2026 URT. 15 - 05:00h 40 urte bete dira Guardia Zibilak Zabaleta, Bakartxo eta ‘Satza’ hil zituenetik 40 urte bete dira oraindik argitu gabe dagoen gertakari ilun batetik. 1986ko urtarrilaren 15ean, Donostiako Bilbo-Behobia autobidearen ondoan, ETA militarreko hiru kide tiroz hil zituen Guardia Zibilak. Alejandro Auzmendi ‘Satza’, Luisma Zabaleta Mendia eta Bakartxo Arzelus ziren. Bakartxo Arzelusen ehorzketa, Polloen. (Mikel GASKA | GORDEGIA - EGIAKO ARTXIBATEGI GRAFIKOA) Gaur 8 Gaur 40 urte bete dira 1986ko urtarrilaren 15ean Guardia Zibilak Bilbo-Behobia autobidean, Pasaiaren parean, ETA militarreko hiru kide hil zituenetik. Alejandro Auzmendi Ilzarbe ‘Satza’ legazpiarra eta Luis Mari Zabaleta eta Bakartxo Arzelus donostiarrak izan ziren Guardia Zibilak jaurtitako tiroen ondorioz bizia galdu zutenak. Segadan parte hartu zuten guardia zibilak arrasto beltza eta odoltsua utzi zuen Enrique Rodriguez Galindo jeneralaren taldekoak ziren. Hiru ETA kide hauen heriotzak ikerketarik gabe geratu ziren, beste horrenbestetan gertatu den bezala. Argituz elkarteak ‘Hacia una memoria compartida’ izeneko txostenean jaso du segada hau. ‘Voluntarios’ liburua aipatzen du: «Autobidean zeuden, Pasaia parean, Frantziako kamioiren bat noiz pasatuko zain metrailatzeko asmoarekin, Frantziako Estatuak Gerra Zikinean zuen jokabidea salatzeko asmoarekin». Iñaki Egaña historialariak aipatu duenez, «ez dagoela ia daturik heriotza hauei buruz, lekukorik gabe hil zirelako. Dagoen bertsio bakarra poliziala da». Eta iradokitzen du: «Ebidentziek epaiketaz kanpoko exekuzioak izan zirela adierazten bide dute». ‘Euskadi eta askatasuna’ entziklopedian irakur daiteke: «Bertsio ofizialaren arabera, Goardia Zibilak altoa eman eta tiroka erantzun zutelako gertatu zen zoritxarra». Argituzek beste datu argigarri jaso du txostenean: «Autopsiaren arabera, Bakartxo Arzelusek distantzia laburrera egindako tiro bat zuen».