GAUR8

Gaur8k 1.000. zenbakia Errenterian ospatuko du, komunitatean

Gaur8k 1.000. zenbakia argitaratuko du urriaren 17an. Ia 20 urteko ibilbidea ospatzeko ekitaldi berezi bat egingo du urriaren 15ean Errenteriako Lekuona Fabrikan, eta bidelagun izan diren guztiei bertaratzeko gonbita luzatu die.

Urriaren 17an 1000. zenbakia argitaratuko du Gaur8 euskarazko astekariak. 2007ko martxoaren 10ean kaleratu zuen lehen zenbakia, zoritxarrez gaurkotasunik galdu ez duen lerroburuarekin: «Palestinarren eskubideak onartzeko garaia».

Gaur8. Bistakoa denez, izena ez da ausazkoa. Berehalakotasunetik harago, begirada propio eta pausatua eskaintzea izan da Gaur8ren helburu nagusietakoa, bai eta eraldaketei aurrea hartzea ere. Lehen zenbakiak zenbait argibide ematen zituen: “Joera, ondorioak” izenburupean, «aurreko astean gertatu denaren analisia eta datorren astean gertatuko diren gauzen prospekzioa egiten saiatuko gara», baieztatzen zuen Iñaki Sotok –artean kolaboratzaile gisa–; Ekitaldi Hurbilaren eta Alemaniaren bueltako azterketa egiten zen –Angela Merkel kantzilerra zen ordurako–, Hildegart “Birjina Gorriaren” inguruko erreportajea, begiradak, analisi politikoak, AHTaren inguruko eztabaida, “Egunero da martxoaren 8a” elkarrizketa sorta... 

«Iritsi da xagua eta papera adiskitzeko garaia» jartzen zuen kontra-azalean. Mugak muga, Gaur8ren bokazio nagusietako bat horixe izan baita: internetaren eskutik gauzatzen ari zen eraldaketa horretan aitzindari izatea. Horrela, larunbatero GARA egunkariarekin batera zabaltzeaz gain, Gaur8ren webgune esklusibo bat ere eratu zen, blogari eta guzti.

Gaur zortziko ikusmira

Bi hamarkada hauetan errealitatea zeharo aldatu da, eta, tartean, Gaur8ren egitura ere bai. Dena den, hasieratik hona Gaur8ren leloa mantendu egin da: “Mila leiho zabalik”. Amagoia Mujika Telleriaren zuzendaritzapean, astez aste lema hori errealitate bihurtzea izan da lantaldearen ahalegina: batetik, leiho bakarra beharrean mila eskaintzea, askotariko begirada eta gaiak jorratuz eta errealitatea bere osoan ulertzeko gakoak emanez; bestetik, leihoak beti zabaltzea, entzun eta ikasteko prest, ahots eta arnas berriei bide emateko. Finean, euskaraz eta gaur zortziko ikusmiran, mundu oso bat lantzea eta mundu oso bati lekua egitea izan da xedea.

Nerea Ibarzabal, Ane Elordi, Ana Mezo, Pello Otxandiano, Beñat Jusue, Olatz Arbelaitz eta Ximun Fuchsekin spot orokor bat eta klipak osatu dira, eta, hain zuzen, horren zenbait traza ematen dituzte: «euskarazko erakusleiho» honetan «asteroko elkarrizketa koral bat» josten dela; «askotariko gaiak» lantzen direla; nazioarteko argazki zabala eskaintzen dela; «euskara ikasteko» tresna baliagarria dela; iritzi artikuluek, informazioa jasotzeko ez ezik, «ikuspegia zabaltzeko gakoak» eskaintzen dituztela; dibulgaziorako «plaza» bat dela; «argi luzeak pizten» eta «etorkizun posibleak irudikatzen» laguntzen duela... Beti ez da asmatzen, jakina, baina bide horretan ekarpena egitea izaten da saiakera –azken zenbakia eta Kristiane Etxaluzeren inguruko podcasta horren erakusgarri dira–.

Ekitaldia eta zenbaki berezia

Mila ez da edozein moduzko zifra. Hori dela eta, “Gaur8, mila leiho, mundu bat” lelopean, bidean egindakoa ospatu eta Gaur8ren ekarpena aldarrikatuko da datozen asteetan.

Batetik, urriaren 17an zenbaki berezia argitaratuko da. Bestetik, urriaren 15ean Errenteriako Lekuona Fabrikan ekitaldia egingo da, Euskal Herriko eragile politiko, instituzional eta sozial nagusiak eta Gaur8ko komunitate zabala biltzea helburu duena.

18:00etan irekiko dira ateak, NAIZ Irratiaren zuzeneko irratsaioarekin. Ekitaldia 18:30etan hasiko da, eta denetik izango da: hitzartzeak, musika, bertsoak, umorea, kolaboratzaileen ekarpenak… Ondoren, behar bezala biribiltzeko, mokadutxo bat egingo da.

Euskal Herrian eta komunitatean ekarpen positiboa egiten duten herritarrak eta eragileak; ia 20 urteotan horiek izan dira Gaur8ren ardatza, eta ekitaldia horien denen topagune izan dadin nahi da. Hala, Lekuonara bertaratzeko gonbita luzatu zaie kolaboratzaile eta irakurle guztiei, honako loturan izena emanez: https://labur.eus/gaur8gonbidapena.