GAUR8

80.450 erabiltzaile ditu Lakuako Gobernuak eskaintzen duen betiON telelaguntza zerbitzuak

Lakuako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan eskaintzen duen betiON telelaguntza zerbitzua 80.450 erabiltzaileetara heldu da apirilean, etengabeko hazkundea erakutsiz, martxoan 80.175 pertsona artatzen baitzituen. Bilboko bulego nagusiak handitu dituzte eskariaren hazkundeari erantzuteko.

betiON zerbitzuko bulegoak Bilbon.
betiON zerbitzuko bulegoak Bilbon. (IREKIA)

Lakuako Gobernuak sustatutako betiON telelaguntza aurreratuko zerbitzu publikoak 80.450 erabiltzaile zituen apirilaren 9an. Kopuruak erakusten du zerbitzuaren etengabeko hazkundea sendotu dela, martxoan 80.175 erabiltzaile baitzituen.

Datuok betiON zerbitzuaren arduradunek eskaini zituzten aurreko astean, tartean Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak, Bilboko bulego nagusira egindako bisitan.

Izan ere, kalitatezko arreta bermatzeko eta eskariaren hazkundeari erantzuteko, Bilboko bulego nagusiak handitu ditu zerbitzuak, 800 metro koadrotik 1.200 metro koadrora pasatuta.

Zabaltze horri esker, etorkizunean gaitasun operatiboa bikoiztu ahal izango da: arreta zentroko 30 teleoperadoreetatik 62 teleoperadoreetara igaroko da, eta etxeko esku hartzearen arloko 22 profesionaletik 44 profesionalera.

Bulego horietan, teleoperadore taldeak denbora errealean erantzuten die Araba, Bizkai eta Gipuzkoan banatutako 80.000 erabiltzaile baino gehiagoren etxeetan sortzen diren alarmei.

Gainera, zerbitzuak beste hiru lantoki osagarri ditu Aretxabaletan, Donostian eta Gasteizen, eta egoitza horietatik koordinatzen da esku hartzeko langileen lana. Gizarte langileak eta unitate mugikorreko teknikariak dira, eta, behar izanez gero, etxeetara joaten dira.

betiON zerbitzuak telelaguntza aurreratua eskaintzen du eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan, mendekotasun egoeran edo laguntza premiak dituzten adinekoak segurtasun, autonomia eta lasaitasun handiagoarekin bizi daitezen etxean.

Zerbitzuak 1.500 sarrera-dei baino gehiago hartzen ditu eta 3.000 irteera-dei baino gehiago igortzen ditu jarraipenak eta laguntza proaktiboak egiteko egunero. Gainera, sartzen diren alarmen %91 12 segundo baino gutxiagoan artatzen dira, edozein egoeraren aurrean erantzun azkarra eta eraginkorra bermatuz.

Balorazioa

betiON zerbitzuaren arduradunek nabarmendu dutenez, zerbitzuak gogobetetasun handia du erabiltzaileen artean, eta 5etik 4,5etik gorako puntuazioa ematen diote urtero. Azken inkestetan, asebetetze maila 10etik 9,3ko batez besteko balorazioan ere islatu da, giza tratuaren kalitatea, erantzunaren azkartasuna eta taldearen profesionaltasuna nabarmenduz.

Gaur egun, 85 urtetik gorako pertsonen %40k betiON zerbitzua erabiltzen du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), eta horrek agerian uzten du «zerbitzua oso ezarrita dagoela eta garrantzitsua dela etxean zahartzen laguntzeko».

Erabiltzailearen profila mantendu egin da: emakumea, 82-83 urtekoa eta bakarrik bizi dena. 100 urtetik gorakoei dagokienez, gaur egun 360 erabiltzaile daude, 36 Araban, 200 Bizkaian eta 124 Gipuzkoan.

100 urtetik gorakoen lurralde banaketa zerbitzuaren erabiltzaile guztien banaketaren antzekoa da, baina genero datua nabarmentzen da: 100 urtetik gorako erabiltzaileen %83 emakumeak dira, betiON zerbitzuak artatutako pertsona guztien proportzioa baino handiagoa, emakumeak %79 baitira.

Azkenik, zerbituaren arduradunek iragarri dute instalazioak eta lantalde profesionala handitzeak aukera emango duela etorkizunean 200.000 erabiltzaileri estaldura emateko. Edonola ere, egungo proiekzioen arabera, kopuru hori ez da 2040 baino lehen lortuko.