2026 OTS. 14 - 00:00h Etxez etxeko eskea, erratz eta guzti (Ilustrazioa: Amaia CARRERE) Aitzpea LEIZAOLA Inauteri igandean Abaltzisketako txantxoak etxez etxe ibiltzen dira eskean eta dantzan, makila dantza. Etxe bakoitzaren atarian erratza pasa eta txantxoek makila-txiki deritzon makila dantza eskaintzen dute, soinu jolea eta zesteroa lagun dutela. Inauteri garaian garbiari eta zikinari erreferentziak ohikoak dira, eta erratza darabiltzaten mozorroak ere ohikoak dira, Lantzeko txatxoak lekuko. Txindokiko magalean, Abaltzisketan txantxoak bezala, Amezketan talai dantzariak ateratzen dira eskean. Bi taldeek Larraitzeko ermitan egiten dute topo igande eguerdian. Antzera ibiltzen dira ere Arano eta Goizuetan, etxez etxeko eskean, bai eta Lesakan fraindarrak eta goitarrak ere. Hainbat dantza erritual eta bestelako ospakizunetan gertatu moduan, tradizioaren izenean gizonezkoek hartu zuten dantza berentzat. Gizartearen bilakaeraren lekuko, aldaketa iritsi da leku gehientsuenetara. Abaltzisketan 2022an lehen aldiz atera zen emakumezko bat dantzarien taldean. Dantza esparruan, kopuruei erreparatuz gero emakumezkoak nagusi dira kasik denean. Alkandora eta galtza zuriak soinean, gerriko eta txapel gorriak, gorbata estua, beste garai bateko dantzari talde baten aurrean geundekeela lirudike, txapelaren apainketa zainduagatik eta soinean trabeska lotuta, zabal-zabal, daramatzaten zapi koloretsuengatik ez balitz. Txapela hari zuriko marrazki geometrikoz apaindua dute, bueltan-bueltan borla zuri txikiak dituztela. Ez da askorik behar inaute igandeko eske erronda gauzatzeko. Azken hamarkadetan ezagunak egin diren beste landa eremuko inauteri zenbaiten aldean, itxuraz sotilak dira Abaltzisketakoak: baserri bakoitzean errepikatzen den dantza, zuria nagusi duen jantzia, okasiorako apaindua, eta makil dantza bat. Mozorro berezi eta egitarau luze eta ikusgarrien artean maiz ahazten dugu etxez etxeko eskea izan dela berez inauterietako funtsa: herritarrak elkar agurtuz, herria noraino heltzen den gogorarazteko erritu xume bezain eraginkorra.