GAUR8

Gaur 10 urte hil zen Juncal Ballestin margolari eta irarlea

Juncal Ballestin Gasteizen jaio zen 1953an eta bertan hil zen gaur 10 urte, 2015eko maiatzaren 1ean, 61 urte zituela. Margolari eta irarleak Otazun egin zuen lan eta hainbat erakusketa egin zituen.

Juncal Ballestinek bere bizitzan egindako lanen bildumaren erakusketa, Artium museoan, 2021ean.
Juncal Ballestinek bere bizitzan egindako lanen bildumaren erakusketa, Artium museoan, 2021ean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Juncal Ballestin margolari eta irarleak txikitatik maitatu zuen marrazketa eta askotariko materialekin lan egitea. Prestatu ondotik, Otazun ezarri zuen bere lantokia. Ibilbide artistikoaren hasieran, 1970eko hamarkadan, Gasteizko eta Bilboko hainbat galeriatan erakutsi zituen bere lanak.

1970eko hamarkadaren amaieratik 80koaren hasierara bitartean hainbat erakusketa kolektibo ibiltaritan ere parte hartu zuen.

Bilboko Arte Ederren Eskolako irakaslea ere izan zen. Eta bere artelanak munduko hainbat lekutan erakutsi zituen. Estatu espainolari dagokionez, Burgos, Cuenca, Logroño, Madrid, Salamanca edota Zamoran izan zituen erakusketak. Europa mailan Italiako Torino hirian edota Parisen, frantses Estatuan. Eta Japonia bezalako herrialde urrunetan ere ikusi ahal izan dira Ballestinen lanak.

Hainbat sari eta ohore jasota hil zen, gazte oraindik, 61 urterekin.

2021ean bere bizitzan egindako lanekin erakusketa antolatu zuten Artium Museoan, ‘Juncal Ballestin. Bizitza ariketa gisa’ izenburuarekin. Geroztik, museo honek Ballestinen izena daraman nazioarteko ikerketa-beka bat ere antolatzen du. Gainera, 2022an, Gasteizko Udalak bere izena jarri zion Artium plazari.

Bere obra Artiumen, Espainiako Liburutegi Nazionalean eta Nikaraguako Museo Nazionalean ikus daiteke.