Ramon Sola
Aktualitateko erredaktore burua / Redactor jefe de actualidad

Eguerdi bat Xixonen

Udako oporrek zeozer ikasteko aukera ematen dute beti, Euskal Herritik gehiegi urrundu beharrik gabe ere. Asturiasen justu duela astebete, esaterako, ustekabeko egoera topatu dut, zer pentsa ematen duen horietarikoa. Xixonen barrena patxada osoz paseoan genbiltzala, eguerdi aldera, eguraldi ederra lagun, txoko guztietan begirada pausatuz, kaleko giro xumeaz gozatzen, hegazkin baten zarata arraroa sumatzen hasi gara bat-batean. Ez da ohiko soinua. Segundo bakar batzuen ondoren jasanezin bilakatu da burrunba, eskuekin belarriak tapatzeraino. Eta horra hor, Alde Zaharreko etxeen artean gerra-hegazkin bat agertu da, une batez gure buruen gainetik oso metro gutxira. Ziztu bizian aldendu, baina laster itzuli da, soinu madarikatu ikaragarri hura berarekin ekarriz.

Zer dela eta? Interneten bilaketa azkar bat eginez, “Festival Aéreo de Gijón” delakoaren hogeigarren edizioa ospatzen ari dela jakin dugu. Horko biztanleek ez dirudite bereziki kezkaturik, beren egitekoetan segitu dute, erosketetan, kirola egiten, paseoan... Batzuek belarriak tapatu ere ez dute egin, zarata zinez inoiz entzun dudan handiena den arren, tinpanoak zulatzeko modukoa. Ohituta daude, nonbait. Terraza batean marmarka hasi da emakume bat, baina tabernaria gustura dago: «Nire aita militarra zen eta txikitatik gustuko izan ditut gauza hauek», azaldu dio bezeroari, elkarrizketa lasaian.

Eurofighter eta F18 bana dira Xixongo zeru garbia behin eta berriz urratzen duten gerra-hegazkinak. Gu elefante batek zapaldu behar duen inurria bezala sentitu gara. Gero eta aztoratuago gaude, guztiz deseroso, nahiko ikaratuta ere bai, egia esanda... eta pentsakor. Hegazkin horiek zarata hutsarekin edonor akaba dezaketela dirudi, zer esanik ez lehergailuz kargatuta baleude. Erakustaldia izan arren, erraz irudikatu daiteke Gernikako biztanleek azoka egun batean jasan zuten izua, edota gaur egun Gazan zeozer jateko pilatuta daudenen ikara, israeldar hegazkinak ikusita. Gure larruan sentitu dezakegu benetan, hau ez da simulagailua. Baina bistan da Xixongo jaialdi honen asmoa ez dela pedagogikoa, ez bakezalea, Armada espainolaren apologetikoa baizik.

Ibiliaren ibiliaz, ihesi ez esateagatik, Xixongo Alde Zaharraren muinora heldu gara ohartu gabe, Cimadevilla izeneko goialdera. Hortik hegazkinen joan-etorri osoa ikus daiteke. Harridura biderkatu egin zaigu: akrobaziak egiten ari dira, jira-buelta etengabean, jolas oso arriskutsuetan, teilatuen gainetik metro gutxira pasatzen diren bitartean. Bardeetako hegazkinak garai batean Tuteraren gainetik maiz igarotzen zirela, tarteka soinu-muga gaindituz, etorri zait gogora, baita hark herritarren artean eragiten zituen protestak ere. Cimadevillan “ikuskizuna” gozatzen ari den gazte batek bota du, ondokoak lasaitzeko asmoz: «Desde un accidente en Murcia, los pilotos tienen orden de echarse al agua si ven que se van a estrellar. Así que, antes que matar a alguien, se suicidan. ¡Vaya cojones tienen!». Nazka sentitu dut, auzo-lotsa ere bai.

Ehunka lagun igo dira talaia horretara. Beste batzuk, ordea, beren gogoaren kontra “harrapatuta” daudela suma daiteke: bi haur negar zotinka ari dira Cimadevillako jolas parkean, amaren magalean. Txakurren zaunkarik ez da entzuten, gure harridurarako. Burrunba hauek jasan ezin dituzten eta aniztasun funtzionala duten pertsonekin edo aitona-amonekin gogoratu gara, hegazkinen joan-etorri hauen zartakoa zinez su artifizialen edo ferien inpaktua baino sei edo zazpi bider bortitzagoa baita. Gero irakurri dugunez, 2019ra arte jaialdi honen aurkako protesta bat edo beste burutzen zen, baina aurten ez dugu ezer aurkitu. Ondorengo egunean Foro Asturiaseko alkateari irakurri diogu: «Ikuskizun paregabea izan da». Eta euskal herritarrak izateaz harro sentitu gara. •