2026 URT. 18 - 05:00h 90 urte Rudyard Kipling idazle britaniarra hil zenetik 1936ko urtarrilaren 18an, barneko odoljario baten ondorioz, Rudyard Kipling idazlea hil egin zen eta Westminsterreko Abadian lurperatu zuten. Britainiar Inperioak eman zuen idazlerik handienetakoa zen, hura gabe kolonialismo britaniarraren ajeak ez baitziren gure ezagutzara iritsiko. Rudyard Kipling (zutik) bere aita John Lockwood Kiplingekin (eserita), 1890 inguruan. (WIKIPEDIA COMMONS) GAUR8 Joseph Rudyard Kipling Bombayn jaio zen 1865ean eta Indiako armada britainiarreko ofizial baten semea zen. Ingeles barnetegi batean haurtzaro bakartia igaro ondoren, Lahoren ikasketak bukatu eta bertako Arte Bilduma Nazionalaren zuzendaritza eskuratu zuen. Han hasi zuen bere ibilbide literarioa, tokiko egunkariko editore laguntzaile gisa. Garai horretako esperientziak jasotzen ditu ‘Stalky and Co.’ (1899) nobelan. 1882tik 1989ra bitartean kazetari lanean aritu zen Indian. Urte batzuk Estatu Batuetan igaro eta azkenik Sussex-en hartu zuen bizilekua 1902an. Londresera joatea erabaki zuen, garai hartako nazioarteko literatur zentroa baitzen. Carrie Balestierrekin ezkonduta, hiru seme-alabak izan zituen: zaharrena, Josephine, 1899an, Estatu Batuetara egindako bisita batean, pneumoniaz hil zitzaien, eta John semea, Gerra Handian, Loosko Guduan zendu zen. Kiplingen ospea bere narrazio laburretatik eta bertsoetatik datorkio batez ere. Indiako britainiarren bizitza dute gai nagusia, eta horrekin batera oihaneko bizitza, militarrena, itsasoa. Mila xehetasun jasotzen ditu eguneroko bizitzatik, goibeltasunezko jarrera estoikoa du existentziaren aurrean; bere idatzietako hizkuntzari dagokionez, ekonomia ongi neurtua du ezaugarria. ‘A Departmental Ditties and Other Verses’ (Departamenduko kantinelak eta beste bertso batzuk, 1886) lanaren ondoren bere narrazio bikainenetako batzuk argitaratuko zituen: ‘Plain Tales fron the Hills’ (Muinoetako ipuinak, 1888). Lan labur sail baten ondoren, 1890ean ‘The Light That Failed’ (Argiak huts egin) nobela argitaratu zuen. 1907an Literaturako Nobel Saria irabazi zuen. Kipling-en narrazioek arrakasta eta ospe handia izan zuten irakurleen artean. Gaur egun, ordea, bere narrazio laburrengatik eta olerkiengatik baino ezagunagoa da haur literaturaren artean argitaratzen diren bere obra handiengatik: ‘The Jungle Book’ (Oihaneko Liburua), marrazki bizidunetan zinera eramana, eta ‘Kim’.