2026 OTS. 19 - 13:07h Kontsumitzaileen udal bulegoekin bilduko da Kontsumobide, beharrak eta erronkak ezagutzeko Kontsumobideko arduradunek bilera erronda bat egingo dute EAEko kontsumitzaileen informaziorako bulego guztietako teknikariekin, ikusten dituzten beharrak eta erronkak jasotzeko. Helburua da informazioa, aholkularitza eta defentsa zerbitzuak hobetzea. Bezeroak dendan, artxiboko irudian. (Gorka RUBIO | FOKU) GAUR8 Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendari Ana Maria Sanchez Herraezek bilera-sorta iragarri du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) kontsumitzaileen informaziorako udal bulego guztietako arduradunekin. Ekimenaren helburua da bulego horiek herritarrei arreta emateko eguneroko lanean dituzten beharrak eta erronkak bertatik bertara ezagutzea.Aste honetan eman dio hasiera bilera ibilbideari. Jakinarazi dute udal zerbitzuekiko koordinazioa indartu nahi dela, eta erakundearen lana hobetzeko aukera ematen duten jarduerak hauteman. Bisitetan, zuzendariak bilerak izango ditu teknikariekin eta udal arduradunekin, proposamenak jasotzeko, hobekuntza arloak identifikatzeko eta kontsumitzaileen eskaera ohikoenak aztertzeko.Kontsumobidetik nabarmendu dute kontsumitzaileen informaziorako udal bulegoak «funtsezko zutabeak» direla herritarrei arreta zuzena emateko. 2025ean, kontsumoaren arloko 41.390 kontsulta erregistratu ziren guztira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta horietatik 26.128 udal bulegoetan hartu zituzten. «Horrek agerian uzten du funtsezko zeregina dutela kontsumitzaileentzako lehen harreman puntu gisa», adierazi dute. 27.218 erreklamazio, kexa eta salaketaHalaber, 2025ean 27.218 erreklamazio, kexa eta salaketa izapidetu ziren kontsumo bulegoen bitartez. Horietatik 10.684 udal buleghek kudeatu zituzten, «eta kontsumitzaileen eskubideen defentsa eraginkorrean eta toki eremuko gatazken ebazpenean duten papera indartu zuten».Ekimenarekin, «kontsumitzaileen eskubideak babesteko konpromisoa» berresten duela nabarmendu dute, «gertuko arreta sare eraginkorra eta udalerri bakoitzaren beharretara egokitua» bultzatuz. Oinarrizko helburua da bermatzea herritarrek kontsumitzaile gisa dituzten eskubideak berme guztiekin erabili ahal izatea, bizilekua edozein dela ere.Kontsumobideren ustez, «funtsezkoa» da erakundeen arteko lankidetza eta tokiko administrazioekin batera lan egitea, «informazio, aholkularitza eta defentsa zerbitzuak hobetzen jarraitzeko».