2026 OTS. 19 - 05:00h André Breton, poesiak askatuko gintuela uste zuen surrealista Gaur 130 urte jaio zen André Breton poeta eta idazle frantsesa, ‘Surrealismoaren aita’ bezala ezagutzen dena. Surrealismoaren sortzailea (1924ko urriaren 15ean argitaratutako ‘Manifeste du surréalisme’-rekin), bere bizitza osoan ‘arte iraultzaile independentearen’ aldeko militantea izan zen. André Bretonen erretratua, 20. hamardakadan. (WIKIPEDIA COMMONS) GAUR8 Andre Breton (Tinchebray, Orne, 1896eko otsailaren 18a - Paris, 1966ko irailaren 28a) familia xume baten baitan jaio zen. Medikuntza eta psikologia ikasi zituen eta, Lehen Mundu Gerran (1914-1918), ospitale psikiatrikoetan lan egin zuen. Han Sigmund Freud-en teorietan sakondu zuen, bereziki idazketa automatikoan. Honek bere lan poetikoan eragin nabarmena izan zuen. Medikuntza ikasten hasi bazen ere, laster utzi zuen poesiagatik. Garai hartan Apollinaire, Soupault eta Aragonekin harremanetan jarri zen eta ‘Littérature’ aldizkaria sortu zuten. Lehen testu surrealistaren egilea izan zen, Supaultekin batera: ‘Les Champs magnétiques’ (Eremu magnetikoak) (1921) izenekoa, eta harexekin idatzi zuen lehen poema liburua: ‘Mont de piété’ (Erruki etxea). Tristan Tzara Parisa iristean, Breton eta bere taldea dadaismoari lotu zitzaizkion baina bi urte geroago harekin hautsi zuten. Hori bere bizitza artistikoaren adierazgarri bat izan zen. Dadaistekin harreman labur hura izan ondoren, Bretonek mugimendu berri baten sortze-testua plazaratu zuen 1924ean: ‘Prémier Manifeste du surréalisme’ (Surrealismoaren lehen agiria) deiturikoa. Eta urte amaieran ‘La Révolution surréaliste’ aldizkariaren lehen alea agertu zen. Bretonen ustez, gizona zapaltzen duten indar sozial, ekonomiko, filosofiko eta erlijiozko guztietatik askatzeko modu bakarra poesia da. Manifestu hura ibilbide emankorra izango zuen abangoardia baten hasiera izan zen, Dali, Duchamp edo Man Ray bezalako artistak batu zituena. Une hartan, testuingurua oso egokia zen artearen munduari dagokionez, ia urtero agertzen zen abangoardiaren bat: kubismoa, futurismoa, dadaismoa... Horrenbestez, mundua prest zegoen beste baterako. Azkena izan zen Bigarren Mundu Gerra hasi baino lehen. Breton Alderdi Komunistako kide izan zen 1927tik 1935era arte, alderditik banandu zen arte. 1937an, bere emazte Jacqueline Lambarekin, nazien eskuetatik ihes egin eta Mexikon errotu ziren. Han Leon Trotsky eta Diego Rivera ezagutu zituen, Frida Khalo margolariaren bikotekidea, eta haiekin idatzi zuen bere hirugarren manifestua, ‘Arte iraultzaile independente baten aldeko manifestua’ (1941). Gerraren ondoren, Estatu Batuetara joan zen bizitzera, eta, han urte batzuk bizi ondoren, 1946an Frantziara itzuli zen. Urte horietan guztietan, surrealismoa sustatzeko ahaleginetan ibili zen, XX. mendearen hasierako abangoardia zelako, bere ustez, eta ez soilik kultuko arte mugimendu bat.