2026 URT. 03 - 00:00h Natura aurten: klasiko bat eta adi egoteko hiru gai Aiora Zabala Ingurumen politikan irakaslea eta ikerlaria, Cambridge unnibertsitatean Maiz, liburu klasikoak irakurtzeak gaur egungo joerak ulertzea ahalbidetzen du, edota ikuspegi fresko bat eman. Gainera, igaro den urteaz eta datorrenaz gogoetatzean, ikuspegi orokorreko hausnarketak azeleratzen dira: nondik gatozen eta nora goazen. Ingurumen arloan, liburu klasikoenetakoa Rachel Carsonen “Udaberri isila” da (“Silent Spring”, 1962). Gaurdaino ez nuen irakurrita, hamarkadak daramatzadan arren gaiokin lanean. Liburua gai lazgarri bati buruzkoa bada ere (pestizidek naturan duten eragina), lerro artean gizakien izateari buruz irakur daitekeenak adorea eman dit aurrez aurre dugun urtean lanean jarraitzeko. Liburuak Ameriketako Estatu Batuetako mugimendu ekologista piztu zuela esaten da, bai eta herrialdean DDT pestizida debekatzea ekarri zuela ere. Halere, ez da pestizida bakar bati buruzkoa: gizakiaren eta naturaren arteko harremanei buruzko tratatua da. Natura menderatzeko asmoarekin egin ziren (eta egiten diren) sarraskien gainean hausnartzen du. Kasurako, produktu kimiko sintetikoak gehiegi erabiltzeak, natura eta gizakia behartzen ditu euren oreka konplexu eta miresgarriak sinplifikatzera; harreman ekologikoak suntsitzen ditu. Kalte horrek txori askoren heriotza dakar, eta hortik datorkio liburuari izenburua, erreferentzia egiten baitio txoriek dagoeneko txiorik egiten ez dutelako sortutako negu osteko isiltasun antinaturalari. Liburuan salatutako sarraskiak ez dira iraganeko kontua. Kapital ekonomikoa pilatzea beste helbururik ez duten produktu ugariren kasua oso antzekoa baita: neurrigabekeriaz erabili eta natura kaltetzen dute. Ezjakintasuna, jakin nahi ez izatea, eta boterea eta dirua metatzeko egarria; horiek guztiak elkartzen direnean gertatzen dena da. Rachel Carson idazle famatu eta zientzialari trebea izan zen, eragin handikoa. Hori bai, ez da ahaztu behar botere ekonomikoen aurkakotasuna jasan zuela, liburuan dioena ez baitzen industria agrokimikoaren gustukoa, ez eta industriak finantzatutako botere politikoena ere. Idazlearen izen ona eta liburuaren fidagarritasuna zalantzan jartzen saiatu ziren, argudioak asmatuz eta zabalduz; are, neurri legalekin ere egin zioten mehatxu. Bigarren Mundu Gerraren ostean, gerrarako produktu kimikoak ekoizten zituen industriak, izurriteak kontrolatzeko kimikoak ekoiztera jo zuen. Pestizidak zenbat eta gehiago hedatu, are eta gehiago aberasten ziren enpresak. Beraz, ez zuten inolako motiborik produktuon erabilera neurritsua aholkatzeko: urtean behin edo bitan erabiltzen baziren, hamar urtean behin baino hobeto! Ez hori bakarrik, produktuon balizko kalteen gaineko ikerketa zatikatu eta atzeratu egin zuen industriak nahita. Paralelotasun handiak ikusten ditut orduko eta egungo estrategien artean. Liburu eta idazle honekin gertatutakoak erakusten digu horrelako estrategiak ez direla berriak. Hori bai, Rachel Carsonek estrategia horiei aurre egin eta industria garaitzea posible dela ere erakutsi zuen. Urteak eman zituen liburua idazten, informazioa biltzen eta egiaztatzen, bazekielako zer-nolako aurkakotasuna topatuko zuen. Esaten zuenak harria bezain sendoa izan behar zuen. Bazekien ere pilatutako ezagutza zabaltzea funtsezkoa zela pertsona askoren osasunarentzat -gehiengoaren osasunarentzat-. Utzi zuen obra erabat baliagarria da egun ere. Natura errespetu edota ezaguera gutxiz tratatzean gertatzen dena azaltzen du, gaurkotasun osoz. Klasiko honek emandako kemenak, 2026an adi egoteko hiru gai nabarmendu dizkit. Bata itxaropentsua, beste bi ez horrenbeste. Txinak karbono isuriak ez ditu handitu azken hemezortzi hilabeteetan. Horrela jarraitzen badu, inflexio-puntua izan daiteke mundu mailan, onerako. Bestalde, azken urteetako joerak jarraituz, munduko inbertsioak norabidez aldatzen ari dira, eta norabide horietako bi ez dira naturarentzat onak. Bat datu-zentroen eraikuntza bultzatzeko lasterketa globala da, adimen artifizialaren erabilera gero eta handiagoa tarteko. Bestea arma industriaren hazkundea da, besteak beste, NATOk herrialde kideei ezarritako defentsako %5eko gastua dela medio. Defentsara bideratuko den finantzaketak, sistema ekosozialak hobetzen dituzten inbertsioak murriztuko ditu. Auzi horiei guztiei adi jarraitzen dugun bitartean, espero dugu hurrengo udaberrian ere naturak, inguruko txoriek, animaliek, pizten jarraituko dutela. •