GAUR8

Kalekantoi taldea: 1615eko euskal baleazaleen kontuak eta kantuak Islandian

Mahaiaren bueltan elkartzerakoan ezinbesteko osagaia izaten zen musika Itziarko Kalekantoi musika talde eta familiarentzat. Pasa den udaran, musika tresnak maletan sartu eta Islandiara egin zuten bidaia, 1615ean hildako euskal baleazaleen arrastoari jarraituz.

Kalekantoi musika taldeko kideek XVII. mendeko sarraskiari jarraika egin zituzten emanaldiak udan Islandia guztian zehar. (KALEKANTOI)

Baleazaleen arrastoari jarraitzeko asmoz abiatu zuen Islandiara bidaia Kalekantoi musika talde eta familiak. Pasa den udan egin zuten bidaia itziartarrek, eta beraiek «bizipen» gisa definitzen dute; hainbat ikuspegitatik izan zen berezia, ez baitzen familia baten opor bidaia izan, ezta talde baten kontzertu bira ere. Guztiak aletu dituzte Irati Irizar eta Imanol Mendizabalek GAUR8rekin mahai bueltan eserita. Bidaia hari bati tira egin, beste bat agertu, horri ere tira egin eta altxorrak aurkitzea bezalakoa izan dela azaltzen dute, hari mutur bakoitzak Islandiaren eta Euskal Herriaren arteko konexioak ekartzen zizkielako.

Taldea aurkeztu du lehendabizi Irizarrek: «Hiru ahizpa gara, eta gurasoekin batera beti izan da oso familia musikazalea gurea. Otorduen ondoren beti ateratzen ditugu instrumentuak: aitak dultzaina jotzen du, ahizpa zaharrenak trikitia eta alboka, erdikoak panderoa eta trikitia, eta nik biolina». Musikariez gain, ama, ahizpa baten bikotea eta umea, eta Mendizabal -Irizarren bikotekidea- joan ziren Islandiara; azken hori, gainera, sei urtez bizi izan zen bertan. Hain justu, egun Baskasetur Euskal Baleazaleen Museoa dagoen lekuan, Djupavik herrian, egin zuen lan, eta horrek zein bere jakin-minak ate asko zabaldu dizkie.

«Euskaldunok islandiarrekin izan dugun harremana mendeetan zehar oso berezia izan da. Bada, baleazaleen historia jarraituz, istorio bat kontatu nahi izan dugu, 1615eko gertakarietan oinarrituta eman ditugu kontzertuak», kontatu du Mendizabalek pasioz. Baina zer gertatu zen 1615ean euskaldunekin Islandian? 1615eko irailean, Euskal Herritik abiatutako hiru baleontzi Reykjarfjörður fiordoan harrapatu zituen ekaitz bortitz batek. Ontzietako bat hondoratu egin zen eta biziraun zuten arrantzaleak beste bi ontzietan banatu ziren; aldiz, bi ontziok ere hondoratu egin ziren gerora, eta, horrenbestez, fiordoetako leku ezberdinetan negua ahal bezala igaro beste aukerarik ez zuten izan euskaldunek. Baliabideak oso urriak ziren eta islandiarrekin sortutako gatazkak zirela medio, orduan ezarri zuten oso ezaguna egin zen legea: edozein islandiarrek euskaldunak hiltzeko baimena zuen.

«Istorio honetan egondako ehizara jo dugu, islandiarrak oso modu komunitarioan antolatu ziren euskaldunak akabatzeko, toki ezberdinetan gertatu ziren sarraski horiek, eta guk musika leku horietan jo dugu», esan dute, eta bereziki ipar-mendebaldeko fiordoetan ibili direla argitu.

Kalekantoi familiak badu esperientzia musikan eta jendaurrean, Itziarko Jan Da Eran txarangan parte hartzen baitute, eta bestela ere ohituta baitaude elkarrekin musika jotzera; «musika ikuskizun bat baino gehiago» da, ordea, Islandiako geltokietan egindakoa. Izan ere, XVII. mendeko sarraskiaren testuingurua azaltzen zuten, euskal musikaren inguruan hitz egiten zuten, musika tresnak aurkeztu, abestu, dantzatu… Hori guztia, gainera, bertakoak entzunaz eta islandiarrei ere parte hartzeko aukera emanez.

LOTURAK ETA ZUBIAK

Aspaldi abiatu zen islandiarren eta euskaldunen arteko harremana, horren adibidea da bidaian lagundu dien euskaldunen eta islandiarren adiskidetzarako elkartea, eta bertako kidea den Olafur Johann Engilbertsson; «ezinbestekoa izan da beraien laguntza», aitortu dute. Olafurren hariari tiraka, elkarteko kideek kulturarekiko, hizkuntzarekiko eta musikarekiko duten lotura nabarmena dela berretsi dute, eta bitxikeria gisa, Olafurren arbasoetako batek XVII. mendeko ehizan parte hartu zuela kontatu dute.

Islandiako historian «orban» bezala bizi dute euskaldunekin egindako sarraskia, inoizko gertakaririk odoltsuenetakoa da beraien herrialdean. «Beraiek lotsa edo damu kolektibo bat bizi dute, euskaldunak ikusi eta barkamena eskatzera hurbiltzen dira gertatutakoagatik; zor bat sentitzen dute, horren ardura», bota du Mendizabalek.

Irizar sendiko hiru alabek eta aitak eman zituzten kontzertuak Islandian zehar. (KALEKANTOI)

Bi komunitateen arteko loturetan jarraitu aurretik, bi lurraldeen antzekotasunak argitu dituzte. Islandiak bere hizkuntza propioa du eta Mendizabalen ustez bi herriek hizkuntza propioak izateak «enpatia handia» sortzen du; «beraien hizkuntza oso berezia da, arkaikoa, milaka urtetan aldatu ez dena». Hala, Euskal Herriaren berri ematean, nazio txiki bat garela, gure hizkuntza eta kultura propioa ditugula kontatzean, «Islandia bezala» erantzuten zieten. Gainera, mundu globalizatuan «erronka berdinak» izan ditzaketela bi hizkuntzek eta bi herrialdeek uste dute Kalekantoi taldeko kideek.

Hariak eta loturak aipatzen dituzte, eta, hizkuntzari jarraiki, Euskara-Islandiera lehen glosarioa da beste adibide bat. Olafur bidaia osoan lagun izan zuten, zer eta Islandiako Liburutegi Nazionaleko langilea ere bada, eta bertan dago islandierako lehen glosarioa, eta hain zuzen ere, euskarara itzulitako 500 hitz baino gehiago jasotzen dira bertan. «Artxibo horiek ikusteko aukera izan genuen, eta berezia izan zen ikustea zeinen garrantzitsua izan zen euskara, transakzio internazional bat emateko hizkuntza izan zen», argitu dute.

Hizkuntzaren gaiari tiraka, «euskal islandiera» ere bazegoela ohartarazi dute, «komunikatzeko oinarrizko hizkuntza bat, euskara latinarekin eta ingelesarekin nahastuta sortutakoa, islandiarrek eta euskaldunek elkar ulertzeko. 50 esalditik gora daude jasota». Ezagunak egingo zaizkigun bi adibide zehatz ere ekarri dituzte mahai gainera. «‘Sunbat galtzerdi afor’ asko erabiltzen zen; ‘zenbat galtzerdirengatik emango didazu hori’ esan nahi du, garai hartan galtzerdiak txanpon gisara funtzionatzen zuelako. Beste adibidea, agian garagardo markarengatik da ezagunagoa: ‘mala gissona’. Euskal islandiera da hori, ‘for you mala gissona’ esaten zuten, eta erabiltzen zuten adierazteko zerbait gaizki egin duzula, hau da, zerbait lapurtzerakoan-edo erabiltzen zuten».

MUSEO BAT HISTORIARI

Irailean izan zen Islandiako Baskasetur Euskal Baleazaleen Museoaren irekiera ofiziala Djupaviken, baina udan Kalekantoik kontzertua eskaintzeko aukera izan zuen. 1615ean bi baleontzi hondoratu ziren museoa eraiki den fiordo horretan bertan Mendizabalek kontatzen duenez, eta oraindik ez dituzte topatu. «Oso sakona da, eta ontziak agian 400 metro azpira daude; oraindik ez dituzte aurkitu, eta, beste hainbat proiekturen barruan, baleontzi horiek topatzea ere bada museoaren helburua, eta horretarako baliabideak erakartzea», azaldu du. Islandiako arkeologo ezagunenak bertan ari dira lanean, baita Albaola ere.

Etengabean gurutzatzen dira uda honetako kalekantoi taldearen istorioak eta 1615ekoak. Ögurren ere egin baitzuten geldialdia, Ari Magnussonen herrian. XVII. mendean mendebaldeko fiordoetako magistratua izan zen Magnusson; bertakoek “fiordoetako errege” bezala ezagutzen zuten eta euskaldunek “Ariasman” deitzen zioten. Eta berak eman zuen agindua euskal baleazaleak hiltzekoa: «Itsu xamar joan ginen bera bizi izan zen herrira, kafetegi batera sartu ginen eta bertako nagusia historialaria zen kasualitatez. Ezagutzen zuen istorio hau eta Ariasman non zegoen lurperatuta erakutsi zigun».

Irati Irizar eta Imanol Mendizabal, Kalekantoi taldeko kideetako bi, elkarrizketarako egindako argazkian. (Andoni CANELLADA / FOKU)

Garai hartako beste pertsonaia baten arrastoei ere jarraitu zioten, Jon lærði; “Jon jakintsua” ezizenez ezagutzen zuten, eta bere lekukotzengatik omen dakigu euskaldunen aurkako sarraskiaz dakiguna. Latinez idatzi zuen bere testigantza, eta marrazkiak ere egin zituen: «Berak idatzi zuen euskal baleazaleekin gertatu zena, zain lekutan eta nola hil zituzten. Balea espezie ezberdinak ere marraztu zituen, baina garai hartan ez zekiten oso ondo nolakoak ziren; gorputzen zati batzuk bakarrik ikusten zituzten, eta horiek kontuan hartuz berak irudikatu bezala marrazten zituen». Marrazkiak ikusteko aukera ere izan zuten, eta pozarren kontatzen dute.

EUSKALDUNAK ISLANDIAN, BIDAIAKO SORPRESAK

Musika ikuskizun horietan sorpresak ere izan zituzten, euskararekin edo Euskal Herriarekin lotutako uste baino hari gehiago daudela munduan zehar ikusi baitzuten. Irizarrek azaldu du nola hurbildu zitzaien emakume bat esanez berak etxean musika tresna hori zuela, amonarena edo, baina ez zekiela ez zer zen, ezta nola jotzen zen ere; kontzertuari esker ezagutu zuen trikitiaren soinua.

Beste kontzertu bat ere gogoratu dute. Kontzertuaren amaieran «beste bat» oihuak sumatu zituzten, eta ez ziren beraien lagunenak, «ile luzeko mutil bat zen, islandiarra ematen zuen itxuraz, eta ez genekien euskaraz ikasten ari zen islandiar bat ote zen, Islandian bizi zen euskaldun bat… Asier zen, Leioakoa, sei urte zeramatzan Euskal Herritik kanpo, eta kasualitatez egin zuen topo gure kontzertuarekin!».

“Txoriak txori” abestiari esker ere euskal herritarrak ez zirenekin hartu-emana lortu zuten: «Bat-batean pertsona bat kantari sumatu genuen, eta ea euskalduna zen galdetutakoen ezetz erantzun zigun, baina bere bikotekide ohi bat Itsasukoa zela, eta Baionan bizi izan zirela; bertan ikasi omen zuen kantua». Hurrengo kontzertuan ere sumatu zituzten batzuk abesten, eta katalanak zirela kontatu zieten kontzertu amaieran.

Musika aldetik ere inoiz irudikatuko ez luketen lekuetan jo zuten. Horren adibide da Reykjavikeko kontzertua. «Udaletxeko areto nagusian jo genuen, nazioarte mailan oso ospetsua den egitarauaren barruan, Gau Kulturaleko egitarauan. Ez genuen espero inondik inora ere», onartu du Irizarrek, eta azpimarratu bereziki eskertuta daudela bidelagun izan dituzten guztiekin.

Taldeko kideak euskara-islandiera glosarioa ikustera joan zirenekoa. (KALEKANTOI)

ABENTURAZ BETETAKO BIDAIA

Ez da ohiko bidaia kalekantoitarrek egindakoa; «izugarrizko esperientzia» gisa definitzen dute beraiek. Zazpi heldu eta hiru urteko haur bat ibili ziren hamazazpi egunez Islandian zehar kontzertuak emanez, euskal baleazaleen arrastoen atzetik: «Esperientzia ederra izan da, familia arteko batetik, eta hori opari bat izan da, eta, bestetik, aukera izan dugu bertako jendearekin egoteko. Askotan, bidaiatzean tokiak bisitatzen dira baina ez da aukerarik izaten jendearekin egoteko, egunerokotasuna partekatzeko, historia ezagutzeko… Guk bidaia honetan parte hartze aktiboa izan dugu, eta ekarpena egin dugula sentitu dugu».

Euskal Herrira itzulita, historikoki islandiarren eta euskaldunen artean egon diren hartu-emanak sendotzea, ezagutaraztea eta zubi berriak eraikitzea espero du Kalekantoi taldeak. Hurrengo helmugan dute jada begirada; ez dakite nora joko duten, baina, baleazaleen atzetik, akaso, Ternuara iritsiko dira.