GAUR8

Hamabost pertsonak bakarrik zeharkatu dute Rafahko pasabidea ireki duten lehen egunean

Gazan 20.000 pertsonak atentzio mediko falta larria duten bitartean, Israelek ez du bere hitza bete eta 50 laguni zerrenda uzten utziko ziola iragarri zuen arren, 15 pertsonak bakarrik zeharkatu dute Rafahko pasabidea mugako bidegurutzea ireki duten lehen egunean.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Gaza eta Egipto lotzen dituen Rafahko pasabidea itxita zegoen 2024ko maiatzetik, bada astelehen honetan ireki ditu ordutik ateak lehen aldiz Israelek, hori bai, pertsona kopuru txiki bat baino ez dio utzi mugako bidegurutzea zeharkatzen Tel Aviveko gobernuak.

50 bat pertsonak muga zeharkatzeko aukera izango zutela iragarri ostean, Israelek ez du bere hitza bete, eta 15 lagunek baino ez dute zeharkatu Rafahko pasabidea. Bestalde, Egiptok iragarri zuenez, 150 pertsona iristea espero zuten, eta beste 50 lagunek izango zutela zerrendara sartzeko aukera.

Israelek nazioarteko presioagatik eta «su etenaren» testuinguruan hartu du Rafahko muga irekitzeko erabakia, dena den estrategia honek duela bi urtetik hona gauzatzen ari den garbiketa etnikoaren estrategiari men egiten dio. Milaka lagunek Gazan osasun-laguntza larria behar duten bitartean, Tel Aviv-ek muga zorrotzak eta aitzakiak erabiltzen jarraitzen du ahalik eta pertsona kopuru txikienari zerrendatik irteteko baimena emateko.

Zerrendara sartzeko neurriak ere oso baldintzatuta daude: baimenak Israelen eraso genozidaren ostean lurraldea utzi zuten pertsonei bakarrik ematen dizkiete, arreta medikoa jaso edota aldi baterako lekualdatzeetarako. Gainera maleta txiki bat bakarrik sar dezakete, objektu metaliko eta elektronikoak sartzeko debekuarekin eta medikamentu kopuru mugatuarekin.

Al-Shifa ospitaleko zuzendariaren esanetan, gaur egun 20.000 gazatarrek arreta mediko falta larria dute, horietatik 4.500 haurrak dira. Gaixo dauden horietatik 4.000 pertsonak kantzerra dute, eta horietatik 440 kasu potentzialki hilgarriak izan daitezke. Israelen etengabeko erasoaldiak zerrendako osasun azpiegitura suntsitu du, egora larria areagotuz; MSFk adierazi duenez, «su etena» hasi zenetik 900 pertsona hil dira ebakuazio medikoaren zain.

Estatu sionistak laguntza humanitarioaren sarrera mugatzen jarraitzen duen bitartean, ez die erasoaldiei etenik eman. Astelehen honetan Isralek 4 pertsona hil ditu Jan Yuniseko kanpaleku bati egindako bonbardaketan, horien artean hiru urteko haurtxo bat. Bestalde, beste pertsona bat hil dute eta hainbat zauritu eragin desplazatutako pertsonak artatzen dituen Arbaikan eskolari egindako erasoan.

Gogoan izan behar da pasa den larunbatean Israelek «su etena» hasi zenetik bere eraso bortitzena egin zuela, 32 gazatar hilez, horietatik 7 umeak.