
Ehun urte bete ditu Laukizko Beheko Eskolak eta ospatzeko Udalarekin elkarlanean antolatutako jardueren artean kanta bat sortu du eskola-komunitateak. Ikasleek Gatibuko Alex Sardui abeslariarekin eta Marenekin grabatu dute bideoklipa.
Bizkaian oraindik martxan dagoen auzo eskolarik zaharrena da eta mendeurrena ospatzeko eskolaren historia eta nortasuna islatzen dituen abesti bat sortu dute. Kanta, gainera, eskolatik igaro diren belaunaldi guztien aitortza ere badela azaldu dute ohar batean.
«Abestiaren hitzak eskolako egunerokotasuna, iraganeko esperientziak eta etorkizunekiko konpromisoa uztartzen ditu», azaldu du eskola-komunitateak. Era berean, berretsi du «hezkuntza proiektua sendotzen lagundu duten guztiei omenaldi gisa» sortu dela.
Txikitasunetik hasi gara,
inguruko larreak bezala
arbasoek eraiki zutena
zaindu daigun ondorengoentzat.
Ehun urte, hainbat ume
izan gara eskola honen parte
familia eta irakasle
abestu daigun guztion omenez.
Herria isilik esnatu da haurrak
hurbiltzeko esperoan
plaza, frontoia eta bazterrak
irribarrez bete dira jada.
Hazi eta hezi, dugu helburu
beti etorkizunari begira
herririk ez da
eskola ez bada
beti bihotzean Laukizko eskola.
Ehun urte, hainbat ume
izan gara eskola honen parte
oroitzapenak laztantzen
abestu daigun guztion omenez.