2025 ABEN. 27 - 00:00h Turismoak hiria irensten duenean Turismoa aseezina da. Beti nahi du gehiago. Grina horretan irensten ari da Donostia, lehen zegoen herria birrindu eta herritarrentzat ezleku bihurtzeraino. Mugak jartzea izan daiteke bidea. Marco Santopadre kazetari italiarra, Donostiako Parte Zaharrean. Atzean, turista ilara taberna bat irekitzeko zain. (Gorka RUBIO | FOKU) Amagoia Mujika Marco Santopadre kazetari italiarra da. “La rivolta nella citta di plastica” (Matxinada plastikozko hirian) liburua kaleratu du 2025. urte honetan. Santopadrek ondo ezagutzen du Donostiak azken urteotan jasan duen aldaketa bortitza. Lehen aldiz 1995. urtean etorri zen Donostiara. Geroztik, ia urtero errepikatu du oso gustuko duen bisita. «Betidanik ezagutu dut turismoa Donostian, hiri turistikoa da aspalditik. Baina, neurri batean, hiriarekin batera bizi zen turismoa, elkarbizitza bat ematen zen. Turismoa egon arren, hiriak bizirik irauten zuen. 2019. urtean etorri nintzen, bizpahiru urte etorri gabe eman ondoren, eta dagoeneko aldaketa sumatu nuen: turismoak hiria jan zuen. Urte askotako oreka hautsi egin zen». Argigarria da Santopadreren begiratua. Euskal herritar askok ikusten duen gauza bera ikusten du, baina distantzia desberdinetik. Bertako komertzioa irentsi du turistifikazioak. Betiko dendak eta tabernak urritu egin dira erabat. Haien tokian munduko edozein tokitan topatu daitekeen eskaintza gailendu da. Espazioak irentsi ditu turismoak; dena zikintzen duen olio orbaina da, gero eta handiagoa, hiriari arnasa kentzen diona. Plastikozko hiri bihurtu da Donostia. «Munduko beste toki batzuetan gertatu diren turistifikazio prozesuak ikertu dituztenek ‘Disneyland hiria’ terminoa ere erabiltzen dute. Finean, parke tematiko hutsa den eta dagoeneko bertako biztanleei begira ez dagoen hiri bat da. Turistaz lepo betetzen da eta turistek espazioa kontsumitzeko bakarrik erabiltzen dute. Hondartzako turismoa, kulturala, gastronomikoa, kirol arlokoa, esperientzien turismoa... Askotariko aldaerak ditu. Orokorrean hiria turismoaren oinetara makurtzen da eta esanahiz, zentzuz eta nortasunez husten da». Bidean harrapatzen duen guztia zapaltzen du turistifikazioak, baita bertako hizkuntzak ere. «Garai batean Alde Zaharrean euskara entzuteko aukera bazegoen. Orain, askotariko hizkuntzak entzuten dira eta gaztelera ere apenas entzuten den. Pentsa euskararekin zer gertatu den», jaso du Santopadrek. Tabernen kolorea ere birrindu du fenomenoak, gero eta homogeneoagoak dira. «Lehen taberna bakoitza mundu bat zen. Giro eta nortasun propioa zeukan bakoitzak. Orain taberna gehienak igualtsuak dira, nahiko neutroak eta turistei begirakoak». Antzeko gertatu da komertzioarekin. «Souvenir dendak izugarri areagotu dira. Bertako biztanleentzat ezertarako balio ez duten dendak nagusitu dira». Gero eta turista gehiago, gero eta bertako auzotar gutxiago. Herritarrez husten ari da Donostia, plastikozko hiri bihurtzen, hiri faltsu. «Benetako hirietan jendea bertan bizi da, bertan lan egiten du, elkartu egiten da, antolatu, protestak egin, aldarrikapenak, bizitza soziala... Aldiz, plastikozko hirietan kontsumoak agintzen du». Goiko irudian, 2025eko Aste Santuko egun jendetsua Donostian. Ohikoa bihurtu da jendetzaren irudia. (Jon URBE / FOKU) Turistifikazioaren logikan, hiria bere osotasunean saltzen da. Ez dira bakarrik eskaintza gastronomikoa, kulturala, paisaiarena edota esperientziak saltzen, hiria bere osotasunean kontsumoaren esanetara makurtzen da. «Marka bat garatzen da eta nazioarte mailan zabaltzen eta saltzen da. Helburua turistak erakartzea da, ahalik gehien kontsumitu eta gastatu dezaten. Eta premisa horren pean, hiriaren nortasuna erabat birrintzen da: kultura, hizkuntza, nortasuna...». Turismoa, gainera, aseezina da; etengabeko hazkundea behar du eta horretarako irentsi egiten du bidean topatzen duen oro. Aldiro eskaintza zabaldu, moldatu, handitu behar du. «Hedatzeko sekulako beharra dauka turismoak, gose aseezina». BI DONOSTIEN ARTEKO TENTSIOA Elitearen Donostia eta herriaren Donostia. Badira bi mundu eta bada tentsioa haien artean. Turismoa bete-betean sartzen da tentsio horretan eta ahalegin zorrotzak egiten ditu administrazioaren, finantza arloaren eta komunikabide handien mesedea eta oniritzia lortzeko. «Lehen nolabaiteko oreka bazegoen ere, turismoak hankaz gora jartzen du hori guztia. Turismoari kale garbiak komeni zaizkio, manifestazio eta protestarik gabekoak, gatazkatik libre daudenak. Garbiketa politiko eta kulturala bultzatzen duen beste faktore bat da». Santopadrek garbi dauka: «Mugak jarri behar zaizkio turismoari. Legezko mugak, administrazioek turismoarekiko daukaten jarrera aldatu beharra daukate. Gertatzen dena da indar handiko sektore ekonomikoa dela eta administrazioari xantaia egiteko gaitasuna duela. Baina garbi dagoena da turismoaren desazkundea bultzatu behar dela, kontrolatu egin behar dela eta beste norabide bat eman behar zaiola». Gainera, eta dagoeneko egoera larria bada ere, Santopadreren ustez Donostiak ez du goia jo turismoari dagokionez. «Klima aldaketaren eraginez, turismo korronteak aldatzen ari dira. Gero eta preziatuagoak dira bero handia egiten ez duen tokiak, bai oporretarako eta bai bizitzeko. Baldintza klimatikoak muturrera joaten ari direnez, gero eta balio handiagoa izango dute Euskal Herriko kosta bezala tokiek, gero eta erakargarriagoak izango dira. Ez badira mugak jartzen orain, Donostiak orain jasaten duen turismo olatua etorkizunean sufrituko duenaren herena izango da. Horregatik da garrantzitsua turismoaren buruzko gogoeta serioa egin eta mugak orain jartzea». Etxebizitzaren gaia ere mingarria eta arantzatsua da. «Enpresen eskubide indibidualek komunitatearen eskubide kolektiboekin batera joan behar dute, ez haien gainetik. Ezin da lehenetsi enpresa baten dirua irabazteko premia bertako biztanleen etxebizitzarako eskubidearen gainetik». ERROMAN IKUSIA, DONOSTIAN Erroman sortua da Marco Santopadre eta orain Sardinian bizi da. Lehen lerrotik ikusi dizkio begiak turistifikazioari. «Erromako parte zaharrean jaioa naiz. Haurra nintzenean, Erromako parte zaharra herri txiki bat zen. Turismoa bazegoen, Erroman Donostian bezala turismoa aspaldikoa delako, baina auzo oso herrikoia zen. Merkatua zegoen, haurrak kalean, emakumeak kalean aulkietan eserita tertulian... Bizirik zegoen herri bat zen. 90eko hamarkadan gentrifikazio prozesua hasi zen. Alokairuak igotzen hasi ziren, bertan bizi zen jendea bota egin zuten, auzoa husten hasi zen eta klase aberatsagoak hasi ziren bertan sartzen. Erromako erdigunea okupatu nahi zuten. Hartara, urte gutxian erabat aldatu da populazio klasea. Gu beste auzo batera joan ginen bizitzera eta bertan topatu genituen parte zaharrean gure bizilagun zirenak. Denak desplazatuak izan ginen. Gaur egungo Erromako parte zaharrak ez dauka antzik guk ezagutu genuenarekin. Dagoeneko ez dago bizirik dagoen herririk, turismoaren esanetara dago erabat. Turistifikazio prozesuak antzekoak dira munduko toki guztietan». Donostiako Parte Zaharra, atzean Artzain Onaren Katedrala ikusten dela. (Jon URBE / FOKU) Azken urteotan Sardinian bizi da Santopadre eta turistifikazioaren atzaparrak sumatzen dira bertan ere. «Arazoa da herritarrak ‘mozkorraldiarekin’ daudela oraindik. Sardinian ekonomia oso geldo doa, ez dago apenas industriarik, migrazio arazo handia dago... Hartara, turismoak dirua eta lanpostuak ekartzen dituela ikusten dute eta pozik daude. Arazoa da turistifikazioaren prozesua oso azkarra izaten dela eta mozkorraldi horrek gutxi iraungo duela. Laster konturatuko dira erabat turismoarentzat diseinatutako hirietan ez dagoela tokirik bertako herritarrentzat. Toki batean interes turistikoa sartzen denean, atzetik segidan sartzen dira interes ekonomiko handiak dituzten erraldoiak. Eta hortik aurrera haiek agintzen dute». Santopadrek hausnarketa eta iritzi kritikoa faltan hartzen ditu Italian. Turistifikazioak nahi moduan egin du aurrera, apenas erresistentziarik gabe. «Azken urteotan hasi dira mugimendu txiki batzuk, baina oso sinbolikoak dira». Kazetari italiarrak uste du beharrezkoa litzatekeela hausnarketa kolektibo bat bultzatzea. «Italian turismoa oraintxe ez dago mugimendu sozialen eta sindikatuen agendan. Oraindik 0 puntuan gaude. Zerbait mugitzen ari da, baina oso mantso eta ahul». Santopadrek garbi dauka eman beharreko hausnarketa horren abiapuntua: «Turismoa ez da aukera bat bakarrik, arazo bat ere bada». Turistifikazioak antzeko soinekoa janzten du Bartzelonan, Florentzian edota Donostian. «Desberdintasuna da Florentziak, adibidez, ez daukala atzera bueltarik. Apenas sortu diren turistifikazioaren kontrako mugimenduak, protesta bakan batzuk bakarrik izan dira. Donostian mugimendu bat badago, gogoetarako grina bat. Hori da desberdintasuna». Argi printza bat kolore propioak itzaltzen ari zaizkion hiri ederrarentzat. Munstroa da turistifikazioa, indartsua berez. Administrazioak ez du harrotu behar, kontrolatu eta eutsi baizik, azpian zapalduta geratzen ari den herriaren defentsan.