2025 ABEN. 31 - 05:00h Alice Ball, 24 urterekin zendu zen zientzialari afroamerikarra 1916ko abenduaren 31n, gaur duela 109 urte, hil zen Alice Ball estatubatuar kimikaria. 24 urte besterik ez zituen, baina urte gutxietan lorpen handiak lortu zituen: kimikaren aitzindari afroamerikarra izan zen eta legenarraren aurkako lehen tratamendu eraginkorraren aurkitzailea. Alice Ball, gazte hil zen zientzialari aparta. (WIKIPEDIA COMMONS) GAUR8 Emakumea eta afroamerikarra zen Alice Ball (Seattle, 1892ko uztailaren 24a - Hawaii, 1916ko abenduaren 31), eta ordura arte inork ireki ez zituen ateak kolpeka zabaldu behar izan zituen. Esaterako, Hawaiiko Unibertsitatean master titulua lortu zuen lehen emakumea eta lehen afroamerikarra izan zen Alice. Eta hala ere, hori ez zen bere lorpenik handiena izan: legenarraren aurkako tratamendu bat garatu zuen, urte luzeetan munduan erabiliena bihurtu zena, zehazki, 40ko hamarkadan lehenengo antibiotikoak sortu ziren arte. Bederatzi hamarkada igaro behar izan ziren bere heriotzatik, bere lana errekonozitua izan aurretik. Klase ertaineko familia batean jaiotakoa –aita, James Presley, egunkari bateko editorea eta abokatua zuen; ama, Laura Ball, argazkilaria–, amaren aldetik aitona ospetsua zuen: James Ball Sr. argazkilari abolizionista, garaiko buruzagi beltz handiak erretratatu zituena. 1900eko hamarkadaren hasieran, Hawaiira joan ziren bizitzera, aita hil zitzaien arte. Washingtongo Unibertsitatean Farmazia Kimikan graduatu zen Alice, baina Hawaiiko Unibertsitatera itzuli zen berriz eta bertan, 1915ean, kimikariaren titulua lortu zuen lehen emakumea eta lehen afroamerikarra izan zen. Kimikako irakasle legez gelditu zen unibertsitatean –lehen emakumea eta lehen afroamerikarra izan zen horretan ere– eta Ball Hansenen gaixotasunaren aurkako sendabide bat bilatzen hasi zen, legenarra izenez ezagunagoa dena, azalari, nerbioei eta mukosei eragiten dien gaixotasun infekziosoa. Harry T. Hollmanek, Kalihi Ospitaleko zirujau-laguntzaileak, laguntza eskatu zion Alice Bell-i, ikerlari aparta zelako... eta honek erremedio bat aurkitu zuen: chaulmoogra-olioaren printzipio aktiboak ateratzea lortu zuen, eta haiekin uretan disolbagarria eta erraz injektatzekoa zen lehen erremedioa sortu zuen, legenardun gaixoak arindu eta tratatu ahal izateko. Laborategian lanean ari zen bitartean, gas toxikoak arnastu eta oso larri gaixotu zen zientzialaria. 25 urte bete ez zituela zendu zen eta, zoritxarrez, ez zuen bere metodoa erabiltzen ikusi... ezta gero zer gertatu zen: beste zientzialari batek, Arthur L. Deanek, bere ikerketekin jarraitu zuen, emaitzak argitaratu eta aurkikuntza Dean metodoa bezala izenpetzen saiatu zen. Alperrik, Hollman doktorea zuhur ibili zelako eta, azkenean, Ball metodoa deitu zitzaiolako.