
Gaur urtebete betetzen da Angel Vallejo mendizalea zendu zela, mendian urteak eta abenturak bizi ostean, 81 urterekin zendu zen Vallejo. Euskal mendizaletasunaren historian aztarna utzita.
1942an Biarritzen jaio zen, baina umetatik Gasteiz izan zuen bizitokia Vallejok. 1974ko Tximist Espedizioan —16 mendizalek ahalegina egin zuten munduko gailurrik altuenera igotzeko, eta 350 metrora geratu ziren — eta 1980ko Everest Euskal Espedizioan partaide izan zen.
1980ko igoeraren inguruan bere egunerokoan idatzi zuen: «Ricardorekin jaistea erabaki dudanean, lasaitu handia hartu dut. Jada ez dut Everest gailurra joko, badakit hauxe dela nire azken aukera urte askoan hainbeste indarrez sentitu dudan asmo honetan, baina, era berean, ziur nago hauxe dela erabaki zuzena. Bizitzara itzultzea da».
Garaiko eskalatzaile onenetarikoa zen Vallejo, besteak beste, Marboreko Dorrea eskalatu zuen Luis Mari Saenz de Olazagoitiarekin batera neguan. Belaunaldi hartako eskalatzaileak aitzindariak izan ziren Euskal Herrian.
Alpeetan eta Andeetan ere ibili zen, hain zuzen ere 1967an Andeetan egindako espedizio ospetsua Everesteko espedizioaren ernamuina izan zela esaten da.
2001ean Juan Vallejo semeak Everest gailurra jo zuen mendiaren ipar-ekialdeko ertzetik, oxigenorik gabe, eta, nolabait, ziklo bat itxi zuen.