GAUR8

Kepa Ordoki, gudaria eta EAE-ANVko kide

Gaur dela 113 urte jaio zen Kepa Ordoki Vazquez. Eusko Gudarosteko gipuzkoar gudaria eta EAE alderdiko kidea izan zen. 1936ko gerra eta gero, Bigarren Mundu Gerran ere parte hartu zuen nazien kontra, Gernika Batailoiaren buruzagia izanik.

Kepa Ordokiri omenaldia, 2021ean Hendaian.
Kepa Ordokiri omenaldia, 2021ean Hendaian. (Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan)

1912ko abuztuaren 3an jaio zen Irunen Kepa Ordoki Vazquez. 20 urte zituenean, EAE-ANVko alderdiko kide egin zen, eta 1936ko gerrak bete-betean harrapatu zuen. «Etxean gelditu beharrean, kalera irten eta aberria defendatu zuen. El Dueso eta Gursetik ihes egitean, busti zen. Baita ere, bigarren mundu gerran erresistentziara batu zenean. Eta nola ez, UNEtik ideologia anitzeko gudari euskaldunak banatu eta Gernika Batailoia sortzean, horrela, 1993ra arte», gogoratu zuen ‘Kepa Ordoki-Memoria Historikoa Bidasoan’ elkarteak 2021ean egindako omenaldian.

Izan ere, Ordokik Gipuzkoa, Bizkaia eta Santanderko frontean borrokatu zuen tropa frankisten aurka. Azken hiri horretan atxilotu zuten 1937. urtean eta irailean heriotza-zigorra ezarri zioten. Baina Duesoko espetxetik ihes egin eta Ipar Euskal Herrira erbesteratzea lortu zuen. Gurseko kontzentrazio-esparruan egon zen, baina bertako bizi baldintzak kaskartzen hasi zirenean ihes egin zuen.

II. Mundu Gerra hasi zelarik, Lannemezango armategiak eraikitzera joan zen. Ondoren nazien aurkako erresistentziara batu zen Pirinioetan. Gerora, Eusko Jaurlaritzaren mendeko Gernika Batailoiaren buru izendatu zuten.

De Gaulle jeneralak eskerrak eman zizkion Ordokiri hurrengoa esanez: «Komandante, Frantziak ez du inoiz ahantziko euskaldunek gure lurra askatzeko burutu dituzten esfortzu eta sakrifizioak».

1993ko azaroaren 28an hil zen eta Hendaiako hilerri berrian lurperatu zuten.