GAUR8

Nur Alhaddad palestinarraren elkarrizketa Zebrabideko aurrerapenean

Nur Alhaddad irailean iritsi zen Euskal Herrira senarrarekin. Zerotik bizitza berri bat hastea ez da erraza izaten ari. Erronka horiei buruz mintzatu da GAUR8rekin, baita genozidioari buruz ere. Aste honetako elkarrizketa ekarri dugu Zebrabideko uhinetara.

Arakatzaile honek ez du bideo elementua onartzen.


Nur Alhaddad eta senarra, Ahmed Alhaddad -Sol Band musika taldeko gitarra jotzailea-, irailean iritsi ziren Euskal Herrira. Oraindik ez dute asilo babesa lortu eta agiririk gabe ezinezkoa dute lan egitea edo etxe bat alokatzea. Gurasoak eta gainerako ahaideak Gazan ditu.

Genozidioa hasi zenean kanpoan ikasten ari zen Alhaddad. Etxetik, familiatik eta herrikideetatik urrun egoteak eragiten zion ezintasunari buelta emateko, Apricot irabazi-asmorik gabeko elkartearekin kolaboratzen hasi zen boluntario gisa. Helburua, Gazan bizi diren diseinatzaileak, software ingeniariak eta beste Europako eta Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) enpresekin harremanetan jartzea. Iaz 70 gazatar baino gehiagok lortu zuten lan kontratu bat atzerriko enpresekin Apricot elkarteari esker.

Palestinarraren hitzetan, «genozidioa pairatu dugun palestinarrak gure artean laguntzen saiatzen garen arren, ez da erraza, norberak dituen arazoen bolumena izugarria baita: ez dugu inolako ondasunik, diru-sarrerarik… Genozidioak guztiok kolpatu gaitu. Baliabide ekonomikorik eta ongizate emozional propiorik ez baduzu, nola lagun diezaiekezu besteei? Eta diasporan egonik, are zailagoa da. Donostian, 30 bat palestinar gaude uneotan; gehienak arrazoi medikoengatik egindako ebakuazioetan etorri dira seme-alaba txikiekin, Gazan gainontzeko seme-alabak eta senarrak utzita. Dena den, egoera latz honetan egonik ere, elkarri laguntzeko formulak eta bitartekoak aurkitzen ditugu, palestinarrok eskuzabaltasuna eta gure herriarekiko maitasuna ezaugarri ditugulako».

Testuinguru horretan ulertu behar da Apricot elkartearen funtsa. «Genozidioaren aurretik Gazan bizi diren palestinar askok telelana egiten zuten Europako, AEBko, Saudi Arabiako… enpresentzat. Baina genozidioarekin beraien lanpostuak galdu zituzten, eta ondorioz baita beraien diru-sarrerak ere. Apricotek Europako eta AEBko enpresak Zerrendan bizi diren palestinarrekin harremanetan jartzen ditu. Talentu asko dago Palestinan eta lan egiteko aukera bat merezi dute. Boluntario gisa bitartekari lan hori egiten baliagarri sentitzen naiz, nolabait lagundu dezakedala sentitzen dut».