2026 OTS. 14 - 00:00h Gaizkiaren erantzule mutu, herriak epaitua (Ilustrazioa: Amaia CARRERE) Aitzpea LEIZAOLA Zalduondoko inauterietako pertsonaia nagusia dugu Markitos, Euskal Herriko hainbat herritan inauteri garaian urterik urte epaitu eta erretzen diren panpinen artean ezagunetarikoa. Adierazgarria da Zalduondoko inauteriaren bilakaera. Franco hil eta ondoko urtean, 1976an, bertako etnografo eta herritarren ekimenez berreskuratutako inauteria dugu, herri kulturarekiko konpromisoaren adibide bikaina. Diktadura amaitu berritan ekin zioten adineko jendeari bildutako lekukotzak aintzat hartuz inauteria berpizteari, eta, ordutik, erreferente garrantzitsua izan da Zalduondo, Arabako Lautadan ez ezik, baita Euskal Herri osoan ere. Urtero sortzen dute herriko gazteek giza itxurako panpina. Zurezko egitura xinple batean osatzen dute Markitos, gizonezko praka eta txaketa lastoz bete eta buruari ileordea eta zapela jarrita. Lepoan, hamahiru arrautza oskolez osatutako lepokoa darama, zuri-gorri-berdez margotuta. Urte osoan herrian -eta herriaz gaindi- gertatutako gauza txar guztiak gorpuzten ditu Markitosek, gaizkiaren erantzule, pagaburuaren adibide esanguratsua da. Arabako Lautadako beste zenbait herritan izen desberdina duten antzeko pertsonaia gehiago ere badaude: esaterako, Toribio Araian eta Lastozko Gizona Eginon eta Ilarduian. Igande inautea Markitosen inguruan ardazten da: astoan paseatzen dute herrian goizean, eta ondotik makila luze batean iltzatu -behinola gaizkileak zigortzen zituzten moduan-, harik eta plazan zintzilik uzten duten arte, arratsaldera bitarte. Bazkalondoren, gurdian eramaten dute eta herritarren aurrean epaitu eta su ematen diote. Zalduondokoa da Hego Euskal Herrian gordetzen den inaute epaiketa testuen artean zaharrena, 1897koa. Markitosen gisakoak dira Lantzeko Mielotxin eta Lapurdiko hainbat herritan 1970eko hamarkadan berreskuratutako zanpantzar figurak: tokian toki, guztiak atxilotu, epaitu eta gehientsuenetan erre egiten dituzte. Bidelapur historikoak, inauteri zikloari lotutako pertsonaia aseezinak eta jatun galantak irudikatu ohi dituzte panpinok, leporatzen dizkieten gaitz guztien aurrean, mutu daudenak guztiak ere.