Aiora Zabala
Ingurumen politikan irakaslea eta ikerlaria, Cambridge unnibertsitatean

Nuklearrik? Ez, eskerrik asko

Berriak maiz irakurriz gero, zaila da ezerk harritzea egunotan, titularrak sinestezinetik sinestezinagora doaz eta. Baina azken asteotan zerbaitek harritu nau. Erresuma Batuko gobernuak fisio nuklearretik ekoitzitako elektrizitatea bultzatzeko inbertsio berriak iragarri ditu. Txunditu nauena da jendearen aurkakotasun nabarmenaren eza.

Bultzada horretarako aitzakia energia trantsizioa da. Gobernu horrek energia berriztagarrientzako enpresa publiko berri baterako aurreikusitako 9.000 milioi euro ingurutik herena birbideratu berri du erreaktore nuklear modular txikiak egitera, berotegi efektuko isuririk ez dutela argudiatuta (funtzionamenduan; eraikitzean badituzte halako isuriak, ordea).

Birbideratutakoa adina gastatzen du, gutxi gorabehera, gobernu horrek, urtean, hondakin nuklearren kudeaketan. Energia Departamenduaren partidarik handiena da. Zergen puska itzela, gizartearentzat onurarik ez ekartzeko, iraganetik oinordetutako zikinkeria kudeatzeko baizik. 1950eko hamarkadako hondakinak kudeatzen dabiltza oraindik. Inork ez daki oraindik zein instituziok bermatuko duen hondakin erradioaktibo berrien segurtasuna ehunka urtetan. Ez naiz istripuen eta eraso zuzenen arriskuez arituko ere.

Askoren ustez, fisio nuklearra beharrezkoa da energia trantsiziorako, erregai fosilak ordezkatzeko. Ez, iturri berriztagarrietatik datorren elektrizitatea nuklearra baino merkeagoa da, gora doazen desegite kostuak kontuan hartu gabe ere. Bultzada horrek elektrizitatea garestituko du, eta etorkizuneko belaunaldiei arazo astun eta erradioaktiboa utziko die. Energia berriztagarriak askoz malguagoak eta azkarragoak dira martxan jartzeko eta sare elektrikoari energia gehitzeko. Eta ez, energia berriztagarriak ez ziren izan itzalaldiaren zergatia.

Zergatik bultzada hori, beraz? Bi arrazoi datoz burura. Lehenengoa, ahalegin nuklear zibila areagotzea bat dator gerra-oldarrekin, iraganean bezala. Iraganean, fisio nuklearraren aldekoek ere sustatu zuten hura, elektrizitate iturri bikaina eta merkea zela argudiatuta. Garapen zibila erabili zen gaitasun militarra indartzeko eta hori frogatu izan da. Elektrizitatea merketzearena ez da frogatu. Klima larrialdiaren beste aro batean egonda ere, ezerk ez du adierazten kontakizuna oso desberdina denik.

Bigarrena, etorkizuneko elektrizitate eskaera asko igoko delakoan biderkatu nahi da nuklearra. Iaz munduko energia eskariaren igoera aurrekoetakoaren ia bikoitza izan zen. Arrazoi nabarmenak, besteak beste: datuen zerbitzariak eta adimen artifiziala. Hortaz, nuklear berria ez litzateke erregai fosilen egungo eskaria ordezkatzeko, baizik eta teknologia digitalei eusteko, besteak beste. Mundu digitalaren hedapenarekin, energia gehiago behar da datuen zerbitzariak elikatzeko; adibidez, hodeira igotzen dugun edozein bideo epe luzez gordetzeko edota AA txatetan galderak egiteko. Eta bitartean klima larrialdia moteldu gabe.

Batak zein besteak ez dute zerikusirik klima arintzeko ahaleginarekin. Gizartearen ahotan eta itxaropenean dagoen klima ekintza bahitu egiten dute nuklearra bultzatzeko inbertsio horiek. Klimarentzat dela esan, eta beste zerbaitentzat egin. NATOk zein erraz eskatu duen herrialdeen BPGaren %5 “defentsan” gastatzeko, Ameriketako Estatu Batuek beren merkataritza-orriak orekatu nahi dituztelako, eta zenbat kostatzen den klima arintzeko behar den BPGaren %2 bideratzea.

Azken boladako albiste horiek XX. mendeko garapen nuklearraren aurkako mugimendu eta argudio irmoak hautsen artetik ateratzen dituzte. 1970 eta 1980ko hamarkadetako Lemoizko garapenak eta garaipenak gogoratzen ditu Iñaki Petxarromanek bere liburuan. Horren harira harremanetan jarri zitzaidanean, bizirik edukitzeko oroimen garrantzitsua zela sentitu nuen. Ahaztu behar ez dena, baina zeharo iraganekoa. Horretaz ez nago hain ziur gaur egun. Mugimendu bakezale antinuklearraren XXI. mendeko bertsioaz hausnartu beharko dugu. •