GAUR8

Aitziber Areitiok ordezkatuko du Ainara Otxotorena Mañariko alkatetzaren buruan

Azken sei urteetan Mañariko alkatea izan den Ainara Otxotorenak dimisioa eman eta Aitziber Areitio egungo alkateordeari pasatuko dio lekukoa. Hurrengo astelehenean izango da erreleboa gauzatzeko osoko bilkura.

Aitziber Areitio eta Ainara Otxotorena, irudian.
Aitziber Areitio eta Ainara Otxotorena, irudian. (Bizkaiko EH Bildu)

Azken sei urteetan Mañariko alkatea izan den Ainara Otxotorenak kargua utzi eta egun alkateorde den Aitziber Areitiori emango dio erreleboa ekainaren 23an. Data horretan izango da ordezkapena gauzatzeko lehen urratsa egiteko udal osoko bilkura Mañarian. 

Prentsa ohar batean jakinarazi du EH Bilduk arrazoi pertsonalak tarteko dimisioa ematea erabaki duela Ainara Otxotorenak. Gogoratu du koalizio subiranistak Otxotorenak berak herritarrei zuzendutako gutun ireki batean azaldu duela «osasun arazoek eta bestelako arrazoi pertsonalek nabarmen eragin» dutela «alkate lanak behar duen arreta eta dedikazioan».

Ekainaren 23ko osoko bilkuran, beraz, Otxotorenaren dimisioa gauzatuko da, eta ekainaren 27an egingo den osoko bilkuran Aitziber Areitio egungo alkateordea proposatuko du EH Bilduko udal taldeak alkatetzaren ardurak hartzeko.

Bizkaiko EH Bilduk Otxotorenak egindako lana azpimarratu du ohar batean, «beti ere Mañariaren eta Durangaldearen zerbitzura, bertako bizilagunen zerbitzura, une oro guztion bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin». «Badakigu zein zaila izan zaion bere lana egitea bere egoera pertsonalagatik, eta, horregatik, onena opa nahi diogu behin bere udal-erantzukizunari uko egin dionean», erantsi du.

Bestetik, Otxotorenak gutun irekian «urte hauetako lorpenetan egindako lana eta ekarpenagatik» udal langileei adierazitako eskertza nabarmendu du EH Bilduk.