Maddi Txintxurreta
Kazetaria / Periodista

Mercadona, Temu eta Bilboko Konpartsak

Badira etxepeko dendan erosketak egin beharrean kotxea hartu eta Mercadonara bidean erregaian dirutza gastatzen dutenak, han “dena” merkeagoa delako. Aurpegirako kremak miragarriak dira, aldameneko korridoreko apalean dauden sagarren pareko distira uzten dute azalean. Han saltzen duten hummusa, demasa. Sukaldea ere badute, espagetiak karbonara erara da egiten duten platerik onena, eta bertan jateko espazioa ere badago, plan hoberik ez zait okurritzen. Sukarra pizten du euskaldunon artean ere iaz 1.384 miloi euroko irabaziak izan zituen multinazionalak, markaren promozioa doan eta kartsuki egiten duten militanteen gudarostea du gurean. Zarauzko supermerkatuaren inaugurazioan, udaren bezperan, jendetza batu zen munstroaren iritsiera ospatzera, eta herriko komertzioen biziraupenak apur bat kezkatzen dituen bizilagunek zera esan zuten: «Pentsa zer nolako kaltea egingo dion Maxi Eroskiri!».

Inaugurazioaren egun hartan, LABek elkarretaratzera deitu zuen, eta “Mercadona, ez merke ez ona” idatzita zuen pankarta baten atzetik protesta egin zuen herritar talde batek, arrastelua eskuan hartuta eta baserritar jantzita. Sindikatuak esan zuen multinazionalak dituen saltokietako langile gehienak lanaldi partzialetara kondenatuta daudela, lan-karga handiak izaten dituztela eta bajak ez dituztela ordezkatzen. Baina Hacendadoko guakamoleak hori guztia eta gehiago justifikatu dezake.

Amazonek mundua gobernatuko zuela uste genuenean -eta garaiz dabil oraindik-, algoritmoak Shein eta Temu etxeetako produktuekin bonbardatu gaitu. “Kalitate altuko” aterkiak 64 zentimoren truke Sheinen. Hamar galtzontzillo 8,75 euroren truke Temun. Hori pagotxa! Europako Batzordeak duela gutxi ohartarazi zuen txinatar jatorriko merkataritza elektronikoko plataformetan saltzen dituzten produktu askok substantzia kimiko arriskutsuak eduki ditzaketela, eta horiek bereziki kaltegarriak izan daitezkeela haurrentzat. Milaka kilometro egin behar dituzten produktuak euro gutxiren truke erostea hasieratik izan zitekeen susmagarria, baina txakurrentzako koltxoneta “freskagarri” bat 2,16 eurotan? Ez erostea dirua galtzea litzateke. Gainera, Temun 2,33 eurotan saltzen den haurrentzako kapusaia azalarentzat toxikoa bada, Mercadonako krema eman eta konponduta.

Era horretako kontsumo konpultsibora bideratzen gaituen aldi honetan, badira beste bide batzuk hartzera gonbidatzen gaituzten aukeraketak. Horretan eredu izan dira Bilboko Aste Nagusian Coca-Cola saltzeari uko egin dioten hamahiru konpartsak, zehazki, ondokoak: Bizizaleak, Eguzkizaleak, Hau Pittu Hau, Kaskagorri, Kranba, Txinparta Feminista, Mekauen, Piztiak, Txinbotarrak, Txori Barrote eta Uribarri.

Lehendik ere mila motibo zeuden kapitalismoaren ikono behinenari boikota egiteko, baina marka honek Israelekin dituen harremanak bultzatu ditu konpartsak erabakia hartzera, Coca-Colak lantegi bat baitauka Ataroteko (Jerusalem, Palestina okupatua) kokalekuan. «Hainbat hamarkadatan, Israel, potentzia okupatzailea, modu sistematiko eta bidegabean jabetu da palestinarren lurrez, palestinarren baliabide naturalak ustiatzeaz eta palestinarren desplazamendua behartzeaz gain. Nazioarteko itun ugarik eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenek Atarotekoa bezalako asentamenduak eraikitzea debekatzen dute», gogoratu zuten konpartsek. Ekintza horren boterea ez datza soilik boikotean, festazaleari, festa giroan, erabakiaren arrazoiak azaltzean baizik. •