Maddi Txintxurreta
Kazetaria / Periodista

Irizpide «selektiboak» eta arrazakeriarekin ferekak

Pasa den urrian polemika piztu zen Donostian, Udal Gobernuak debekatu egin zuelako Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldearen jarduna. Gauero-gauero, behar dutenei jaten emateko antolatzen dira plataforma honetako boluntarioak, eta otordua egitera gerturatzen direnen artean, bidean dauden migrante gazteak dira asko. Ordukoan, Martin Ibabe Donostiako Udaleko Segurtasuneko zinegotzi ordezkariak baieztatu zuen KAS kolektiboaren afari solidarioak debekatzeko «arrazoi bakarra eta esklusiboa» Egia inguruan antzeman zuten «segurtasun problematika» izan zela.

Herritarren artean zabaltzen ari zen ordurako segurtasun faltaren mamua, eta “Lo que no te cuentan de Donosti” izeneko profila arduratu zen mamua pertsona migranteen orbitan kokatzeaz, batez ere sare sozialetan, baina afari solidarioen kontra antolatu zituen elkarretaratzeen bidez ere bai. Herritar horien kezkak ulertu zituen Ibabek, eta eskatzen zutena bete zuen Udalak. Horretan datza tokiko administrazioen lana, herritarrei entzun eta ahal den neurrian arazoak konpontzean.

Kontua da, nahi gabe izan bazen ere, egun gutxira Eneko Goia alkateak aitortu zuela «arazo» horrek ez zuela oinarririk, eta azken buruan, segurtasun faltaren gorakada aho-belarrien bueltan zebilen mamua zela. Donostiako Udalean urriaren 28an egin zuten politika orokorreko plenoan, baieztatu zuen herritarrek segurtasunarengatik zuten kezka hirian erregistratutako delitu kopuruak baino askoz gehiago hazi zela, eta halaber, hirian erregistratutako atxiloketen haziera oso altua izan zela egindako delitu kopuruarekin alderatuta. Hau da, delituak oso gutxi hazi ziren arren (%1,4 2022tik 2023ra) eta atxiloketak nabarmen ugaritu (%11,95 epe berdinean), herritarrek segurtasun falta handiagoa sumatzen zuten. Donostiako Udaleko inori ez zitzaion okurritu, agian, diskurtso ultra eta arrazisten gorakadak eragina izan dezaketela herritarren pertzepzioan, eta errealitatea pertzepzio horrek adierazten duena baino askoz hobea bada, agian, suari egurra botatzea baino arduratsuagoa dela lasaitasun mezu bat zabaltzea eta, bide batez, diskurtso horien arriskuaz ohartaraztea? Bada, Goiak erabaki zuen promestea «irmotasunez» eta zigor gehiagorekin erantzungo ziola hiriaren «segurtasun arazoari».

Formula zaharra da existitzen ez den -edo, bederen, hainbesterainokoa ez zen- arazoaren ardura migranteengan jartzea, baina instituzioek agenda erreakzionario horrekin bat egitea, diskurtso arrazistak ezesten dituzten datuak izanda… Tira, formula zaharra da baita ere, galde bestela Javier Marotori… eta EAJko norbaitek erantzungo du.

Izan ere, azkenaldian, migrazioa eta segurtasuna hizpide izan dutenetan, eskuindar zokoratuenen argudioak maileguz hartu dituzte jeltzaleek, eta ez da atzean geratu Imanol Pradales lehendakaria. Hausnartzera deitu du asteon, pentsatzera «zer immigrazio behar duen» Euskal Herriak eta «zein iristen zaion», ulertzera emanez herrialdean nork bizi behar duen aukeratu beharra dagoela. Interpretazio hori interesatua dela pentsa dezake norbaitek, EAJk ez lukeela halako adierazpen arrazista eta kontserbadorerik egingo, baina, tamalez, Joseba Diez Antxustegi legebiltzarkideak konfirmatu zuen jeltzaleen deriba istriborrera: migrazioa onartzeko irizpide «selektiboa» behar dela esan zuen.

Bide batez, abisatuta geunden: hauteskunde kanpaina betean, ETB2ko hautagaien arteko debatean, segurtasun faltaren mamua astindu zuen Pradalesek, eta delitugileekin «zero tolerantzia» izango zuela agindu. Badira, beraz, agindutakoa betetzen duten politikariak. •