GAUR8

2026rako desira, mugiarazten gaituen indarra

Desirak aurpegi ezberdinak izan ditzake. (KRANICH17 | PIXABAY)

Desira egoera konkretuak eskuratzera, bizitzera edo sentitzera bideratua egon daiteke, baina, zein da desiraren iturburua? Zergatik sentitzen dugu ekintzara bultzatzen gaituen barne indar hori? Badugu hasi berri dugun 2026rako asmo berezirik? Galdera horiek gizakiaren esperientziaren erdigunean daude eta desiraren izaera agerian uzten dute.

Agian pertsona konkretu bat ezagutu, objektu konkretu bat lortu edota egoera konkretu bat bizi nahi dugu. Desira barne-energia iturburu indartsua da eta hizkuntzaren bitartez hartzen du forma. Jaioberriak garenean desira ez da hain konkretua. Esate baterako, jaioberriaren desira barne egoera orekatua edo babesa izan daiteke, “beldurra-babesa” polo sinplearen barruan besterik ez. Gero, 8-12 hilabeterekin, amaren gorputza eta bere gorputza ezberdinak direla konturatzean, ama edo babesgunea urruti ez egotea izan daiteke desira nagusia. Poliki-poliki, babesgunea edo ama mentalki integratzean, distantzia geroz eta modu nabarmenagoan ahalbidetzen du txikiak.

Ondoren, hiru urterekin, hizkuntza eta pentsamenduaren arteko loturarekin eta psikearen garapenarekin (nia-ez nia), desira forma ezberdin eta kreatiboagoak garatzen hasten da haurra. Desirak jada ez du soilik objektu zehatz bat bilatzen, baizik eta irudimena, jolasa eta sormena ere barne hartzen ditu, haurraren mundua modu nabarmenean zabaltzen lagunduz. Imajinazioa eta proiekzioa mugagabeak dira garai horretan. Irudimena, superheroien pare, borbor dagoen garaia, hain zuzen. Sekulakoa eta ia sinesgaitza da lehenengo hiru urteetan ematen den gaitasun saltoa.

Horrela, desira gizakiaren garapenerako bitarteko oso egokia dela ondoriozta daiteke, desira fisikoa (oreka-mina), emozionala (maitasun-mina), intelektuala (jakin-mina) edota espirituala (zentzu-mina) izan daitekeena. Beraz, desiraren bidez, gizakiak bere burua ezagutzen du eta munduarekin harremantzen da. Esaerak dioen moduan, “nire desira naiz”.

Bestalde, txanpon beraren bi aurpegiak datoz hemen. Desiraren oinarrian gabezia dagoela ondoriozta daiteke eta gabezia horrek sufrimendu mentalera eraman gaitzake. Desirak, beraz, batetik, deprimitu edo, bestetik, motibatu gaitzake. Jarduera izoztu edo piztu dezake. Blokeatu gaitzake edo irudikatzera, eraikitzera edo mugitzera bultzatu. Hau da, laburbilduz, bere eragina ez da inoiz neutrala.

Desirak aurpegi ezberdinak izan ditzakeela argi dago: behar fisikoetatik abiatuta, emozionaletara doan irrika edota intelektualetara doan sorkuntzarako bulkada izatera irits daiteke. Hala ere, desirari buruz sakonago hausnartzen badugu, hainbat tentsio ageri zaizkigu. Desiraren gabeziak tristurara eramaten bagaitu; desiraren lorpenak, laster etsitu edo atsekabetu gaitzake. Hau da, desiren eraikuntzaren gurpilaren ibilbidea luzea izan daiteke, oso luzea, eta aldi berean, oso frustragarria.

Eta ez hori bakarrik: agian ondoko lagunek edota gurasoek desiratzen duten zerbait desira propio bilaka dezakegu; desiratuak izan nahi dugu; edota gizartearen kanonen desiren barruan, alienazioan, desiratzen dugu. Iragarki ekoizleek ondo dakiten moduan, desira norberarena eta indibiduala dela esatea ez da guztiz egia. Kultura eta baldintza konkretu batean bizitzeak desiran eragina du eta masai gazte baten desira, Australian bizi den aborigen baten desira, ume palestinar batena edo Euskal Herriko gazte batena oso ezberdinak izan daitezke.

Horrelako egoeratan galdera hauek ezinbestekoak bihurtzen dira: nolakoa da gure desira? Nondik dator mugiarazten gaituen indar hau? Zer eragiten du gugan?

Budaren arabera desira giza sufrimenduaren iturri nagusia da. Baina paradoxa bat dago hemen: desirarik ez izaten saiatzea ere desira bat da. Horrek erakusten du desira beraren indarra eta desira baztertzeko zailtasuna. Agian gakoa ez da desira ezabatzea, baizik eta hura ulertzea. •