GAUR8

Joxan Artze idazleak 86 urte beteko lituzke gaur

JoxAnton Artze poeta eta Ez Dok Amairuren sortzeileetako bat jaio zen gaur egunez, 1939an. Mikel Laboaren kanta ezagunetako batzuen letren egilea ere bazen. Besteak beste, ‘Txoria txori’ eta ‘Gure bazterrak’ idatzi zituen.

Joxan Artze, 2014an GARArekin egindako elkarrizketa batean.
Joxan Artze, 2014an GARArekin egindako elkarrizketa batean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gaurko egunez, 1939an, jaio zen JoxAnton Artze idazle, poeta eta txalapartari usurbildarra, duela 86 urte. Euskal literaturan garrantzi berezikoa izan zen Artze eta ekarpen handia egin zion. Poeta gisa, hamar liburu argitaratu zituen. 1966an Euskal Kantagintza Berria mugimenduaren baitan Ez Dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen, Mikel Laboa, Xabier Lete, Benito Lertxundi eta Lourdes Iriondorekin batera, besteak beste.

Usurbilen munduratu zen 1939ko apirilaren 6an. Batxilergora arteko ikasketak amaituta, Britainia Handirako bidea hartu zuen eta gaztaroko urte batzuk eman zituen atzerrian. Itzulitakoan, 60ko hamarkadan, egungo euskal musikagintzaren iturburua izango zenaren sorreran parte hartu zuen.

1969an, Ez Dok Amairu taldeko hainbat kiderekin ‘Baga, Biga, Higa’ ikuskaria prestatu zuen. Horrez gain, ikus-entzunezko ekitaldiak ere antolatu zituen. 1974. urtean Ez Dok Amairu banandu eta berehala, Mikel Laboarekin, taldeko hainbat kiderekin eta bere anaia Jexuxekin musika, dantza eta poesia batzen zituen ‘Ikimilikiliklik’ saioa prestatu zuen. Laboarekin lotura erabatekoa izan zuen bere ibilbidean eta besteak beste, ‘Txoria txori’ edo ‘Gure bazterrak’ abestien letraren egilea da Artze.

2018ko urtarrilaren 12an, 78 urterekin zendu zen euskal kulturaren memoria kolektiboan aspaldion iltzatutako ereserki poetiko, musikal eta nortasunezkoaren sortzailea.