GAUR8

Lehen Eusko Olerti Eguna ospatu zen Errenterian duela 95 urte

1930eko ekainaren 1ean, gaur duela 95 urte, Errenterian ospatu zen Lehen Eusko Olerti Eguna ‘Aitzol’ eta Euskaltzaleak elkartearen ekimenez. Koldobika Jauregi ‘Jautarkol’ omentzeko antolatua, ekitaldiak euskal poesia herritarren artean zabaltzea eta berpiztea zuen helburu.

Lehen Eusko Olerti Eguna Errenterian ospatu zen 1930an.
Lehen Eusko Olerti Eguna Errenterian ospatu zen 1930an. (Pascual MARÍN | MARÍN FUNTSA-KUTXA FOTOTEKA)

1930eko ekainaren 1ean Errenterian ospatu zen Lehen Eusko Olerti Eguna, euskal kulturarentzat mugarri izan zen ekitaldia. Euskaltzaleak elkarteak antolatu zuen, Joseba Ariztimuño ‘Aitzol’ buru zuela, eta helburua euskal poesia berpiztea eta herritarrengana zabaltzea izan zen. Aitzakiatzat hartu zen Koldobika Jauregi ‘Jautarkol’-i eginiko omenaldia eta haren Biozkadak liburuaren inguruko interesa.

‘Jautarkol’-en lana poesia moderno baten adierazgarri zen eta erreferente bilakatu zen berrikuntza bila zebiltzanentzat. Ekitaldian parte hartu zuten garai hartako euskal kulturaren figura nagusiek: Xabier Lizardi, Orixe, Lauaxeta, Loidi, Tapia-Perurena eta beste hainbat.

Milaka herritar bildu ziren Errenteriako kaleetan olerki irakurketak, mezak, bertsoak, antzerkia eta dantza ikuskizunak entzutera. Herriko plaza jendez gainezka zegoen, eta Olerti Egunak herri osoa hartu zuen, festa bihurtuz. Horren bidez, poesia eliteen esparrutik herrira zabaldu nahi zen, eta euskal nortasuna sustatu.

Lehen Eusko Olerti Egun honetan, Estepan Urkiaga ‘Lauaxeta’ izan zen olerki-lehiaketako irabazlea, ‘Maitale kutuna’ lanarekin, eta Nikolas Ormaetxe ‘Orixe’-k bigarren saria eskuratu zuen. Ekitaldi arrakastatsu hau izan zen ‘Aitzol’-ek bultzatu nahi zuen Pizkundearen lehen urrats sendoa. Errenterian hasitako bideak, 1936ra arte, euskal sorkuntzaren berpizkundean eragin handia izan zuen.