 17 urte zituenetik egon da Gasteizko lorategiak zaintzen lanean. Joan den urrian, Arabako hiriburuko udalak azpikontratatutako Enviser enpresako langileek sei hilabete baino gehiagoko greba bukatutzat eman zuten, akordio batera iritsita. LAB sindikatuko ordezkaria den Gutierrezentzat, pertsonalki ere «oso gogorra» izan da prozesu guztia. Argazkiak Eraztun Berdean egin nahi izan ditu, beraiekin borrokan bat egin duten bertako langileekiko keinu gisa.

Nola bizi izan duzu sei hilabete baino gehiagoko greba?

Hasieran motibazio handiarekin, denok batera geundelako eta pentsatzen genuelako ez zela geldituko gelditu ginen adina jende. Ni langile batzordean nago eta seguru gelditu behar nuen, bai ala bai, baina kontua da nik zalantzak nituela grebarik egingo ez zuela uste nuen eta azkenean egitea erabaki zuen jende askori buruz. Onerako harritu ninduten: gero beraiek izan ziren egun askotan lehen lerroan egon zirenak. Gero, badago motibazioa galdu zuen jendea ere, greba uste baino luzeagoa izango zela ikustean. Gorabehera asko izan dira, baina elkar asko animatu dugu guztiok.

Grebak urte erdi pasa irautea espero zenuten?

Nik argi neukan iraileraino iritsiko ginela. Eta [Beatriz] Artolazabal andereari esan nion data horretara iritsiko ginela bai ala bai. Berak esan zidan hori ez zela posible izango, eta nik baietz esan nion. Olarizuko egunean bertan, egin genuen ibilaldian eta kontzentrazioan berriro esan nion; noski, irailaren 15ean geunden jada ordurako. Ez zuen jakin zer esan. Argi nuen borroka luzea izango zela. Uztailean Eusko Jaurlaritzaren deia jaso genuenean, ni neu oso gaizki atera nintzen bileratik. LAB eta ESK sindikatuetako ordezkariak oso gaizki atera ginen, ez genekielako zer gertatzen ari zen, zerbait ihes egiten ari zitzaigun. «Hemen gure atzetik negoziatzen ari dira, eta gu ez gara jabetzen ari», pentsatu genuen. Eta ELA zen horretan ari zena. Oraintxe bertan, ELArekin ez daukagu harremanik.

Langile batzordeko kide gisa, nola bizi izan izan duzu greba?

Presioa handia izan da. Alde batetik, enpresa geneukan, harekin negoziatzen ari baikinen negoziatzera esertzea erabaki zutenetik. Lehen bileretan ezezko borobilak jaso genituen, «dirurik ez dago»; bat-batean, baina, Udalak dirua askatu eta negoziatzeko aukera izan genuen. Enpresarekin negoziatzeaz gain, lankideekin ere hitz egin behar genuen, «aizu, negoziatzen ari garena ez da zuek uste bezain txarra» esateko. «Enpresak eskaintzen diguna ez da hain txarra lortuko dugun lehen hitzarmena izateko». 2028an ikusiko dugu, lehen akordioan lortu ez dugun guztia negoziatuko dugu berriro. Bai edo bai, besterik ez dagoelako. Pasatzen utzi dugun marra gorrietako bat kaleko plusa bezalako xehetasunak izan dira, diru hori kalean gaudenok eraman behar genuelako, ez bulegoko langileak, zerbitzuburuak edo arduradun nagusiak. Hori bai, guztion alde egin dugu borroka, greba egin ala ez. Ordutegia hitzartzea lortu dugu, lanaldi-murrizketa oso handia; 1.700 ordutik 1.592 ordura pasa gara. Baina lortu beharreko detailetxoak geratzen dira oraindik. Esaterako, arriskugarritasuna igotzea, erdibitzaileetan edo bidegorrietan lan egiteagatik kobratzen duguna miseria bat delako. Eta hori lortzeko borrokatu beharko dugu.

Emakume gutxi zarete plantillan. Zenbat?

Buruz esango dizut. Haizea, langile batzordean dagoena nirekin; Laura, enkargatua; Leire, Sofia eta Nancy. Nirekin, sei neska, lan handieneko denboraldian 80 langile inguruko plantilla batean. Gero beste neska bat ere egon zen greban geundela. Kontratatu egin zuten, baina alde egin omen zuen. Bulegoan lanean beste neska bat dago, Marta.

(Raul BOGAJO / FOKU)

Nolakoa da emakume gutxietako bat izatea?

Nik hogei urte daramatzat enpresan lanean eta bat gehiago naiz. Pentsa, 17 urterekin hasi nintzen eta 39 urte ditut! Nik jende asko ikusi dut pasatzen, emakume asko ikusi ditut enpresatik pasatzen, eta gutxi geratu dira. Lan gogorra delako, kalean egin beharrekoa. Negua oso gogorra da, eta uda ere bai. Baina ez dago diskriminaziorik. Beharbada xehetasunak daude kategoriei dagokienez, asko kostatu delako emakume arduradunak izatea, lehen gizonak baino ez zirelako arduradun. Baina bide horretan aurrera goaz. Nik kategoria ofiziala daukat, Haizea eta Laura enkargatuak dira, Leirek urtebete darama eta lorezaina da, eta Nancy ofiziala da. Oraingoz ez dut hainbesteko diskriminaziorik ikusten. Bai ikusten dut diskriminazioa xehetasun batzuetan, baina, oro har, ez.

Eta langile batzordearen barruan?

Emakumeak eta gizonak berdin hartzen gaituztela ikusten dut nik. Lankideekin hitz egiten dut, eta, zalantzarik izanez gero, niregana jotzen dute. Berdin dio zein sindikatutan dauden afiliatuta, ESK edo LAB. ELAri buruz ez didate galdetzen, Haizea ELAkoa delako eta guztiaren berri duelako; nik baino urte gehiago daramatza langile batzordean eta agian gehiago ere kontrolatzen du. Baina berdin jotzen dute gugana gizon ala emakume izan. Lanean berdinak gara.

Zuri, nola eragin dizu grebak, bai ekonomikoki, bai pertsonalki?

Ekonomikoki baino gehiago pertsonalki eragin dit. Bi ume ditut, batek orain 4 urte beteko ditu eta besteak 2 urte ere ez ditu; eta nire senarrarekin harremana ez da jokoan egon, baina eragina izan du. Nire senarra arratsalde eta gau askotan egon da nirekin, barrenak askatzeko beharra nuenean. Horrez gain, askotan bilerak genituen eta haurrak aitaginarrebekin, arrebarekin, amarekin edo senarrarekin utzi behar nituen. Berak [senarrak] txanda aldatu behar zuen lanean haurrekin geratu ahal izateko, nik bileretara edo batzarretara joateko aukera izateko. Alde horretatik gogorra izan da, oso gogorra. Baina merezi izan du.

Zer ondorio izan ditu egoera gogor horrek?

Hainbeste inplikatu naiz, semeak pixka bat abandonatuta izan ditudala. Une batzuetan senarrak esaten zidan: «har ezazu egun libre bat». Ez nintzen gai, lankideei zor nielako, langile batzordeko kidea nintzelako. Goiz batzuetan esaten zidan: «geratu etxean, egon lasai egun batez». Ni mugikorrarekin egoten nintzen denbora guztian, eta «utzi mugikorra, mesedez» esaten zidan. Ezin nuela esaten nion, gauza batzuk bidali eta beste batzuk egin behar nituelako.

Zure egunerokotasuna eta errutina asko aldatuko ziren, beraz.

Bai, haurrak eskolara eramaten nituen, lanaldi murriztuan lan egiten dudalako. Goizean piketeetara ezin nintzen joan, senarrak jai hartzen ez bazuen behintzat, baina normalean ni ezin nintzen joan. Haurrak eskolan utzi eta Iñigori, langile batzordeko kideari, Alfredori, Aaron edo Ivan bezalako kideren bati deitzen nion, haiekin harreman oso ona daukadalako, elkarrekin ematen baitugu egun osoa lanean. Kartelak jartzen, pankartak egiten edo zertan ari ziren kontatzen zidaten, eta tranbiaz, autoz, autobusez edo motorrez zeuden tokira hurbiltzen nintzen. Gero etxera itzultzen nintzen, janaria prestatzen nuen eta umeak jasotzen nituen. Hori zen nire errutina, baina arratsaldeetan batzarra izaten bazen, seme-alabak aitaginarrebekin edo norbaitekin utzi behar nituen. «Ama, non egon zara?», galdetzen zidaten. «Bilera batean», esaten nien. «Jo, berriro?», beraiek erantzun. Nagusiak oraindik «lorezainak borrokan!» oihukatzen jarraitzen du. Telebistan manifestazio bat ikusten duen bakoitzean, esaten du: «ama, zu zara». Niri begiratu eta esaten dit: «Lortu duzu? Oso ondo, ama!». Azkenean, haurrak bizi izan dituen gauzak dira. Txikiak 20 hilabete ditu eta ez da ezertaz ohartzen.

(Raul BOGAJO / FOKU)

Zure ingurune hurbilak nola erantzun dio grebari?

Gure alde egon dira, jo eta su: manifestazioetara etorri dira, pegatinak jarri dituzte... Gurekin jo eta su egon dira. Olarizura ama etorri zen, lehendabiziko lerroan egon zen eta argazkietan ere nirekin agertzen da. Nire arreba ere bai. Nire ilobak pixka bat gutxiago, 17 eta 15 urte dituztelako eta beste kontu batzuetan daudelako. Nire aita ere bai, lagunak, bizilagunak...

Eta nola baloratuko zenuke Gasteizko jendearen aldetik jaso duzuen babesa?

Eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei, guztiagatik. Hunkitu egiten naiz oraintxe bertan. Ez dago hitzik izan dugun laguntza guztia deskribatzeko, ez baikenuen uste hain gogorra izango zenik. Ikusgarria izan da nik ezagutu ere egiten ez nituen kolektibo askorengandik izan dugun babesa... Negarrez hasten naiz. Lehen ezagutzen ez nuen jendearekin kalean topo egin eta elkar agurtzen dugu egun. Deskubrimendu bat izan da. Baita langile askoren kasuan ere. Haiekin lan egiten duzu, baina ez dituzu benetan ezagutzen, bakoitza bere lanean ari delako. Hori bai, grebak balio izan digu ezagutzen ez genituen lankideekin zerbait hartzeko edo afaltzera joateko moduko harremana sortzeko, jendea ezagutzeko. Ezin dizut azaldu, hunkitu egiten naiz. Gasteizekiko gure esker ona ezin da handiagoa izan. Adibidez, Andre Maria Zuriaren Plazan sinadurak bildu genituen egunetan, jende asko gelditzen zen eta babes ikaragarria eman. Horrekin geratzen naiz. Eta pentsiodunengandik izan dugun babesa ere ikaragarria izan da.